Sara Gomez Armas (Efe)
POBREZIA HIRIAN

Manila ikusezinean milioika pertsona bizi dira zaborraren eta indarkeriaren artean

Milioika pertsona bizi dira pobrezia gorrian Manilan, miseriatik ihes egiteko aukerarik gabe. Txabolaz jositako «slum» erraldoietan, zaharkitutako eraikin handietan edota hilobien artean metatzen dira milaka familia, malnutrizioaren eta indarkeriaren artean, asko zaborretik nola edo hala janaria lortzera kondenatuta.

Jayaan Cabaniogen bizimoduak okerrera egin du azken urtean, lan egiten zuen zabortegia itxi zutenetik, zabor-olde batek 300 pertsona hil ondoren. Bere senarra drogak edukitzeagatik kartzelan da –shab anfetamina merkearen gramo batzuk zituen harrapatu zutenean–, eta bera bakarrik arduratu behar da hiru seme-alabez. Haiekin nekez bizi da Payatas slum edo txabola auzoan, Manilako ipar-ekialdeko legez kanpoko kokagune baztertua.

Zabortegiko hats toxikoek lau hilabeteko beste seme bat hil zioten, baina 37 urteko Jayaanek zaborrean bilatu eta bere amak bidaltzen dion dirua onartu beste irtenbiderik ez du. Princess, alaba txikia, elkarte erlijioso batek antolatzen duen elikatze programara joaten da astean lautan. Jolastu, abestu, otoitz egin, eskulanak egin eta jan egiten du bertan. Oilaskoa, arraina, txerrikia edo barazkiak ematen dizkiete haurrei eta janaria etxera eramaten uzten diete, senideek ere jateko zerbait izateko.

Zabortegien ondoan eraikitako Manilako auzoetan, biztanleek sarri pagpag zopa janez baretzen dute gosea, hau da, zaborretako oilasko zatiez egindako zopa itxurako jakia. Bada, baldintza izugarriotan bizi dira 10.000 lagun Payatasen. Haien seme-alabak eta beste txabola auzoetakoak dira Filipinetan malnutrizioa pairatzen duten adin txikikoen gehienak (haurren %20).

Munduko slum eremu handiena dago Manilako metropoli esparruan. Ez dago datu ofizialik, bakarrik txaboletan lau milioi pertsona bizi direla dioten kalkuluak, hiriaren populazioaren herena. Hiri garapen eredu hori Asiako hego-ekialdeko beste hiriburu handietan ere ematen da, baina Filipinak dira eskualdean ezberdintasun handienak dituen herrialdea. Populazioaren %1ak bereganatzen du nazioaren aberastasunaren erdia. Bestalde, herritarren bosten bat, 22 milioi filipinar, egunean bi dolar baino gutxiagorekin bizi dira. Klase ertainekoak –egunean 15 dolar baino gehiago dutenak gastatzeko– ez dira %9,2ra iristen, oso datu baxua eskualdeko beste herrialdeen aldean: adibidez, Malaysia (%65), Thailandia (%35) edo Txina (%20). Munduko Bankuak berak emandako datuak dira.

Filipinek hazkunde ekonomiko sendoa izan dute azken urteotan, 2012etik %5aren gainetik, baina horrek ia ez du eraginik izan pobreziaren murrizketan edo Jayaan edo bere auzokide Elena Valeñaren bizitzan. «Zaborrean, edozein tokitan bilatzen dugu janaria. Ez dago guretzat lanik», azaldu du, etsita, Elenak. Senarrarengandik bananduta, dituen zazpi seme-alabetatik berarekin bizi diren bostak elikatzeko borrokatzen du egunero. Txabola txiki batean bizi da, zabor poltsen artean koltxoi bat eta gasezko su txiki baterako baino tokirik ez duena.

Zabortegian bildu duenarekin oraindik ez du lortu Elenak asteko arrozerako behar duen dirua. Ondorioz, bere 22 urteko seme Szedricek, arratsaldez ere zaborra miatzen jarraitu beharko du. Zorionez, Sheenak, 5 urtekoak, ondo jan du mojekin.

