Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

KIROLAK JOSTEN DITUEN «GU-AK»

Asmatzen duenean aulkian salto egitea. Huts egiten duenean aulkian salto egitea. Ezkerrarekin eman behar dionean zure esku ezkerra estutzea. Partida osoa hanka puntetan gozatzea eta sufritzea. Ura edaten duenean zuk ere zintzurra freskatzen sentitzea. Haren izerdi tantak zure kopetan erortzen sumatzea. Kirolariaren eta zalearen arteko soka gauza bitxia da; azaltzeko zaila, samurragoa ulertzeko. Eta partida nola joaten den arabera, soka hori gehiago edo gutxiago korapilatu daiteke; batzuk eta besteak elkarri txirikordatzeraino. Enpatiatik asko daukala esango nuke, bestearen azalean jartzetik. Tira, batzuetan azalean, zapatiletan eta eskuetan; begira dagoenak errazegi jakiten baitu jokatzen dagoenak zer egin behar duen. Irribarriaren besarkada kolektibo horrek asko esaten du kirolak sortzen eta josten duen «gu-az». Ez du hitzik behar. Eta «ni-a» hain modan dagoen egunotan, «gu-ak» beti dira pozerako. Amagoia Mujika Telleria