07/09/2019

Reportage
AGUR JAKARTA
Hiriburua lekuz aldatu eta Borneoko oihanetara eramango du Indonesiak

Jakarta hiri erraldoia da eta egungo garapen eroaren ondorioz makina bat gaitz eta arazo pairatzen ditu. Gainpopulazioa, kutsadura, itsaspean bukatzeko arriskua, uholdeak... ditu mehatxu. Nola egin aurre tamainako arazoei? Antza, Joko Widodo presidentearen arabera, hiriburua lekuz eta izenez aldatuta, akabo arazoak!

Mikel Zubimendi Berastegi
Pd04_jakarta

Romeo eta Julietaren bigarren ekitaldian, honako galdera egin zuen Shakespearek: zer axola du izenak? Arrosa deitzen dugun horrek beste izen batekin ere usain aparta izango luke. Euskaldunontzat, aldiz, izena duenak izana du, eta, izena ez duena, ez da.

Hori horrela, zer axola du hiriburu bat lekuz aldatzeak? Azken finean, baina, batzuetan, Giuseppe Tomasi di Lampedusak “Il Gattopardo” eleberri zoragarrian maisuki azaldu zuen bezala, «dena aldatu behar da ezer aldatu ez dadin». Horregatik, zientzia politikoan, azaleko erreformak egiteko sakoneko aldaketak iragartzeari, “gatopardismo” deitzen zaio.

Kontuak kontu, hiri eta hiriburuen leku eta izen aldaketak ez dira hain ezohikoak ere. Arrazoi ezberdinak medio, ugariak dira adibideak, izan gobernatzen duen autokrataren ondarea betikotzeko, izan gutxiengo nazionalak sumintzeko –bereziki Indian gertatzen ari dena musulman jatorriko izenen aldaketekin– edo izan herrialdearen aberastasun eta botereguneak hobeto orekatzeko.

Goiz da Indonesiako presidente Joko Widodok, Jokowi goitizenaz, bere herrialdeko hiriburua mugitzeko publiko egin duen plana gatopardismo ariketa bat den ala ez esateko. Ideia ez baita berria. Izan ere, Japonia II. Mundu Gerran garaitua izan eta bi egunetara botere kolonial herbeheretarretik Indonesiak independentzia lortu zuenetik, beti egon da presente ideia hori. Lehen presidente izan zen Sukarnok hiriburua Kalimantango eskualdera mugitzeko saioa egin zuen, eta Palangkaraya hiria eraikitzen ere hasi zen xede horri begira. Iragan kolonialaren mamuetatik urrun kokatu nahi zuen hiriburua, herrialdearen erdigune geografikoan. Baina bere plana ezin izan zuen gauzatu, Javako uhartearen eta Jakartaren indar magnetiko, ekonomiko eta politiko handiegia tarteko. Gaur egun, berriz, Jokowiren plana gauzatzekotan, datozen hamar urteetan gauzatuko da. Bigarren agintaldia irabazteko lehian dela kontuan hartuta –datorren urteko apirilerako daude deituta bozak–, eta ideia datorren urteko aurrekontuak prestatzeko gobernu bilera batean bota zuela jakinda, agian oraingoan bai, oraingoan serio hartu behar da egitasmoa.

Etorkizuna urpean

Egiari zor, baina, egitasmoa beti egon da mahai gainean, eta, azkenean, inoiz ez da gauzatu. Jakarta gainpopulatuta dagoela, uholdeek sarri harrapatzen dutela eta ibilgailuen pilaketen ondorioz bertako zirkulazioa kaos hutsa dela kontuak izanik, proposamena bera harritzekoa ere ez da. Gainera, oraingoan Jokowi presidentea hiriburua Borneo uharteko kostako Kalimantan distritura eramateko prest dagoela dirudi. Nora eta indonesiar gehienek mapan kokatzen asmatuko ez luketen toki batera.

Jakartak aurkari asko ditu, eta arrazoi on askorengandik. Lehenik eta behin, gainpopulazioak paralisiraino eraman du (30 milioi lagun bizi dira bertako metropoli eremuan). Bigarrenik, Jakartaren azaleraren %40 itsasoaren mailatik behera dago, eta, adituek diotenez, 2050. urterako hirian herena itsaspean egongo da, Jakartako iparraldearen %95 hain zuzen. Eta oso kontuan hartu behar da 2100. urterako itsasoaren maila 40 eta 50 zentimetro igoko dela aurreikusita dagoela, baita planetaren tenperaturaren igoera 1,5 gradutan mantentzea lortuz gero ere.

