22/06/2019

Reportage
MENDE ERDIKO IRAULTZA
Asiako gerrilla komunista zaharrena, borrokarako prest Filipinetan

Gobernuarekin bakea negoziatzeko prest dagoela adierazi du Filipinetako Herriaren Armada Berriak, baina baita borrokatzeko ere. Rodrigo Duterte presidenteak gerrilla suntsitzeko agindu duen arren, gerrillariek bost hamarkadaz zutik iraun dutela ospatu eta garaipena lortuko dutela nabarmentzen dute kanpamenduetatik.

GAUR8
0622_filipinas2ona

Filipinetako mendiarteko ezkutuko bailara malkartsu batean babestuta, bizitza iraultzaren aldeko borrokari eskaini dioten 30 lagun bizi dira. Herriaren Armada Berriko kideak dira, Asiako gerrilla komunista zaharrena. Duela gutxi bete zen mende erdia gerrilla Filipinetako Gobernuaren aurka altxatu zela.

Lau orduko ibilaldi akigarria –bi baino ez trebatutako gerrillarientzat– beharrezkoa da “Melito Glor” komandoaren kanpamendura heltzeko, erreka, lokatz, palma hosto lehor eta eroritako kokoen artean. Kalabarzonen, Luzon uharteko hegoaldean, «Estatu zapaltzailearen kontra» borrokatzen dute gerrillariek.

Iluntzean iritsi behar da kanpamentura, gaueko iluntasunaren babesean, isilik eta ilaran, betiere matxino fusildunen zaintzapean. Linternak beti lurrera begira eraman behar dira, oztopoz betatako bidea argitzeko ikusiak izan gabe. Kanpamenduaren egungo kokapena behin-behinekoa da. Segurtasun arrazoiak tarteko, gerrillariak ez dira denbora asko geratzen leku berean. Gerrillako bizitzaren arauak argiak dira: beti mugitzen, beti erne.

Goizaldeko lauretan kementsu esnatzen da egunero ka Kathryn, hau da, Kathryn kamarada. «Etsaiak erasoa jo dezakeen ordua da eta denok zutik egon behar dugu», azaldu du 26 urteko gerrillari tagaloak. Hiru orduko txandetan egiten dute lo. Batzuk zaintza lanetan aritzen diren bitartean, gainontzekoek banbuz eta palmaz egindako etxoletan atseden hartzen dute. Hamaka batzuk egon badaude, baina ez guztientzat eta txandaka erabiltzen dituzte. Gehienak lurrean daude lo.

«Familia handi bat gara, denok elkar laguntzen dugu», dio Kathrynek gosaria prestatzen duen bitartean: arroz zuria eta txerri haragia. Menu bera errepikatzen da bazkarian eta afarian.

Gaurkoan, kanpamenduko errutina apurtu egin da. Entrenamendu eta diziplina militarrak jai giro lasaiago bati utzi diote tokia. Gerrillaren 50. urteurrena ospatzen ari dira. Legez kanpo utzitako Filipinetako Alderdi Komunistaren atal armatua, Herriaren Armada Berria, 1969ko martxoaren 29an jaio zen eta hainbat egunetako ospakizun ekitaldiak antolatu dituzte gerrillariek.

Antzerki lanak, herri musika kontzertuak, hitzaldiak, arma ikuskatzeak, fusilekin egindako malabarismo erakustaldiak, eroritakoei omenaldiak… antolatu ditu gerrillak Filipinetako lurralde osoan barna hedatuta dituen ehun fronte baino gehiagotan. Milaka borrokalarik iraultzak bizirik dirauela ospatzen dute.

Rodrigo Duterteren Gobernuaren arabera, 6.000 gerrillari dira. Gerrillaren beraren esanetan, berriz, «askoz gehiago». «Egoera berdina da, ez da ezer aldatu. Pribatizazioek eta politika neoliberalek herriak baliabideak galtzea eragin dute, inperialismoari emateko, bereziki AEBei. Duterteren erregimena herria mundu kapitalistari oparitzen ari da, Txinari eta Japoniari tartean», salatu du Kathrynek.

2013an sartu zen Herriaren Armada Berrian Kathryn, unibertsitatean graduatu ondoren. Unibertsitatean murgildu zen aktibismo militantean. Matrikulen garestitzearen aurka protesta egin zuen, eta, aitak lana galdu zuenean, borrokaren ezinbestekotasunaz jabetu zen.

Kathrynen aitak Gobernuak pribatizatutako lantegi batean lan egiten zuen. Lana galdu ez zuen bakarrenetarikoa izan zen, baina jardunaldia luzatu zioten soldata igo gabe. Sindikatu batera jo zuenean, kaleratu egin zuten. «Hasieran familiak ez zuen nahi ni gerrillan sartzea. Baina aitarekin hitz egin nuen azken aldian etxera ez itzultzeko esan zidan, justizia lortzeko itxaropen bakarra nintzela», azaldu du harro. Herriaren Armada Berriak, Kathrynen esanetan, ez die inolako dirusaririk ematen gerrillariei: «Gure betebeharra bizitza ematea dela uste dugulako gaude gerrillan, herria aldatu eta ditugun printzipioak defendatzeko». Hala ere, “eskualde gorrietan” lan egiten duten erakundeek diotenez, gerrillak hilean 300 dolar ordaintzen dizkie bertako kideei, batez ere langile eta nekazari pobreei.

Dirua lortzeko ustez zerga iraultzailea ezartzeagatik, “terrorista” izendatu du Herriaren Armada Berria Gobernuak, Europar Batasunak eta AEBek egin bezala. Gerrillak, aitzitik, jarraitzaileen eta kide dituzten nazioarteko erakundeen laguntzen bidez lortzen duela finantzazioa esaten du.

