Pablo Ruiz de Aretxabaleta
ASKAPENAKO BRIGADAK (II)

Emakumeen eskubideen aldeko borroka Palestina askatzeko borrokaren barruan

Askapenak Palestinara bidalitako brigada feministak gertu-gertutik ezagutu du okupazio sionistari aurre egiteko emakumeen antolakuntza. Baita emakume palestinarren kontrako Israelen jazarpenaren ezaugarriak ere. Gainera, nazio zapalkuntzaren kontrako borrokarekin batera, askotan etxetik hasi behar dute borrokatzen.

Aurreko urteetan bezala, aurten ere Palestinara joandako Askapenaren brigadak ikuspuntu feminista hartu du bertako errealitatea ezagutzeko, batez ere emakumeen antolakuntza okupazioaren aurrean. Eta, egiaztatu ahal izan dutenez, okupazio sionistak forma ezberdinak hartzen ditu Gazan, Zisjordanian eta 1948an okupatutako lurraldeetan.

Hasteko Aida kanpamendua bisitatu zuten, Betleemen 1948an sortua. Egun, apartheidaren harresiak inguratzen du. «Oinarrizko beharrak asetzeko eskasiak, urarena tartean, mugimendu askatasun ezak eta egunerokotasunean ematen diren konfrontazioak ezaugarritzen dute kanpamendua», azaldu dute brigadistek helarazi diguten kronikan.

Emakumeak, umeentzako hezkuntza politikorako espazio kultural propio baten beharraz jabetuta, Amal Almustakbal zentroa sortu zuten Aidan. «Bertako egoera politiko eta sozioekonomiko gogorraren ondorioz, antolakuntza, borroka eta erresistentzia gune indartsua da. Zentroko emakume baten ahotik jaso ditugu borrokaren gazi-gozoen berri», azaldu dute.

Erresistentzia armatuan emakumeek jokatutako ezinbesteko rola –soldadu israeldarren sarekaden berri emanez, adibidez–, esparru publikora hedatu zen, eta, gutxika-gutxika, bi esparruak uztartzen hasi ziren. «Hezkuntza, osasun eta aisialdi arloetan antolatzen hasi ziren emakumeak oinarrizko beharrizanak asetzeko», hau da, burujabetza faltak eragindako arazo nagusiei aurre egiteko.

Betleemetik gertu kokatutako Beite Sahour herriko Emakume Arabiarren Batasuna elkarte aitzindariak helburu bera du. Baita 200 herritako emakumezkoen ahalduntze politikoan, saretzean eta antolakuntzan lan egiten duen Emakume Palestinarren Batzordeen Batasunak (UPWC) ere. Lan horren adibide da Hebron, «gatazkaren muinean» den herria. Bertakoek bereziki jasaten duten kolono eta militarren jazarpena. «Eguneroko biolentziari aurre egitea estrategikotzat du UPWCk –azaldu dute brigadistek–. Horretarako, emakume taldeak dituzte ikasleak eta langileak ahalduntzeko. Haurrek bizi duten amorru, ezintasun eta tentsioa bideratzeko aisialdi ekintzak aurrera eramaten dituzte, eta nazio askapenerako prozesuan eragiten dute emakumeen eskubideen aldeko mugimenduan parte hartuz».

Biziraupena eta burujabetza

«Konplexua bilakatzen da egoera emakumeek, beren eskubideen jabe izanda, nazio zapalkuntzaren aurka antolatu beharra dutenean», onartu dute brigadistek ikusi eta bizi izandakoa oinarri. Izan ere, Palestinan, «antolakuntza politikoan lekua egiteko borrokatu beharrak, norberetik hasi eta etxe barruan ere borrokatzea esan nahi du».

Halaber, «Israelek, emakume palestinarren esangura politikoaren jakitun, bere aurkako ofentsiba abiatu du, haren gorputza erabili eta guda armatzat hartuz borrokaren eta elkartasunaren zutabea eraisteko helburuarekin».

Kartzelak

Egun, 5.250 palestinar daude kartzelan, tartean dira Israelgo Damon espetxean dauden 44 emakumezkoak. Brigadistek ezagutu dituztenetako asko ere preso izandakoak dira. «Israelen apartheid kolonialistaren areagotzea ezinezkoa litzateke irismen handiko zigor sistema bat izan gabe. Hemen inor ez dago salbu, sare sozialetan palestinar kausarekin bat egite hutsak kondena zaitzake», azaldu dute. «Maiz, ilegalak diren atxiloketa administratiboak ematen dira. Atxiloketok epaiketa gabeko itxialdiak dira, eta, inolako frogarik gabe, hainbat egunez, hilabetez edo urtez luza daiteke espetxeratzea».