Gaur egun Jakartari itsas mailatik gora geratzen zaizkion lur apurrak kristalezko merkataritza gune erraldoiz josita daude. Eta hori hiriak duen arazorik txikiena da, hiritarrei ur edangarria eramateko sarea kaskarra denez oso inguru horietan, jakartarrek lurra zulatzen baitute ur putzu berriak topatzeko, horrela hiria are gehiago urperatuz eta eragozpenak handituz.

Bestelako arazoak ere badira Jakartak: uholdeak katastrofikoak izaten dira, hiria sumendi gune baten ondoan dago, tsunamiak ere ezagutu ditu, airea oso kutsatua dago, alokairuek goia jo dute dagoeneko, joan-etorriak izugarri luzatzen dira denboran... Eta are okerragoa dena: inork gutxi daki nola egin aurre arazoei, ezta presidente izan aurretik Jakartako gobernadore izan zen Jokowik ere. Arazoak ezin konponduta, beraz, zer da errazena? Antza, hiria lekuz aldatzea!

«Javazentrismoa»

Jakarta Java uhartean dago. Indonesiako lurraldearen %7 hartzen du soilik Javak, baina herrialdeko 271 milioi biztanleetatik %56 bertan bizi dira. Gainera, herrialdearen ekonomiaren %60 kontzentratzen du. Bat salbu, Indonesiako gainontzeko presidente guztiak izan dira Javakoak. Garai kolonialetatik Indonesia Javatik gobernatu da, boterea eta boteretsuak bertan kontzentratu dira. Posible izango al da orain boteregunea Javatik Borneora aldatzea? Ikusteko dago.

Presidenteak dioenez, hiria ekialderantz eramateak, Borneoko Kalimantanera, nazio batasuna indartzea eta gutxiago garatutako lurraldeen aukerak handitzea ekarriko luke. Eta publikoki esan du Brasilek, Myanmarrek edo Australiak horrelako hautuak egin badituzte, edo orain Egipto ere antzeko zerbait egiten ari bada, zergatik ez ote duten indonesiarrek berdina egingo.

Azkenean zer gertatuko den jakiterik ez badago ere, bada galdetzeko moduko zerbait: Jakarta munstro bilakatu duen eta ezberdintasun sozialak biderkatu dituen mugarik gabeko garapen eroak, ez al du Kalimantan ere suntsituko?

Oihan tropikal eta fauna miresgarriak ditu Borneok, Indonesiak hegoaldean eta Malaysia eta Bruneik iparraldean partekatzen duten uharteak. Baina urre, ikatz, petrolio eta gasaren erauzketak eta azken urteotan beldurgarri hazi den palma-olioaren produkzio basatiak latz kolpatu ditu bertako habitatak. Eta, orain, antolamendu ereduan aldaketarik egin gabe, garapen ereduaren doktrina aldatu gabe aurreikusi den hiriburu berria eraikitzean, ondorio are okerragoak espero daitezke.

Lehengo lepotik burua

Erraz esaten da, baina hiriburua Kalimantanera eramateko 32.000 milioi dolar beharko ditu Gobernuak. Hori, eta Jakartan bizi diren eta hiriburu berria eraikitzeko ardura izango duten milaka eta milaka langile eta beren familiak birkokatzea. Izan ere, funtzionario eta politikariak arazoetatik libre izango omen den hiriburu berrira joan eta gero negozioak egitera Jakartara bueltatu daitezke, baina ez langileak.

Gaurdaino behintzat, Kalimantanen lurrikarak, sumendien erupzioak eta uholde suntsitzaileak ez dira izan. Baina oihan tropikal ikaragarria dauka, gero eta andeatuagoa, eta horrek hiriburu berria eraikitzeko planak ere honda ditzake. Izan ere, garraio sistema, ur hornidura, saneamendu eta drainatze sistemekin ia zerotik hiri oso bat eraikitzea, jasangarria ez den eredu bat jarraituz, lehengo lepotik burua izatea da, iraganeko akatsak errepikatzeko bide segurua. Eta gero, noski, hor geratuko da beti Jakarta zaharra ere, bere berreraikuntzaren esperoan, laguntza erregutuz.

Iraunkorra ez den eredu batekin hiriburu bat eraikitzea, presidenteak iragarri bezala, «gatopardismoa» izan daiteke: dena (izena eta lekua) aldatu behar dela esan ezer ez aldatzeko

Indonesiako lurraldearen %7 soilik hartzen duen baina biztanleen %56 eta ekonomiaren %60 kontzentratzen dituen Java uhartean dago Jakarta. Onartuko al da boteregune aldaketa?