Jarraitzaileek arropa, janaria, sukaldeko oinarrizko tresnak eta etxolak eraikitzeko tresnak ematen dizkiete gerrillariei. Gerrillan bizitza latza bada ere, ez diote modernitateari uko egiten: goi agintariek azken belaunaldiko sakelakoak eta Apple ordenagailuak dituzte, baita satelite bidezko konexioa ere.

Iraganean Txina edo Vietnamgo alderdi komunisten babesa izan zuen Herriaren Armada Berriak, baina egun «praktikan kapitalistak» diren herriak gaitzesten ditu gerrillak. Asiako herriotan emandako marxismo-leninismoaren zein maoismoaren «errebisionismoa» salatzen dute. «Ez da komunismoa, ideologia bezala, porrot egun duena. Marxismoaren errebisionismo sistematikoak egin du porrot», dio 25 urteko ka Anse gerrillarik.

Herriaren Armada Berriko gerrillarien hiru laurdenak 35 urte baino gutxiago dituzte, Kathrynek edo Ansek bezala. Nekazari esparru pobreetan diskurtso iraultzailea sakon errotuta dagoela erakusten du horrek. «Gerrillan bizitza gogorra da, baina zoriontsua naiz herria zerbitzatzeak zapalkuntzarik gabeko gizarte libre bat eraikitzen laguntzen duelako», adierazi du Ansek. Historian graduatu ondoren sartu zen gerrillan. Ansen familia nekazariak ez zuen begi onez ikusi erabakia. «Bizitza hobea izateko irtenbidea borrokatzea dela esan nien, lurra gureganatu eta ondorengo belaunaldientzat etorkizun hobea izateko», dio. Gurasoak eta aiton-amonak errentariak dira, lantzen dituzten eremuak lur jabe handi batenak baitira.

Iraultzan maitasuna aurkitu zuen Ansek. Emaztea haurdun du, eta, horregatik, «beste kanpamendu batera bidali» dute. «Espero dut nire semeak desio dugun gizarte berria ikusi ahal izatea. Baikorra naiz. Horregatik nago hemen».

«Txikitatik nekien zer zen iraultza. Horregatik, 2017an unibertsitatea bukatu nuenean, herriaren zerbitzura jarri nintzen», adierazi du ka Isayk, gerrillako bi buru garrantzitsuren alaba. Kameraren aurrean aurpegia ezkutatu du, Poliziak ez duelako fitxatuta.

Ka Jone 34 urterekin sartu zen gerrillan, AEBetako multinazional baten lantegian etengabeko lanaldietan etxetresnak egiteaz nekatuta. «Hemen egoteak ez du parekorik. Ibilaldi luzeak egitea, gosea edo hotza merezi duten sakrifizioak dira herrikideei laguntzeko bada. Hiltzeko prest nago».

“Melito Glor” komandoaren burua Jaime Padilla da, ka Diego. 72 urte ditu eta 47 daramatza gerrillan. «Amaiera arte» jarraituko du borrokan. «Aktibista arrunta nintzen, baina Ferdinand Marcosek 1972an gerra legeak ezartzean gerrillarekin bat egin nuen, zer gertatuko zen jakin gabe», gogoratzen du irribarretsu. Ka Diego oraindik hunkitu egiten da “Internazionala” entzutean. AEBetako okupaziotik edo Markosen diktaduratik Filipinetan ez dela deus aldatu dio. «Jende gehienak zapalduta jarraitzen du, pobre izaten».

Borrokan familia ere osatu zuen ka Diegok. 1986an beste matxino batekin ezkondu zen –2015ean hil zen minbizi baten ondorioz– eta seme bat izan zuen. Semeak mugimendutik urruntzea eta «bizitza normala» egitea erabaki du.

Borrokan emandako ia bost hamarkadetan, Filipinetan izandako «gobernu erreakzionarioekin» izandako bake prozesuen lekukoa izan da ka Diego. Duterteren abiatutako azken negoziazioak behin betiko apurtu berri dira eta Gobernuak Herriaren Armada Berriarekin «aurten bertan amaitzea» agindu du. «Indar iraultzaileak bakea negoziatzeko prest gaude, baina baita Gobernu faxistaren aurka borrokatzeko ere», ohartarazi du ka Diegok, herriaren gehiengoaren babesarekin, gerrillak biziraungo duela eta sistema garaituko duela konbentzituta.

Urruneko beste kanpamentu batean, Qezon probintzian, ka Cleo, 36 urtekoa, eta ka Wenli, 40 urtekoa, elkarrekin bizi dira. Zoriontsu dira mendian eta 9 urteko semea dute. «Gerrillan sartu nintzen gure gizartearen bidegabeko baldintzak pairatzen nituelako. Koko ekoizlea nintzen, koko olioa saltzen nuen, baina dirua inoiz ez zen bizitzeko nahiko», azaldu du 2001etik gerrillaria den Wenlik. 2006tik gerrillaria den Cleo emazteak herriaren aldetik jasotzen duten sostengua nabarmendu du. «Badakite ez garela terroristak, komunitateen alde egiten dugula guztia, kartzela edo heriotza arriskatuz. Herriaren alde sakrifikatzen jarraituko dugu, orain ‘terrorismoa’ zigortzen duten zigor gogorragoei aurre egin beharko badiegu ere».

«Gerrillan bizitza gogorra da, baina zoriontsua naiz zapalkuntzarik gabeko gizarte libre bat eraikitzen laguntzen ari naizelako»

Rodrigo Duterteren Gobernuaren arabera, 6.000 gerrillari ditu Herriaren Armada Berriak. Gerrillaren esanetan, berriz, «askoz gehiago»