2017an zabortegia hamar kilometrotara eraman zuten, baina oraindik ere zabor-kamioek auzoa zeharkatzen dute. Pasatzen direnean, auzokideak gero etxean aztertzen dituzten poltsak betetzen ahalegintzen dira; berrerabilgarria dena banatu eta garbitu egiten dute. Plastikoz eta lataz bi zaku betetzea lortzen badute, 1,5 euro ordaintzen diete.

«Zabortegirik gabe bizitza zailagoa da guretzat», onartu du Jayaanek. Zabortegiarekin ez zuten bakarrik dirua lortzen, baita askotariko tresna eta altzariak ere, adibidez sofa edo mahaia zaharkituak edo armairu gisa erabiltzeko moduko hozkailu hondatuak.

Apaingarri bilduma benetan bitxiak ere eskuratzen dituzte auzokideek zabortegitik bertatik: portzelanaz egindako elefanteak, plastikozko loreontziak, jada ez dabiltzan erlojuak, pelutxe piloa...

Miseria nagusi hirietan

Filipinetako 106 milioi biztanleetatik %21 dira pobreak, herrialdeko Estatistika Institutu Nazionalak 2018an emandako datuen arabera. Bada, hirietan bizi diren behartsuak dira pobreen artean pobreenak.

Politikoek ahaztuta, erabat ikusezinak dira egurrezko, aluminiozko edo kartoizko txabolak ahal duten tokietan altxatzen dituzten herritarrok, zubien edo autobideen pean, trenbideen ondoan, ibai ertzetan, baita zabor artean ere. Tifoien, uholdeen edo lurrikaren oldarraldiak beste inork baino gehiago sufritzen dituzte eta, ondorioz, maiz zerotik hasi beharra izaten dute ebakuazio guneetan.

Rodrigo Duterteren Gobernuak, legealdiaren bukaeran, 2022an, pobrezia tasa %14ra jaitsi nahi du. Horrek esan nahi du pobreziatik sei milioi filipinar ateratzea. Pobreziaren Aurkako Batzorde Nazionalaren lanak landa eremuetan pilatzen dira, bertan bizi baitira pobreen hiru laurdenak. Hala ere, 2019-2023 aldirako lan plangintzan onartzen duenez, «hirietako pobreziak erakusten ditu desberdintasunaren irudi krudelenak».

«Slum-etako pobrezia bere horretan mantentzea Filipinetan nagusi den ustelkeriaren eta politikoek egiten duten baliabideen erabilera okerraren ondorioa da», salatu du Carlos Conde Human Rights Watch erakundeak Filipinetan duen ordezkariak.

Giza eskubideen urraketa eta pobreen «biktimizazio bikoitza» premiazko arazoak dira. Izan ere, oinarrizko beharrak betetzerik ez izatez gain, beste arazo larri bat ere bizi dute pobreek: gizarteak baztertu egiten ditu txiro izateagatik, lana ez izateagatik, hezkuntzara sarrera ez izateagatik edo talde kriminalek agintzen duten auzoetan bizitzeagatik.

200.000 lagun milia karratuko

Manilako ipar-mendebaldean, aberatsen eta pobreen arteko muga zehazten duen Pasig ibaiaren beste aldean, Tondo barrutia dago, 700.000 biztanle ingururekin. Munduko populazio dentsitate handieneko esparrua da, 80.000 bizilagun inguru milia karratuko; toki batzuetan 200.000 ere metatzen dira.

Tondon, zabortegi bezala erabiltzen zen menditxo batean, XX. mendeko 50eko hamarkadan sortu zen Smokey Mountain (“Kea Darion Mendia”), Manilako slum ezagunena eta hirian nagusi zen miseriaren ikurra. Landa eremuak uzten zituzten milaka filipinarren etxea izan zen hamarkadetan zehar, 1995ean zabortegia itxi zuten arte.

