Pello Otxandiano

Fase aldaketa Nafarroan

Espainiako gobernu osaketa saio frustratuak eman du zeresanik. Egia esan espektakulu zinez tamalgarria izan da edonondik begiratuta ere, parlamentarismorik okerrena. Zerbait agerian gelditu bada Espainiak koiunturaren kudeaketa prekarioenean jarraitzen duela da, oinarrizko adostasunak urruti daudela estatu-krisiaren kudeaketa molde baterako. Izan ere, sistema politikoaren ezegonkortasuna krisiaren beste adierazpen bat da. Sanchezek berak iragarri zuen udazkena bero datorrela: Brexita eta buruzagi independentista katalanen kontrako epaia. Gaur, ez dirudi Podemosek Portugaleko gobernugintza moldea onartuko lukeenik, eta, Nafarroako gobernu osaketaren ondoren, ezinezkoa dirudi PP edo Ciudadanos abstenitu daitezkeenik. Hauteskunde berri batzuen atarian egon gaitezke beraz, klima baino beroago datorren udazken honetan.

Independentismoak ondo irakurri behar du garai hau: zer diren XXI. mendeko gizarteak eta nolakoa den estatuen krisia. Posizioen gerran burua hotz behar du irabazitako lubaki bakoitza bermatu eta lubaki posible berrien bila abiatzeko. Aste honetakoak dira Boris Johnson eta Nicola Sturgeonen arteko bilera eta Sinn Feinen deia erreferendum baterako. Burujabetzaren eztabaida erdigunean da krisi-aroan. Euskal gizartearen dekantazio independentistarako baldintza objektibo inoiz ezagutu gabeak bil daitezkeen fase historiko baten atarian egon gaitezke. Horregatik, inoiz baino gehiago, pragmatismo iraultzaileak gidatu behar du euskal independentismoa. Ez baita jauzi kualitatiborik izango pazientziaz eta sistematikoki egindako lanik gabe. Badu zeregina estatuengandik etorriko diren frustrazioak ondo kudeatzen eta oinarri programatiko eta sinbolikoak berritzen.

Norabide horretan, EH Bilduk Nafarroan hartutako erabakiak heldutasuna adierazten du. Erabaki zaila zen, inteligentzia emozional handia eskatzen zuen zurrunbiloaren erdian eztabaida sosegatu bat egiteak, eta seriotasunez eta txukun hartu da erabakia. Gobernu honen osaketarekin beste fase bat irekitzen da, orain arteko bidearen segida oparoa izan daitekeena, beti bezala, gauzak ondo egiten asmatzen bada, noski.

Gaur bitan banatzen da Nafarroako joko-zelai politikoa: batetik, esparru dei dezagun progresista, eta, bestetik, eskuin espainiazale erreakzionarioa. Hauxe da azken urteetako borrokaren emaitza behinena, konkistatutako lubaki bat: erregimena puskatu egin da. Gaur, PSNk ezin du UPNrekin lerratu hautu nabarrista espainiazale erreakzionario baten alde. Aitzitik, behartuta dago hain justu eskuin erreakzionarioaren parez pareko hautu bat lideratzera bazkide berriekin. Ondorioz, eskuin erreakzionario hori Ciudadanos eta VOXekin lerratu da estrategikoki erabili duen eta hegemonikoa izan den diskurtso foralista bera auzitan jarriz. Eta hori konkistatutako lubaki bat da, ezbairik gabe, EH Bilduren erabakiak bermatu egin duena.

Aldaketak gizartean neurtu behar dira, hegemoniaren lehia borroka kulturala baita. Orain arteko bideak eman du emaitzarik, aukera berriak sortu ditu. Eta, ondorioz, aldaketa-erregimena markoa agortu egin da, eman du eman zezakeena. Orain, konkistatu beharreko lubaki posible berriak definitzeko garaia da. Hegemonia nafar aurrerazale-soberanista-errepublikano berri baten eraikuntzarako kanpaleku nagusia jarri bada, orain lehen kanpalekua non jarri nahi den pentsatzeko garaia da.

EH Bilduk posizio pribilegiatua izan dezake gobernu berriaren osaketarekin marraztu den joko-zelai honetan. Sarritan erabili du “hanka bat instituzioetan eta beste bat kalean” lema; bada, datozen lau urteetan praktikara eramateko aukera polita du. Gobernuko indarrek bere babesa beharko dutelako programa aurrera ateratzeko, eta beraz, eskuak libre izanik, gobernugintzaren eztabaida politiko-ideologikoak lideratu ditzakeelako. Eta bestetik, gobernu ardurarik gabe, kalean egin beharreko lan politikoan indarrak biderkatzeko aukerak izango dituelako. •