Amagoia Mujika Telleria

HERNANIN «IKUSIYAK» 1875-1975 BITARTEAN, ETA ARGAZKITAN JASOAK

Ehun urteko tartean Hernanin egindako argazkiekin jositako erakusketak gauza asko kontatzen ditu; herriko parajeak eta kaleak nolakoak ziren, herritarrak nolakoak ziren eta zer egiten zuten paraje eta kale horietan. Argazki zaharrek berezkoa duten mantso kontatzeko gaitasuna nabari da geldialdi bakoitzean.

Hernanin ikusiak eta argazkitan jasoak, herria eta herritarrak nolakoak izan diren irudikatzeko. Ekainaren 22az geroztik zabalik da Juantxo Egañak zuzendutako erakusketa eta ikusteko aukera izango da datorren irailaren 11 bitartean.

1875. urtean abiatzen da erakusketa, ezagutzen den Hernaniko lehenengo irudietako batekin, bigarren Karlistadan jasoa. 1875eko irailaren 17an egindako argazkian udaletxea txikituta agertzen da, bezperan izandako bonbardaketaren ondorioz bertan zegoen bolborategiak eztanda egin zuelako. Hildako asko izan ziren. Argazkia Valentin Marin nafarrak eta Hermenegildo Otero donostiarrak atera zuten. «Donostian zeuden, eta Hernanin gertatu zena jakitean, zaldi gurdi bat alokatu eta argazkia ateratzera joan ziren. Oso konplikatua zen argazki bat egitea garai hartan. Bertan emultsionatu behar zen negatibo bat erabili beharra zegoen eta emultsioa ezin zen lehortu argazkia egin bitartean, ezta errebelatu aurretik ere. Lehortu aurretik egin behar zen hori guztia. Horregatik, laborategia gurdian bertan zeramaten. Teknikoki, ez zen batere erraza argazki bat egitea», agertu du Egañak, erakusketaren komisarioak. Udaletxea berreraikitzen aritu zireneko argazki bat ere badago erakusketan; areto nagusian lan horietan aritu ziren bi arkitektoak ageri dira: Joaquin Fernandez de Ayarragaray eta Ramon Cendoya.

Erakusketa urte bereko grabatu batekin abiatzen da, “The Graphic” aldizkarian argitaratua. «Grabatua argazkiaren aurrekoa da. Garaiko aldizkari ilustratuek argazkietan oinarritutako grabatuak argitaratzen zituzten, oraindik ez zegoelako argazkiak argitaratzeko modurik. Argazkiak plantxatan inprimatzeko prozesua asmatu gabe zegoen oraindik. Hartara, aldizkariarentzat lan egiten zuen grabatugile batek argazki baten gainean bere interpretazioa egiten zuen», segitu du azalpena.

Paristik ekarritako irudiak ere badaude, Kulturako Ministerio frantsesean jasoak. «Bazen arkitekto frantses bat, Lucien, Europan barna bidaian ibili zena. Bisitatzen zituen herrietako toki enblematikoen argazkiak ateratzen zituen eta Hernanin ere izan zen. Bere argazkiak ere ekarri ditugu».

Rogelio Gordon pintorearen argazki eder bat ere bada, 1890. urtekoa, Fagollagako zubian egina. Donostiako Arte eta Lanbide Eskolako zuzendaria eta Artista Euskaldunen Elkarteko eta Eusko Ikaskuntzako kidea zen Gordon. «Bere margoak egiteko argazkiak erabiltzen zituen, argazkietatik abiatzen zen. Horregatik bere artxiboan argazki mordoa ditu, tartean Hernanikoak. Margolari askok erabiltzen zituzten argazkiak beren lanen abiapuntu modura. Are gehiago, margolari asko argazkilaritzara pasatu ziren gero».

Leokako garbilekuko argazki zoragarri batekin jarraitzen du erakusketak. 1900. urtekoa da eta egilea ezezaguna da. Detaileetan erreparatuz gero, gauza mordoa kontatzen ditu argazki horrek. Emakumeak egurrezko ontziak buruaren gainean hartuta, etxerako ura eramateko. «Erakusketan, parajeak eta herria nola aldatu diren ikusteaz gain, kontakizun soziala ere badago. Uste dut oso ondo jasotzen dela ehun urte horietako Hernaniko historia. Kontatu gabe ere geratuko dira gauzak, baina beste asko kontatzen dira erakusketan. Gainera, garrantzi berezia eman diet oinarrizko iturriei. Originaletara jo dut ahal izan dudan guztietan». Hartara, Paristik, Madrildik edota Australiatik iritsitako piezak ikus daitezke.

Kulturako Ministerio espainoletik ekarritako argazki baten aurrean paratu da Egaña. «Aurelio de Colmenares konde aberats bat zen. Bidaia asko egiten zituen, han eta hemen argazkiak egiten, eta Hernanin ere egon zen. Irudi estereoskopiko batean Hernaniko merkatuaren irudi bikaina jaso zuen. Estereoskopia 3D-aren parekoa zen. Bi objektiborekin irudi bikoitzak egiten zituen; nolabait begi bakoitzak ikusten zuena jasotzen zuten, eta hiru dimentsiotara hurbiltzen ziren horrela». Colmenaresen funtsa Madrilen topatu du.