Jennet Katipunan, 40 urtekoa, 1990an joan zen bizitzera bere familiarekin barrutian tenemen gisa ezagutzen diren 27 eraikinetako batera; Gobernuak 80ko hamarkadan eraiki zituen etxebizitza sozial xumeok Smokey Mountainen bizi zirenentzako. «Etorri ginenean ez zegoen ez urik ezta argi-indarrik ere. Gero, pixkanaka-pixkanaka gauzak lortzen hasi ginen. Toki atsegina ere bihurtu zen. Baina egun eraikinak erabat hondatuta daude. Euria egiten duenean ura sartzen da eta zikinkeria da nagusi», azaldu du.

Hondatutako fatxadak, itoginak, apurtutako eskailerak, herdoildutako barandak, gainezka dauden estolda-zuloak… ohikoak dira egun tenemen eraikinotan. Bakoitzean 600 familia inguru bizi dira, hasiera batean 200 familia hartzeko sortu baziren ere. Teilatuetan ere txabolak altxatu dituzte eta hasierako apartamentuak handitu egin dituzte erdiko patioari lekua kenduz.

Jannet apartamentu txiki batean bizi da. Lehen bera, hiru anai-arreba eta gurasoak ziren, baina egun hemezortzi pertsona bizi dira bertan. Ahizpa nagusiak, 41 urtekoak, hamar seme-alaba ditu, eta berriro dago haurdun. Bi ahizpak, euren senar eta haurrekin batera, jatorrizko etxebizitzan bizi dira. Gurasoak eta eta anaia teilatuan eraikitako etxola batean bizi dira.

Jannet eta ahizpa garbitzaileak dira; senarrak, kamioi gidariak; azkenik, anaiak olioa salerosketan egiten du lan. Guztien artean jateko eta txikienek ikasteko nahiko diru biltzen dute behintzat. Ez da gutxi, Munduko Bankuaren arabera Filipinetako etxe pobreenetan soilik %31k amaitzen dutelako bigarren hezkuntza eta %2k goi mailako ikasketak. Axellow Aligado, 18 urteko Jenneten iloba, da ikasketetan aurrera egin duen gutxi horietako bat. Unibertsitatera joatea lortu duen lehena da familian; oraingoz, hori bai, Ekonomia karrerako seihileko bat baino ez du egin, ezin izan duelako ordaindu hurrengoaren matrikulak balio dituen 12.000 pesoak (200 euro). «Familiarentzako etxe handiagoa erostea gustatuko litzaidake», onartu du Axellowek. Kontable bilakatu eta slum-a atzean uztea du amets.

Baina horrelako auzo batean jaioz gero, ia ez dago aukerarik. Estatistika ofizialen arabera, 3,8 milioi haurrek ez dute hezkuntzarik jasotzen. Ezkontza goiztiarrak eta familia arazoak izaten dira eskola uzteko arrazoia kasuen %42an (%60 nesken artean), eta ikasketak ordaintzeko diru falta %20an.

Arazoak arazo, populazioaren hazkundea ez da geratzen. Katolizismoaren pisuaren, sexu heziketa ezaren, antisorgailuen gaineko tabuaren eta abortuaren jazarpenaren eraginez, Asian ugalkortasun handieneko herrien artean daude Filipinak. NBEren arabera, emakume bakoitzak hiru seme-alaba izaten ditu batez beste, baina, errealitateak erakusten duenez, auzune pobreenetan arrunta da hamar seme-alaba edo gehiago izatea.

Gobernuaren arabera, 2,5 milioi lagun mugituko dira hiriburura lan bila datozen hiru urteetan. Arrazoizko prezioa duten etxebizitza duinen faltagatik, gehienek slum-etan amaituko dute. Pentsa, Smokey Mountain zegoen menditxoan bertan ere hasi dira kokatzen batzuk, egun zaborrik ez dagoen eta gunea oraindik toxikoa den arren. Horietako bat da Michael Kucipac, 36 urtekoa. Emaztearekin eta hiru seme-alabekin egurrezko txabola xume batean bizi da, urik gabe eta legez kanpo sare elektrikoari konektatuta. «Lan hobe baten bila, etorkizun hobe baten bila etorri nintzen Manilara», onartu du.