Jerusalemen, legedi zibila aplikatzen da, eta, ondorioz, ez dira atxiloketa administratiboak izaten. Aldiz, etxeko atxiloketak gertatzen dira, batez ere gazteen kasuan, eta horrek eragin handia du emakume palestinarrengan. «Errepresio forma horrek etxetik ateratzeko baimena ukatzen die kaltetuei. Emakumeek bereziki sufritzen dute sistema hori. Semeak zigorra apurtu eta ondorio okerragoak jasango dituen beldur, ama presozain bihurtzera behartuta sentitzen da, etxean biolentzia egoera larriak sortzen direlarik», azaldu dute brigadistek.

Espetxeetan dauden emakumezkoen kasuan, «bizi baldintza onartezinak» pairatzen dituzte. Kultura arabiarrean bereziki iraingarriak diren egoerak bizitzera behartzen dituzte egunero-egunero. «Beharrezkoak diren mediku kontrolak eskasak dira, eta, daudenean, presoa biluzik egon behar da. Israelgo kartzela sistemaren aurpegi makabroena erditzeetan jasaten dute emakume presoek, azken unera arte ez baitute laguntzarik jasotzen. Bestalde, egunean lau ordu bakarrik ematen dituzte ziegatik kanpo, dutxak partekatu behar izaten dituzte... Azken hori kultura arabiarrean bereziki iraingarria da, beste emakumeen aurrean biluzik agertzea pribatutasunaren aurkako eraso larritzat baitute», azaldu dute brigadistek.

Gorputza, tortura erreminta

«Emakumearen gorputza tortura erreminta gisa erabiltzen dute israeldarrek. Hasiera-hasieratik, galdeketetan, sexu irainak ohikoak dira, emakumezkoen irmotasuna apurtzea helburu. Bortxaketa mehatxuen, senideen aurrean biluztera behartzearen, soldaduen jarrera desegokien eta bestelako eraso ugariren testigantzak ere entzun ditugu», gaineratu dute brigadistek.

Eta jazarpenak epaitegietaraino bertaraino jarraitzen du. «Epailearengana joan aurretik eta bueltatzean beharrezkoak diren miaketak baino gehiago sufritzen dituzte emakumeek. Horrek akusatuak epaiketa prozesua ekidin nahi izatea sorrarazten du, eta, askotan, bere aurkako probarik ez dagoela jakinagatik, adostutako kondena bat onartzen du», azaldu dute.

Hala ere, kartzeletako hormen barruan, garaipen handiak ere izan dituzte emakume palestinarrek. «Horren adibide dira Khalida Jarrar preso ohiak ematen zituen eskolak. Espetxealdia politizazio prozesu bilakatzea lortu zuen. Nahiz eta Israelek presoen hezkuntzarako oztopoak jarri, Khalidak espetxealdia politizazio prozesu bilakatzea lortu zuen, legedi eta historia klaseak antolatuz, baita presoek batxilergo ikasketekin jarraitzea ahalbidetuz ere», adierazi dute brigadistek.

«Lorpen horren garrantzia, gainera, Khalida Jarrarrek indarrean jarritakoa oraindik ere bizirik den mekanismoa dela da. Kartzela liburuz eta baliabidez hornitu zuen, presoen arteko laguntza antolatu. Bada, jositako sareak erresistentziak kartzela barruan bizirik dirauela frogatzen du», azpimarratu dute.

Emakumeen ahotsak

Azkenik, Askapenako brigadak hainbat emakumeren ahotsak ere jaso ditu bere kronikan, «honetaz eta hartaz hausnartu, pentsatu, galdetu, eztabaidatu eta entzun dugunetik jasoak. Haien hitz eta bizipenek gugan izan duten oihartzunari hauspoa emateko beharretik ateratako saiakera da hau, elkartasun haizeak zabal dezala».

Elkarrizketetan eta diskurtsoetan, jarraian bildutakoak bezalako hitzak jaso zituzten Amal Almustakbal zentroan:

–«III. Nakban gaude». Palestinako Emakumeen Batasuneko kide den Muyassar Atyanik egindako baieztapena da, gaur egun palestinarrek bizi duten egoera katastrofikoaren harira egindakoa.

–«Ondoan dugun kolonia minbiziaren parekoa da». Nablus kanpoaldean kokatutako Alsira herriko emakume nekazari baten adierazpenak dira. Herri horrek 1982tik Yetshar kolonia judutarra du ondoan.

–«Israel oso ona da marketin kanpainak egiten. Gure kulturaren aurkako diskurtsoa erabiltzen du bere izatea legitimatzeko». Khitam Saafin.

–«Ezin daiteke askatasun nazionalaz hitz egin emakumeen askatasunik gabe». Khalida Jarrar.

