Joana Garmendia

Hizkuntzaren bidezidorrak

Askotan, badirudi, hizkuntzaz dugun irudia kanpotik ezarritako arau eta erabaki pilarena dela. Alegia, mahaiaren bueltan eseri direla hamar euskaltzain ile-urdin, eta banan-banan erabaki dutela hau nola esango dugun euskal hiztunok, horri nola esango diogun, halako eta halako nola adieraziko ditugun. Ez dakit antzerki horretan erabakiak nola hartzen dituzten: botazioz edo, akaso, asperduraz –berearen alde egiteko pazientzia agorrezina duenak irabaziko du, bai, seguru–. Eta, horrela, diogu Euskaltzaindiak erabaki duela ez dugula esan behar “konpromezu”, esan behar dugula “konpromiso”; eta, kexatzen gara, arau berri bat asmatu dutelako, eta hemendik aurrera ezin dugulako esan “etorriko denaren ustean”, baizik eta “etorriko den/ delako ustean”.

Tira, agian ez. Seguru asko badakigu Euskaltzaindiak eta euskaltzainek ez dituztela arauak eta esanahiak eta hitzak asmatzen. Hizkuntzak baditu arauak eta esanahiak eta hitzak, eta hizkuntzalariek aztertu eta azaleratu egiten dituzte, eta Euskaltzaindiak eta euskaltzainek erabakiak hartzen dituzte arau eta erregela horien gainean.

Arau eta erregela horiek ez ditugu ikusten, ez ditugu gure hizkeran nabaritzen, azaleratu eta begien bistan jartzen dizkiguten arte, gehienetan. Zenbat euskalduni pasa ote zaigu erdaldunari azaltzen saiatzea ergatiboa noiz eta nola jarri behar den, noiz esan behar den nik eta noiz ni. Azaltzen saiatzea, eta saiatze horretan ohartzea guk ere ez dakigula oso ondo zergatik hemen bai eta hor ez. Zergatik etorri behar duen Ekainek eta zergatik irakiten duen urak. Ez dakigu zergatik. Baina belarrian min egiten digu norbaitek ez dakienean noiz.

Haurrak horretantxe saiatzen dira hizkuntza ikasten ari direnean: berdin die zergatik, baina jakin nahi dute noiz. Arau batzuk benetan dira sinpleak: katu bat eta bi katu badira, hortik aurrera dena da halako bat baina bi halako. Salbuespendun arauak tokatzen direnean, ordea, hor dator noiz bai eta noiz ez probatzen hastea.

Maddiri galdetu nion zer ekarri zion Olentzerok, eta erantzun zidan ekarri zizkiola patinak eta bi pultser. Gaur eskatu dizkit patatak eta Coca Col bat. Harrituta begiratu nion, begiratu diot. Esan behar da bi eraztun eta ardo bat, baina ez bi pultser, ez Coca Col bat. Hitz batzuei ezin zaie a-rik kendu, itsatsia daukate. Baina berak ez du jakin nahi zergatik, soilik probatu nahi du noiz bai, noiz ez.

Horrela ikasten dituzte gramatikaren arau oinarrizkoenak, hitzak proban jarriz. Salbuespenak topatu eta bide horiek X-z itxiz. Coca Col X. Pultser X.

Pixkana, ematen du egiten dutela mapa osatu xamarra-edo buruan, eta badakitela noiz bai, noiz ez. Itxi dituztela bidezidor oker guztiak X-z. Eta, orduan, egun batez, eskuan boligrafoz marrazturik daukan eguzki irribarretsua erakusten dizu Maddik. “Hara, ze polita, zure buruari egin al diozu?”. “Ez... nire eskuari”.

Hitzek ez dute beti-beti esan nahi dutena esan nahi. Eta hori ez da hainbeste noiz bai eta noiz ez, hori gehiago da honelakoetan hau eta horrelakoetan bestea. Zure burua normalean lepo gainean daukazu, baina honelakoetan zure burua zu zara, zu osorik. Bi eta hiru gehienetan bost da, baina Maddi, Haizea eta hirurok ez gara bost. Horrelakoetan, bi eta hiru ez da bost.

Ikasten dituzte. Noiz bai, noiz ez, honelakoetan hau eta horrelakoetan bestea. Eta Maddik gaur eskatu dizkit Haizea eta bientzat patatak eta Coca Cola bana. Ikasi ditu, lixto, badaki noiz eta nola. Eta pipak, eta txokolatezko aterkia, eta txiklea. “Ya, bai, eta zerbait gehiago?”. “Bueno, bale, ba elatu bana”. •