Indarkeria eta inpunitatea

Indarkeria nagusi da auzuneotan, bereziki iluntzea heltzean. 2016 eta 2018 bitartean, Duterteren agintaldiaren lehen urteetan, delitu txikien kopurua jaitsi egin zen, baina hilketak %80 igo ziren, Poliziaren beraren datuen arabera. Askok “drogen aurkako gerra” polemikoak sortu duen inpunitateari egozten diote igoera hori.

Tondo eta Binondoren mugan, duela mendi erdi Delpan sortu zen, erortzear daudela diruditen etxez osatutako auzoa. “Drogen aurkako gerraren” hasieran, bertako kaleak exekuzio estrajudizialen agertoki izan ziren. Sarri errugabeenak, biktimen abokatuek eta giza eskubideen taldeek frogatu dutenez. Kanpaina beldurgarria hasi zenetik, 27.000 pertsona baino gehiago hil dituzte, Nazio Batuen arabera. Poliziak, berriz, 5.000 hildako inguru baino ez ditu aitortzen.

Delpan bizi da duela 35 urte Benvenido Razon, zazpi seme-alaben aita eta hogei iloben aitona erretiratua. Semeek lan prekarioak bata bestearen atzean pilatzen dituzte. Emazteak etxean prestatutako janaria saltzen du kalean. «Ni merkatura joaten naiz erosketak egitera», azaldu du. Delpan bere familiarentzako «toki segurua» dela dio, prentsan auzoa soilik delitu eta droga auziekin lotuta agertzen bada ere.

Amelyn Rolojok ere gustuko du Delpan, nahiz eta semeak kaleak bakarrik ibiltzearen beldur dela onartu. Senarrak kamioilari gisa lan egiten du eta egunean 400 peso inguru (7 euro) irabazten ditu. Auzoko errealitatea kontuan izanda, dirutza da. «Manilan askoz errazagoa da dirua egitea gure herrian baino. Hemen familia ondo dago, ez gara gose behintzat. Egunean hiru otordu egiten ditugu», azaldu du.

Eragindako suteen beldur

Manilako metropolia osatzen duten hamasei hirietako bat da Quezon. Bertan, etxe-orratzen artean, San Roque dago. 5.000 familia inguru bizi dira legez kanpoko kokagune horretan; 20.000 izatera ere iritsi ziren.

Ayala Land enpresak, Filipinetako familia aberatsenetariko baten esku den enpresa eraikitzaile erraldoia, San Roque kokagunearen jabetza aldarrikatzen du. Auzokideak kaleratu eta bertan barruti finantzario moderno bat eraikitzea du xede. 2010ean hasi ziren eraispen masiboak. Gobernuak bezala, Ayala Land enpresak ere ez dio adierazpenik egin nahi izan Eferi bere aurkako salaketen inguruan.

«Ez gara bakarrik eraispenen beldur. Suteek ere kezkatzen gaituzte. Bederatzi aldiz saiatu dira gure etxeak erretzen», salatu du Estrelieta Bagasbasek. 30 urtez etxe izan duen kokagunea salbatzeko borrokan ari diren San Roqueko auzokideen burua da. 16 urterekin iritsi zen Manilara, etxe langile moduan aritzeko; bere soldata egunean janari plater bat jasotzea zen. Gero San Roquera joan eta ezkondu egin zen. Merkatuetan saltzen zituen barazkiak lantzen gogor egiten zuen lan, senarraren kolpeak jasaten zituen bitartean. Kaleko liskar batean hil zen.

Alargun izanik, 1988an atzerrian bizimodua ateratzen saiatu zen Estrelieta, txabola auzoetako bizilagun askok egiten duten bezala. Itzuli zenean etxean egindako janaria saltzeari ekin zion. Arroz pastela zen bere berezitasuna. «500 peso (8 euro) irabazten nituen egunean. Garai zoriontsuak izan ziren, baina eraispenak hastean dena okertu zen». Izan ere, Estrelieta bezeroak galtzen hasi zen San Roqueko komunitatea txikitu ahala. Orain janaria prestatzeari utzi dio artrosia dela-eta.

