Amagoia Mujika Telleria
Interview
XABIER BERASALUZE «LETURIA»
Musikaria

«Perkusio kolpe txar baten ondorioz orkestra osoa geratu egin daiteke. Panderoarekin berdina gertatzen da»

«Tarrapatan, pandero baten ibilbidea» izeneko liburua kaleratu berri du. Astebetean panderoa jotzeko metodoa ondu du, «Letu-metodoa» izenda daitekeena. Eta ikasketa samurragoa egiteko, pasadizoak eta bestelakoak kontatzen ditu tarteka, maisu izan zuen Eleuterio Tapiak egiten zuen antzera.

Xabier Berasaluze Leturia, musikaren munduan Leturia eta gertukoentzat Letu. «Leturia nire bigarren abizena da. Gure aita amaren etxera ezkondu zen, leturiatarren etxera, eta horregatik herri mailan beti izan gara Leturia etxekoak. Trikitiaren munduan hasi nintzenerako Leturia nintzen herrian eta izen horrekin geratu naiz». Askotariko musika tresnak jotzen dituen arren, berak dioen bezala, «pandero xume» batekin egin du bidearen parte garrantzitsuena, berrogei urtetik gorako musika bide oparoa. Liburu berezi batean jaso du bide horren parte txiki bat, zazpi egunetan panderoa jotzen irakasteko aitzakian, garai baten kronika ere jaso duelako; 1976tik -1984ra bitartekoa gutxi gorabehera. «1984an Joseba Tapiarekin hasi nintzen. Eta hor, zalantzarik gabe, beste etapa bat abiatu nuen».

«Norbaiti irudituko zaio orain ehun urteko kontuekin natorrela, baina horiek denak guk bizitakoak dira, duela 35-40 urte. Pentsa gauzak nola aldatu diren denbora gutxian».

Umorez kontatzen duenez, ingurukoei liburu bat idatzi zuela esan eta eskuak burura bota zituzten, «auskalo zer egin duan». Leturiaren hitzetan posible da zazpi egunetan panderoa jotzen ikastea. Berak 43 urte daramatza eta egunero ikasten segitzen omen du.

Nondik nora okurritu zaizu astebetean panderoa ikasteko metodoa osatzea eta argitaratzea?

Niri betidanik gustatu izan zait idaztea. Egunero-egunero idazten dut nondik nora ibili naizen. Hiru minutuko lana da eta orain sekulako altxorra daukat, azken 45 urteetako agendak gordeta baititut. Badakit egun bakoitzean zertan aritu naizen.

Azken bi urtean Korrontzirekin ari naiz. Quebecera egindako bira batean, Montrealen ginela, egun pare bat libre izan genituen. Gure artean askotariko gaiak izaten dira hizketarako. Horrelako elkarrizketa batean Agus Barandiaranek eta Cesar Ibarretxe teknikoak aipatu zidaten panderoa jotzeko metodo bat egin behar nuela. Irakaskuntzan badaude, batzuk oso sakonak, beste batzuk arinagoak... Bada, panderoa jotzen erakusteko gauza erraz bat egitera animatu ninduten. Horrekin bueltaka geratu nintzen eta etxeratzean, erronkari eutsi nion. Helburua metodo hiperazkarra sortzea zen; argia, zuzena, didaktikoa, erraza, musika munduan ez zegoenarentzat ere egiteko modukoa. Horretan jarri eta zazpi lezio atera nituen, panderoa jotzen ikasteko zazpi pauso edo. Baina gauza sinpleegia geratzen zen eta musika instrumentu batzuk laguntzeko aholkuak erantsi nizkion ondoren.

Eta pandero jotzen zuri gertatutako pasadizoak.

Bai. Nik soinua jotzen Eleuterio Tapiarekin ikasi nuen. 1964tik 1982 ingurura arte edo ibili nintzen harekin. Joseba Tapia ere orduan ezagutu nuen, Eleuteriok ezin zuenenean Josebak berak erakusten baitzidan. Eleuteriok soinua erakusteko modu desberdina zuen, propioa, bai haurrei eta bai helduei. Ikasgaitik ikasgaira bere pasarteak, bizitzan gertatutakoak, txisteak, herri kirolen munduan ikusitakoak... kontatzen zizkigun. Izugarri interesgarria egiten zuen klasea.

