07/09/2019

Joxean Agirre
Bi Mariak

Manuel Rivasek aspaldiko zutabe batean kontatzen zuen galiziar bat turismoa egitera doanean bi eskuak poltsikoan sartu eta Txinako Harresiaren aurrean, esate baterako, «ez zegok gaizki, baina ondo egindako harresia, Lugokoa», esan dezakeela, edo, Eiffel dorrearen aurrean, «ederki josita dagoela ematen dik, baina dorrea, benetakoa, Herkulesena, Coruñan».

Rivasen zutabe bilduma bat aldean, Galizian barrena ibili naiz berriki eta obratan dagoen Santiagoko katedralari begira, nik ere «botafumeirorik ez duelako, bestela Gasteizkoa bada hau adina», esaten nuen nirekiko, edo, Cambadosen, albariñoaren mekan, mahastiei begira jarri eta «Getariakoak, zainduagoak». Galego turistak Copacabanaren aurrean «Vigoko Samil, politagoa», esaten omen zuen, eta, nik, Arousako estuarioan daudenak ikusita, «gure herrikoa, garbiagoa», pentsatzen nuen.

Rivasen zutabe bildumarekin Galiziako “Gida Urdina” neraman eta harrigarria egiten zitzaidan lekuan lekuko historia kontatzeko zeinen zorrotzak diren neolitikoa, erromatarrak edo Erdi Aroko egoera politikoa esplikatzeko orduan eta zeinen motzak XX. mendearekin. Behin aipatzen zuen gidak Franco eta “anterior jefe de estado” deitzen zion. Santiagoko Alameda parkean paseoan doazen bi emakumeren eskultura pop batekin egin genuen topo. Googlen begira hasi eta enteratu ginen “Bi Mariak” anarkista familia bateko ahizpak zirela eta torturen ondorioz galdu zutela burua, auzokoen laguntzari esker bizi zirela eta biak elkarrekin paseatzera zihoazenean modu nabarmenegian makillatuta joan ohi zirela hiriko ikasle unibertsitarioekin flirteatzeko asmoarekin. Dokumental bat ere bada haien omenez.

Hauek galtzaileen bandokoak ziren, baina antzeko zerbait gertatu zitzaigun iaz Boloniatik gertu, Reggio Emilian, Sette Fratelli edo Cervi anaien historiarekin. Faxistak bila joan zitzaizkienean nazionalitate ezberdinetako partisanoak aurkitu zituzten beren etxaldean. Seiak fusilatu zituzten gau berean. Euren bandoak irabazi zuen. Gaur museo bat dago baserri horretan eta film bat egin zen euren omenez. Gidetan, hala ere, hitz erdiren bat baizik ez, Erdi Aroaz orrialdeak dituzten bitartean. •