Federico Indicio auzokideak, 50 urtekoa, guztiz etsita ikusi zuen otsailean suak bere etxea nola irensten zuen. «Bizi izan dudan gauzarik mingarriena izan zen, familia egoera horretan ikustea izugarria izan zen», azaldu du. «Ez zen sutik ezer salbatu, soinean generamana bakarrik», gogoratu du.

Orain kale gorrian bizi da, emaztearekin, lau seme-alabekin eta lau bilobekin, etxea izan zenaren errautsen gainean. Ez du ostaturik onartu nahi, presioari amore eman zioten auzokideak hiritik kanpo eraman zituztelako, «lanik ez den beste probintzia batera». Asko itzuli egin dira jada.

Suteak, baina, ez dira San Roqueko kontua soilik. 2018an bakarrik, hiriburuan 4.700 izan ziren, Suen Kontrako Bulegoaren arabera. Horietako asko eta asko hedapen urbanistikoak mehatxatutako auzuneetan gertatu ziren ziren.

Hildako artean jaio eta bizi

Filipinetako hiriburu gainpopulatu eta masifikatuan, bizitzeko gune bat lortzeko borroka latza da. Milaka familiak hilerrietako mausoleoen artean aurkitu dute etxea. Michaela Sipalay duela 15 urtetik bizi da Pasayko hilerrian, hiriaren hegoaldean. Bere lana etxebizitza dituen bost horma-hilobiak garbitzea da. Bakoitza garbitzeagatik hilean 50 peso (0,85 euro) irabazten ditu.

Hilobi handienaren gainean egurrezko txabola bat eraiki du Michaelaren familiak. Bertan egiten du lo 5 urteko alabarekin. Luxu bakarrak telebista zahar bat eta haizagailu bat dira. Desgaitasun intelektuala duen 12 urteko beste alabak eta 70 urteko amak plastikozko olanez ohe bihurtutako ehorztokietan egiten dute lo.

«Bizitza gogorra da hemen. Gauez leku arriskutsua da, jende arriskutsua sartu-irtenean ibiltzen da. Droga kontuetan aritzen dira», azaldu du Michaelak. Hilerriko hormak inguratzen dituen errepidean amak biltzen dituen limosnei esker bizirauten dute. «Gaur 200 peso (3,5 euro) lortu ditut. Beste egun batzuetan gutxiago izaten da. Eta noiz edo noiz ogia edo freskagarriak ematen dizkidate», adierazi du Asuncionek. Bi makuluren laguntza behar du ibiltzeko.

Duela urte batzuk ama-alabak «apartamentu polit batean» bizi ziren, alokairuan, hilerritik gertu. Baina Micaelaren aita, familiaren sostengua, bat-batean hil zenetik gauzak okertu egin ziren. 24 urterekin ikasketak utzi behar izan zituen eta hilerrira joan beharra izan zuten ama-alabek.

Eguna argitzearekin bat, ezinegona zabaldu da hilerrian. Goizaldean auzokide bat hil dute. Drogekin zerikusia duen mendekuzko hilketa bat izan dela uste dute denek. Dozenaka auzokide gerturatu dira hilketaren gunera; gorpua altxatzeko Poliziaren diligentziak jarraitzen ari dira. Biktimaren neska-laguna ospitalean da, bera ere zauritu baitute tiroz.

«Carla eta Mac-Mac dira. Nire lagunak», adierazi du Joan Cagustanek, hilerrian bertan jaioa orain dela 26 urte. Bere senide eta ezagun guztiak hilerrian bizi dira. Bera eta 9, 6 eta 2 urteko seme-alabak Joanek zaintzen dituen lau hilobietan bizi dira. Mutil-laguna eta aita kartzelan ditu duela hiru hilabetetik, drogak izateagatik. «Shabu-arekin harrapatu zituzten. Kontsumitzaileak dira, baina ez trafikanteak», dio Joanak, berdez tindatutako ilea orrazten duen bitartean.