Eta akaso klase erdian behia erditzen hasi zela eta sokatik tiratzea tokatzen zitzaizuen.

Bai, Asteasuko Mintegia baserrian ematen zituen klaseak eta batzuetan horrelakoak gertatzen ziren. Edo trumoia zetorrela-eta, zabalduta zituen belarrak jasotzen laguntzen genion eskuarearekin. Oso aberatsa izan zen garai hura. Mintegian beti zegoen jendea; harri jasotzaileak, segalariak, trikitilariak...

Nola iritsi zinen Eleuterio Tapiarengana?

Lau urte nituela pianoa jotzen hasi nintzen etxean. Gure aita musikaria zen eta familian ere musikari asko zeuden, gehienak haize-instrumentuak jotzen zituztenak. Pianoarekin hasi nintzen, gero gitarrarekin, gitarra elektronikoa, flautina... Elgoibarren bizi ginen eta familia osoa Villabonara etorri ginen. Lagunartean erromeria giroan hasi ginen mugitzen eta trikitia gustatu. Galdetu nuen nork erakusten ote zuen eta Eleuteriorengana bidali ninduten.

Hainbeste instrumentu jo arren, «pandero xume» batekin gozatu duzu gehien. Ematen al zaio panderoari merezi duen prestigioa?

Banda batean edo orkestra batean, zein instrumentuk dauka garrantzia gehien? Ba igual esango nuke bonboak daukala. Haren gainean joan behar du beste guztiak, perkusio kolpe txar baten ondorioz orkestra osoa geratu egin daiteke. Panderoarekin berdina gertatzen da. Perkusioa oso zehatza da, ez zaio garrantzia ematen, xumea dirudi, erraza, garrantzirik gabea, baina haren gainean eusten da beste guztia. Panderoak balio du beste musika instrumentu batzuk laguntzeko, baina baita bakarka aritzeko ere.

Liburuan kontatzen duzunez garai batean kopla kantariak panderoak bakarrik lagunduta aritzen ziren eta gehienak emakumeak ziren.

Bai, horrela da. Pentsatu soinua 1890. urte inguruan iritsi zela hona. Ordura arte erromeriak kantuz eta pandero jotzen egiten ziren, Maurizia Aldeiturriaga bera horrela aritzen zen. Eta pandero jotzaileak dantzan jartzen zuen plaza. Oraindik Galiziako toki batzuetan horrela agertzen da panderoa; emakumeak panderoa joaz eta kantuan, bestelako instrumenturik gabe.

Europatik soinu berria etorri zenean, alboka, dultzaina, txirula... jotzen zuten musikariek tresna horiek albo batera utzi eta soinuari heldu zioten. Zergatik? Soinuaren bidez diru gehiago irabazteko aukera zegoelako. Beste instrumentuekin ere egiten ziren erromeriak, baina soinua iritsi zenean jende guztia liluratuta geratu zen. Elizako organo handiaren armonia guztia eskuetan jartzeko aukera ematen zuen eta jende guztia traste hori zegoen tokira joaten zen. Txanponak han zeuden. Pentsa, pieza bakoitzeko ordaintzen zitzaien musikariei; dantza solteko piezek prezio bat zeukaten eta lotutako dantzek, bikoitza.

Soinua modan jarri zen. Baina Eleuterio Tapiak aholkatu zizun panderoari heltzeko.

Bai. Ni aritua nintzen bakarrik erromeria batzuetan, bazkari batzuetan, soinua jotzen. Eleuteriok ikasleren bat ondo aritzen baldin bazen, berarekin eramaten zuen tarteka, han eta hemen soinua jotzera. Horrela aritu nintzen plaza batzuetan Eleuteriorekin soinua jotzen.

Eleuteriok esan zidanez, erromeria batera joateko lauzpabost pandero jotzaileri deitu behar zion, ez zen pandero jotzaile onik eta gaizki ibiltzen zen bikotea topatzeko. Soinu jotzaile mordo bat zegoela, atzetik ere asko zetozela, denentzat plazarik izango ote zen zalantzak zituela eta panderoa jotzen ikasteko aholkatu zidan. Ondo iruditu zitzaidan.

