Amaia Urrejola
Sexologoa eta psikologoa Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolan

Sexua gara eta ez sexuaren biktimak

Badirudi sexuaz mintzo bagara, gizonen gozamenaz eta emakumeen sufrimenduaz ari garela. Egia da bortxaketen eta sexu askatasunaren aurkako delitu gehienak emakumeek sufritzen dituztela. Kasu gutxi batzuetan, gizonek. Matxismoak, batez ere baina ez bakarrik, emakumeei egiten dielako eraso. Hala ere, komunikabide patriarkaletan, gizonezkoa bada bortxatua, ez da “sexu” terminoa aipatzen. Aldiz, emakumea bada, “sexu erasoaz” hitz egiten da. Hau da, emakumeen kasuan, “sexu” hitza azpimarratzen da. Hortaz, emakumeen bortxaketak sexuarekin nahasten dira, eta, gizonenak, delituarekin lotzen dira.

Errealitate horrek, bi arazo mahai gainean jartzen ditu. Alde batetik, gizonen ahotsak sinesgarritasun gehiago duela eta gizonen baietza adostasunean oinarritzen dela. Hots, eraso bat sufritzean, gizonaren testigantzarekin nahikoa da gertatutakoari bortxaketa etiketa jartzeko eta sexuarekin ez nahasteko. Bestetik, erasoa jasan duena emakumea baldin bada, emakumezkoaren baietza baimenean oinarritzen da eta bere testigantza gutxietsi egiten da. Ondorioz, bortxaketaz baino baimendu gabeko sexu harremanez hitz egiten da eta sexua, emakumeentzat, leku arriskutsu bilakatzen da.

Sexu harremanak ez dira baimentzen, adostu baizik, komunikazioaren bidez eta errespetuan oinarrituz. Horrekin batera, sexuen arteko adostasunak eta topaketak, sinergikoak eta erotikoak izan daitezke. Aldiz, sexuen arteko desadostasunak eta bat ez etortzeak, errealitatean, ezin dira inolaz ere erotikoak izan. Baina, gure gizartean, emakumeek sufritzen dituzten sexu erasoak erotizatzen jarraitzen dugu. Azken finean, gure esperientziak eta bizipenak aintzat hartzen ez direlako eta bortxatu daitezkeen eta ezin daitezkeen emakumeen sailkapena existitzen delako. Izan ere, “benetako emakumea” kategoria ez dutenek eraso egin dietela salatzen dutenean, prostitutek kasu, bortxaketa eman dela ezeztatzen da.

Horrez gain, sexua gizonentzat leku seguru eta gozagarria da, emakumeentzat, berriz, kontrakoa. Sexua gara eta ez sexuaren biktimak. Eta ikuspegi hori transformatu eta parekatu arte, aurreko irakurketa guztia ezingo dugu aldatu. Emakumeak pertsonak eta sexudunak garela behingoz aitortu beharra dago, trantsizioarekin amaitu, alegia. Izan ere, gure gorputzak plazererako diseinatuta daude, gozamena atsegin dugu, desioak eduki eta adierazten ditugu, negoziatzeko beharra dugu eta azken hori, bakarrik, adostasunean eta parekotasunean eman daiteke. Horretarako, sexuan, sexuen heziketa funtsezkoa da. Euskal ikasleriarentzat, kalitatezko sexu hezkuntza programa integralak eta egonkorrak bermatzea, hain zuzen. Ikuspegi pedagogikoa garen sexuan oinarrituz eta identitateak eta biografiak zentroan kokatuz. Hots, sexua, berdintasuna eta aniztasuna bezala, sustatu beharreko balio gisa sozializatuz. Funtsean, sexuen arteko diferentziak eta elkarbizitza kudeatzeko baliabideak eskaintzea eta emakumeen sexualitatea gozamenarekin eta segurtasunarekin lotzea.

Beraz, Skolae proiektua babestu eta goraipatzeaz gain, ukaezina da Euskal Autonomi Erkidegoan ere beharrezkoa dela. Hau da, ordezkari politikoei eta, zehazki, hezkuntza departamentuari, exijitzeko garaia iritsi da. Sexua ezin delako politikarekin azaldu, baina defendatu daiteke. •