–«Palestinar herria oso zatituta dago. Horretan okupazioak irabazi egin du». Reem Natsheh.

–«III. Intifada globala izango da». Abdallah A Shararah.

 

Fakzioen batasuna, palestinarren xedea Libanoko kanpamenduetan

Askapenako bi brigada Palestinan izan badira bertako borrokak ezagutzen, beste batek beren herritik ihes egin behar izan zuten palestinarren errealitatea ezagutu du Libanoko errefuxiatu kanpamenduetan.

Brigadisten lehen geldialdia duela 36 urte jasandako sarraskiagatik ezaguna den Beiruteko Shatila kanpamendua izan zen. «Beste mundu bateko errealitatea» bezala definitu dute brigadistek aurkitutakoa. «Kablez jositako adreiluzko hiria da, kale bizitza kaotikoa duena». Espazio faltagatik Shatilako biztanleek etxeak gorantz eraikitzera behartuta daude. Ondorioz, «eguzki izpiak nekez heltzen dira txoko askotara». Bizi baldintza oso gogorrak aurkitu dituzte. Argindarra joatea ohikoa da eta errefuxiatuek etxerako ura itsasotik hartzen dute. Edateko ura lortzeko botilak erosi behar dituzte, kaleak plastiko hondakinez josiz.

13.000 errefuxiatu erroldatuta daude Beiruteko kanpamenduan, baina 35.000 lagun bizi dira bertan Palestina Askatzeko Herri Frontearen arabera, eta ez bakarrik palestinarrak. «Ideia bat egiteko, bi kilometro karratu eskasetan 40.000 eta 45.000 pertsona artean bizi dira», azaldu dute Askapeneko kideek.

Kanpamenduan ezagutu dituzten pertsonen artean, 1982ko sarraskia bizi izan zuten lagun ugari daude. Baita Kuban ikasteko aukera eduki zuten emakume eta gizon asko ere. «Kubatar herriak eman dien elkartasuna etengabe azpimarratzen dute», nabarmendu dute.

Lan eza arazo larria da kanpamenduan. Izan ere, Libanon errefuxiatuek «ez dute lan egiteko eskubiderik 72 lanpostutan. Askok ez dute baliabide ekonomikorik euren bizitza duintasunez gauzatzeko». Gainera, egoera okertzen ari da. Brigada Libanon zela, Lan ministroak «sua hauspotu» zuen errefuxiatuek lan egiteko «baimen berezi bat» beharko zutela esanez. Ondorioz, erabaki horren kontrako protestak izan ziren palestinarren artean. Izan ere, errefuxiatu estatusari uko egitera behartu nahi dituzte Libanon lan egin ahal izateko, ohiko migranteak balira bezala. Palestinar errefuxiatuei Nazio Batuen Erakundeak eskaintzen dizkien laguntzei uko egitea ere exijitu nahi diete lan egin ahal izateko. Brigadistek diotenez, erabakia «ez da Libanoko Gobernuak berak hartutakoa, baizik eta AEBek eta Frantziak Israel babesteko eta palestinarrak presionatzeko hartutakoa. Horren truke Libanoko Gobernuari laguntza ekonomikoa eta zorra gutxitzea eskaini diote».

Askapenako brigadistek, Siriako gerratik ihes egindako palestinar errefuxiatuek Shatilan bizi dituzten zailtasunak ere ezagutu dituzte. «Yarmoukeko kanpamendutik etorritako familiek bertan zuten bizi maila zinez duina galdu dute. Sirian eskubide guztiak zituzten boz eskubidea izan ezik, Shatilan, ordea, lan eskubide gabe aurkitu dira eta euren bizi baldintzek behera egin dute modu izugarrian», azaldu dute. Gogoratu behar denez, Damaskotik gertu kokatutako Yarmoukeko palestinar errefuxiatuen kanpamendua erabat suntsituta geratu zen Siriako gerrako borroketan.

Libanoko errefuxiatu palestinarren artean egoera politikoaren gainean dauden ikuspuntu ezberdinak ere ezagutu dituzte brigadistek. «1948ko okupazioaren aurreko agertokira itzuli eta Israeli inongo zilegitasunik ez eman» edo «1967ko mugak hartuz bi estatuen arteko elkarbizitza» dira aukerak. Askok diotenez, gaur egun erakunde eta fronte ezberdinek «ez dute indarrik Palestina okupatu osoa askatzeko», nahiz eta estrategia amankomuna izan. Beste batzuek, berriz, Palestinara itzultzeko eskubidea onartzen ez zaila ikusita, nonahi mugak itxita dituztela frogatuta, «fronte eta erakunde guztien batasuna bilatu eta dituzten baliabide guztiekin borrokara batzeko ahaleginean jarraitzen dute».