Hernaniko elizak presentzia handia dauka argazki historikoetan. «Eliza ikusi orduko, erraz identifikatzen da Hernaniko herria dela. Egia da garrantzia izan duela argazkietan».

Fundacion Popular de Estudios Vascos. Hortik ere jaso ditu argazkiak erakusketarako Egañak. «PP alderdiaren funtsa da eta argazki historiko mordoa daukate jasoa bertan. Erakusketarako lau bat argazki utzi dizkigute».

Indalecio Ojanguren argazkilari eibartarraren argazkiak ere badaude. «Fototipia Thomas izeneko etxe baten enkarguz egin zituen Ojangurenek argazki horiek. Gero, argazki horietatik postalak egiten zituzten. Euskal Herriko herri askotako postalak egin zituzten eta normalean argazkilari sonatuei egiten zieten enkargua. Arretaz begiratuz gero, argazki batzuetan igartzen da zerua borratu egiten zutela, postalak garbiagoak izateko».

Argazki erakusketa bat prestatzen hastean, han eta hemen aritzen da komisarioa argazki bila. «Batzuetan, ezusteko ederrak topatzen dira. Aranzadi Zientzia Elkartean aipatu zidaten bazutela Hernaniko argazkiren bat, sendi batek emana. Eta horrelaxe topatu nuen Epeleko Etxeberri jatetxearen kanpoaldeko bazkariaren argazkia. Ez dira kalitate handiko irudiak, baina gauza asko kontatzen dituzte; Urumea, familia bazkari bat, jende aberatsa, jantziak, aisialdia...».

Donostiako Ricardo Martin eta Pascual Marinen argazkiak ere badaude. «Bi argazkilari horiek erreportaje sozialak egin zituzten. Hainbat aldizkari eta egunkarirentzat lan egiten zuten eta fotokazetaritzara gerturatzen ziren gehiago. Benetan argazki interesgarriak egin zituzten».

Garaiko Hernaniko argazkiek ez ezik, garaiko hernaniarrek ere badute tokia erakusketan. Eltzekondo borrokalaria askotan izaten zen garaiko aldizkari grafikoetako protagonista, adibidez. Eta berdin Txirrita, Jose Ignacio Ansorena, Gabriel Celaya, Manuel Yaben edota Elias Querejeta. Horien berri ere badago. Adibidez, erakusketan bada argazki berezi bat, 1945. urtean Ziburun egina. Bertan agertzen da Florentino Goikoetxea, euskal mugalaria, belauna zaurituta. Argazkia Australiako hegazkinlari batek atera zion eta Australian War Memorialean topatu du Egañak. «Australian topatu genuen argazki hori. Comete sarearen hariari segika topatu nuen eta sekulako poza eman zidan. Egia da argazkia lortzeko prozesua luzea izan dela, baina lortu dugu. Horrelako aurkikuntzak sekulakoak dira», kontatu du Juantxo Egañak.

«Garrantzi handia dauka hor zehar barreiatuta dagoen material grafikoa biltzeak. Erakunde publikoek ardura daukate eta ahalegin handiagoa egin beharko lukete norabide horretan. Beste estatu batzuetan, frantsesean kasu, askoz lan handiagoa egiten dute material grafikoa berreskuratzen. Eta dirua inbertitzen dute horretan, jakitun direlako argazki horiek herriaren memoria direla. Hemen kultura hori ez dago hain errotua eta lan handia egin beharra dago».

Memoriaren garrantzia

Garai bateko argazkiek eta egungoek ez dute antzik. Batetik, jendearen jarrera desberdina da. Lehen, gauza handia zen argazki bat egitea, solemnitatea eta denbora eskatzen zituena –esposizioak luzeak ziren eta ohikoa da argazkietan jendea mugituta ateratzea–. «Negatiboak ere askoz handiagoak ziren lehen eta horregatik daukate hainbeste kalitate garai bateko argazkiek. Lan artistikoa, artisaua eta teknikoa zela esango nuke. Denbora eskatzen zuen, eskuz egiten zen eta teknikoki abilezia behar zen», azaldu du Egañak.

Komisarioaren ustez, une batetik aurrera argazkiak izatearen garrantziaz jabetzen hasten dira herritarrak. «Nik uste dut konturatzen direla hildakoan, argazkiak baino ez direla geratzen; argazkiek memoria osatzen dutela. Hortik dator hildakoei argazkiak ateratzeko ohitura. Batzuen kasuan, bizitza osoan zuten argazki bakarra horixe zen, hil ondoren egindakoa. Haur txiki bat hiltzen zenean, etxe askotan ohitura zegoen haurra jantzi, aulki batean eseri eta argazki bat ateratzeko. Izan ere, argazki horixe izango zen betiko geratuko zitzaien oroitzapen bakarra».