Juantxo EGAÑA

1983ko Errenteriako txupinazoa poliziak bota zuen tiroka

Txema Ormazabal
Txema Ormazabal

1983. urteko uztailaren 21a zen eta jende andana ari zen Errenteria erdialdera gerturatzen, jaien hasiera iragarriko zuen txupinazoa ikusteko asmoz. Era berean, Poliziaren furgonetek eta tanketek hartua zuten herriaren sarrera. Txupinazora gerturatu zirenen artean kalez jantzitako hirurogei bat polizia zeuden, eskuan egunkariak hartuta. Egunkari horietan ezkutatuta zituzten borrak, makilak eta kateak, geroago txupinazoaren zain zeuden herritarren kontra modu bortitzean eta indiskriminatuan erabili zituztenak. Dozenaka zauritu eragin zituzten, garaiko komunikabideek jaso zutenez. Urte hartako jaiak bertan behera geratu ziren. Goiko argazkiak poliziak udaletxeko balkoitik tiroka hasi ziren unea jasotzen du. Argazkia Txema Ormazabal donostiarrak egin zuen, hainbat komunikabiderekin kolaboratzen zuen argazkilariak, “Zeruko Argia“, “Egin”, “ERE”, “Interviu”, “La voz de Euskadi”, “Punto y Hora de Euskal Herria” eta “Euskadi Sioux” agerkariekin, besteren artean.