Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Ultrazentroa


Harrabotsa sortu du Espainian Ciudadanos alderdiaren jokaerak azken asteotan. Batetik akordioak egin ditu neo... beno ez, betikoekin. Betiko frankistekin esan nahi dut (baina beste betikoak ere... enpin). Bestetik, performance biktimista nazkagarri bat egin du Stonewalleko matxinadaren urteurreneko ospakizunetan. Eta artikulua idazten dudan bitartean Armada Gorriaren kantak entzuten, ni ere nostalgiko ote naiz? Barka beza irakurleak, baina beroari aurre egiteko sobietar doinuek lagun zezaketela pentsatu dut. Ez du funtzionatu.

Funtzionatzen ez duen beste zerbait honako da: ultrazentroa barregarri uzten saiatzea. Izan Ciudadanos edo izan euskal kristaudemokrazia, guretzat kontraesanak direnak beraientzat eguneroko ogia dira. Eta azkenean betikoekin iristen dira akordioetara. Eta aldaketaren aldekoei faxista deitzen digute. Gauza bat esan eta kontrakoa egin, bata pentsatu eta aurkakoa esan. Eta hori guztia lasai antzean, behin eta berriro. Alferrikakoa da Ines Arrimadasi gogoraraztea ez datozela bat bere erretorika eta bere praktika. Berdin Azpiazu sailburuari. Espero aurten aurrekontuen joan-etorriarekin inork jendea ez asperraraztea eta beste behin Eusko Jaurlaritza eta bere koalizio ultrazentrokoa ez berrindartzea.

Hipokrisiaren enegarren adibidean, han joan da Esparza Madrilera, PSOEri Nafarroako Gobernua eskatzera, nori eta Espainia apurtu nahi omen dutenei. Eta Erkoreka presa sartuz, egin dezatela Gobernua, berdin dio norekin, baina AHTren dirua orain! Jokoan dagoena boterea zalantzan ez jartzea da. “Euskadi, auzolana”. Entzuten dudan bakoitzean autoan oihuka hasten naiz... «Barrikadetara, barrikadetara» diostate sobietar ahotsek eguzkiak urtuko nauenean. Kazetariek Europar Batasuneko karguen karta-jokoa komentatzen pasa dute aurreko astea. Interesgarria bailitzan. Neoliberal fanatiko bat, interes militarrei lotutako pertsonai bat eta, Ramon Solak ederki deskribatu bezala, estatuaren hooligan bat jarri dituzte buruan, prentsak bi emakume eta espainiar bat zirela aditzera ematen zigun bitartean. Azalekoa komentatzen, analisia alboratuz hitz-jario etengabean.

 

Eta kontua da, ekainaren 28ko urteurrenaren harira, azalekotasunari kritika ere haizatu dela, aipatu Ciudadanosen hipokrisiari lotuta. Azaleko harrotasun desfileak omen daude, eta benetakoago manifestazioak. Merkantilizazioari kritika gorabehera, lehenari ez nioke nik garrantzirik kenduko. Aspaldiko partez, normaltzat jotzen dute gero eta gaztetxo gehiagok kalean beren iritzia adieraztea: nahi duzunari musu eman, erasorik gabeko jaiez disfrutatu edo ingurune ez kutsatu batean bizi. Bizitzako oinarrizko elementuak lehen lerroan daude, maitasuna eta osasuna. Horien beharrezkotasuna barneratzen badute, erraz, harro eta tinko mobilizatuko dira laster gazte horiek, sistemak oinarrizko ase-beharren aurka duen grina beren gorputzetan sumatuko baitute. Eta bai, ziur barrikadetan elkar ikusiko dugula. Eta ultrazentroa beste aldean egongo da.

Post data: Beste urte batez, gazteek erakutsi digute nola herria eraiki. Euskal Herria Zuzenean mundiala izan da, bejondeizuela!! •