Isidro Esnaola

Etorkizuneko aurrekontuak, ongizatean oinarritutakoak

Zeelanda Berriak albiste izaten jarraitzen du, oraingo honetan, Jacinda Ardern lehen ministroak ongizatean oinarritutako lehendabiziko aurrekontuak aurkeztu dituelako. Proposamenak eztabaida interesgarria piztu du gizartean. Batzuek uste dute propaganda besterik ez dela. Esaten dute orain artean Ardernek egin duen bakarra –ez ditu oraindik ere bi urte bete karguan– gobernu atsegin eta garden baten irudia ematea izan dela, eta ongizatean oinarritutako aurrekontuen planteamendua politika horren adibidea dela. Beste batzuek, aldiz, ikuspegi berritzailea babestu dute.

Planteamenduaren abiapuntuak ez du zalantza asko sortzen: aberastasuna dirua baino askoz gehiago da. Ildo horretan, barne produktu gordina adierazle moduan motz gelditzen da. Gainera, eztabaida gero eta handiagoa da barne produktu gordinak benetan zer neurtzen duen gainean. Fundamentuz, ez du ezer neurtzen: ez ekonomia batek sortzen duen aberastasuna, ez ekonomia horren jarduna, ezta ekonomia horren eragina ere bere inguruan. Hala ere, ordezkorik ezean, adierazle horretara jotzen da, nahi gabe bada ere, behin eta berriz. Ondorioz, edozein aurrekontu publikoren helburu nagusia, inplizituki bada ere, barne produktu gordinaren hazkundea izaten da.

Ongizatean oinarritutako aurrekontuak martxan jartzeko bestelako adierazle bat erabiltzea erabaki du Zeelanda Berriko Gobernuak eta Bizi Estandarren Erreferentzia Markoa deitu dio. Marko horrek dozena bat esparrutako adierazleak biltzen ditu. Nagusienak osasuna, etxebizitza, diru sarrerak, ingurumena, enplegua, hezkuntza eta segurtasuna dira. Adierazle ezberdinak erabiliz, aurrekontuen helburuak ere dibertsifikatu egiten dira. Proposamenaren aurkariek diote ez dagoela inongo aldaketarik; azken finean, kalitatezko hezkuntza edo osasungintza lortu ahal izateko baliabideak behar direla eta bakarrik ondo funtzionatzen duen ekonomia batek emango dituela. Egia da baliabideak behar direla, baina auzia ez da horretara soilik mugatzen. Esate baterako, Nazio Batuetako Garapen Iraunkorreko Emaitzen arabera osatzen den munduko zoriontasun zerrendan Zeelanda Berria zortzigarren lekuan dago, herrialde nordikoen atzetik eta Australiaren aurretik. Hala ere, Zeelanda Berriak munduko gazte suizidio proportzio handienetarikoa dauka. Hori, izugarrizko gizarte arazoa izateaz gain, kalte ekonomiko handia ere bada herrialde batentzat. Horregatik, ongizatean oinarritutako aurrekontuen gaiari heldu eta 1.900 milioi dolar zeelandaberritar bideratuko dituzte osasun mentaleko zerbitzu unibertsala antolatzeko. Aurreikusten dute 325.000 lagunek erabiliko dutela hurrengo bost urteetan. Osasun metala bezala, umeen pobreziari aurre egitea, trantsizio ekologikoa sustatzea edota indarkeria matxistari aurre egitea ere lehentasun izango dira besteak beste.

Oro har horrelako ekimenek mugak badituzte ere, asko balio dute politika publikoen lehentasunak zabaldu eta hobeto finkatzeko. Genero ikuspuntutik landutako aurrekontuak dira beste adibide bat. Helburu ezberdinak zehaztea, adierazle berriak asmatzea eta ondoren ebaluazioa egitea eskatzen dute, eta inertzia burokratikoak apurtzeko oso eraginkorrak izaten dira. Ildo horretan, ongizate edo genero ikuspuntutik aurrerapenak mugatuak badira ere, baliabide publikoen kudeaketan aldaketa garrantzitsuak ematen dira; eta hori ona da gastu publikoan behar baino garrantzi gutxiago duten kolektibo guztientzat. •