Brigadistek Euskal Herriaren inguruko hitzaldi bat emateko aukera ere izan zuten, Badawira kanpamendura joan baino lehen. Tripolin kokatu dago Badawi eta «herri baten antza» du. «Kaleak zabalagoak dira, eta, etxeak, eskolak, bizi baldintzak oro har, Shatilan baino askoz hobeak». Bertan, «Palestina Askatzeko Herri Frontearen presentzia sendoa nabari da. Bertako kideek dute kanpamenduaren kontrola». Hain zuzen ere, fronte horretako kideekin izan zituzten harreman gehienak euskal brigadistek.

«Palestina Askatzeko Herri Fronteko ordezkariek argi utzi digute epe ertainean aldaketa positiboak emango direla, erabat baikorrak dira hamarkada honetan izango dituzten erronkei erantzuteko duten gaitasunaz. Epe hurbilean Europan beren mezua barreiatzeko erronka dute», azaldu dute brigadistek. Hurrengo hilabeteetan Europako hainbat hiritan palestinar egoeraren berri emateko asmoa dute Palestina Askatzeko Herri Fronteko kideek eta, koadro politikoen formakuntzan nabaritu dituzten gabeziak kontuan hartuta, Europako alderdi ezkertiarretatik ikasteko asmoa ere badute. Barnera begira, ume eta gazteekin egin beharreko lana giltzarritzat dute, eta eskolan zein aisialdian kontzientziazioa zabaltzeko beharra aipatu dute.

Bestalde, Askapenako brigadistek egiaztatu dutenez, palestinar erakundeak beste arazo bati ere aurre egin beharrean dira: kanpamenduetan hedatutako droga trafikoa. «Ezin dezakegu ahaztu, Euskal Herrian frogatu zen bezala, droga trafikoa dela kontrainsurgentzia neurri errazenetarikoa. Palestinar kanpamenduak ez dira salbuespena zoritxarrez», onartu dute euskal internazionalistek. «Libanoar autoritateek drogen kontsumoa onartu eta maiz bultzatu ere egin duten bitartean, palestinar alderdiek, bereziki Palestina Askatzeko Herri Fronteak, droga trafikoa gelditzeko jarrera irmoak hartu dituzte».

Izandako elkarrizketetan, Palestina Askatzeko Erakundeko buruzagiekiko mesfidantza ere nabaritu zuten. Baita atzerritik heldutako elkartasun keinuekiko esker ona ere. «Alor ekonomiko, politiko, akademiko eta kulturalean bultzatutako boikot kanpainak, urteroko brigadak… asko eskertzen dituzte. Ohartu gara horrelako kanpaina eta ekintzek, eragin politiko zuzena izateaz gain, garrantzi sinbolikoa ere badutela, hemen jendeak elkartasun keinu txikiena ere zintzotasunez eta bihotz-bihotzez eskertzen baitu. Sionismo kriminalaren kontrako borrokan bakarrik ez daudela ikusten dute».

Saidatik Ayn al Hilweh izeneko kanpamendura abiatu zen Libanon izandako Askapenako brigada. Libanoko hegoaldean kokatuta dago, eta brigadistek berehala antzeman zuten aurrekoen oso ezberdina zela. Izan ere, armen presentzia askoz handiagoa da eta kontrol zorrotzak ikusi zituzten bertara iristean. 80.000 pertsona bizi dira bertan eta Libanoko kanpamendurik handiena da. «Hain handia izanik, kanpamenduan ematen diren botere harremanak are handiagoak dira. Harremanok, gainera, eragin handia izan dezakete gainontzeko kanpamenduetan ere».

Islamista salafisten presentzia handiagoa dela nabaritu zuten bertan. Kanpamendua 2000. urtera arte Israelen kontrolpean egon zelako dela horrela azaldu dute brigadistek. Tentsio egoera larrien lekuko ere izan ziren Askapenako kideak Libanoko Gobernuak errefuxiatuen lan egiteko eskubidea murrizteko hartutako neurrien aurka egindako manifestazioan. «Manifestazioa amaitzear zela heriotza bat izan zen kanpamenduko kontrolagatik borrokan diren Al-Fatah alderdiaren eta talde islamista baten arteko borroketan. Libanoko Gobernuari lotutako sektoreek hilketok bultzatzen dituztela aipatu digute etengabe, hain kostata eskuratutako palestinar fronteen batasuna hausteko xedearekin». Izan ere, «ikusi dugu nola frakzio ezberdinak batu egin diren, batasuna mantentzeko estrategia gako dela ikusten baitute. Gertaera isolatuek ezin dutela hori apurtu eta benetako etsaia Israel entitate sionista dela argi dute».