Soinua jotzen segitu nuen eta panderoarekin hasi nintzen. Soldaduskatik bueltan, Bilboko Corte Ingles dendan, nire lehen panderoa erosi nuen, “primitibo” izenekoa. Eta neure kasa hasi nintzen panderoa jotzen ikasten. Garai hartan zeuden trikiti kaseteak behin eta berriz entzunez, erromerietara joan eta beste pandero jotzaileei begiratuz... horrela ikasi nuen nik panderoa jotzen.

Liburuan kontatzen duzunez, erromerietara joan eta ezkutuan aritzen zineten besteek jotzen zituzten piezak grabatzen.

Horrelaxe aritzen ginen. Garai haietan irakasleak berak zekizkien piezak erakusten zizkizun. Baina horietatik aparte beste mundu bat zegoen. Pieza horiek lortzea zaila zen; eskatuta ez zizkizuten ematen musikariek eta partiturarik ez zegoen. Orduan, erremediorik gabe, talde bat osatu genuen lapurreta egiteko. Ezkutuan joan eta piezak grabatzen genituen eta gero gure artean trukea egiten genuen, pieza bakoitzeko dirua ordainduz. Gero, etxera etorri, magnetofoia martxan jarri, eta horien gainean ikasten genituen piezak, erabat belarriz.

Garrantzitsua da belarria musikariarentzat.

Oso garrantzitsua musika instrumentu guztientzat. Kanpoan ibili izan garenean, Kanadan, Ameriketako Estatu Batuetan eta baita Europan ere, konturatu gara zer-nolako garrantzia ematen dioten belarria lantzeari. Haurrak edozein musika tresna ikastera joaten direnean, hasieratik instrumentua ematen diete. Irakasleak instrumentua jo egiten du eta hari begira ikasten dute haurrek, begiz eta belarriz. Eta gero, dagoeneko tresna erabat kontrolatzen dutenean, solfeoa erakusten diete. Zaletasuna sortzen dute haurrarengan eta gero hasten dira idatzitako musikarekin. Era horretara haurra erabat lotzen da musika tresna horretara eta ez du sekula utziko.

Musika eskoletan zer aldatua ikusten duzu beraz.

Zalantzarik gabe. Zenbat haur dauden musika tresna bat ikasten eta ikasturte osoan bospasei pieza baino ez dituztenak ikasten. Eta, askok, gaizki gainera. Nik Eleuteriorekin hilabetean ikasten nituen bospasei pieza.

Musika irakaskuntzan gauzak aldatu beharra dago. Gauza batzuk ikusita, normala da bizpahiru urtean haurrek instrumentua gurasoei ematea; «tori, zuentzako, gorde armairuan».

Liburuan, hitanoz, bizi-bizi aritzen zara Kattun eta Xarparekin, zure bi pandero.

Bai, nire bi pandero dira. 120 bat panderoko bilduma daukat, mota guztietakoak eta jatorri desberdinetakoak. Liburuan panderoekin hitanoz hitz egitea erabaki dut gertutasuna adierazteko eta hizkera hori aldarrikatzeko. Nire lagunartean beti hitanoz egiten dut, zenbait lagunekin ez nuke jakingo zuka egiten. Aitortu behar dut, hala ere, emakumeen aldaera gehiago kostatzen zaidala, ez dudalako hainbeste erabiltzen, eta Ramon Rezolaren laguntza garrantzitsua izan dudala parte hori txukuntzeko.

120 panderoko bilduma oparoa daukazu. Horietako batzuk, zuk eginak.

Tira, batzuk egin ditugu nik eta Astiazaranek. Nik esaten diot nola egin, baina berak egiten du, oso mainosoa delako. Adibidez, azkena galbahe bat erosi nuen, burdinazko sarea kendu genion eta larrua jarri. Larrua kanpotik ekartzen dugu, Zamoratik, ardiarena edo ahuntzarena. Gorputzaren parte bateko edo besteko larrua izan, oso desberdina da. Normalean onena sabelaldeko larrua izaten da. Eta horrelaxe egin dugu pandero bat.

Zaindu ere egin behar dira panderoak.

Bai, eta liburuan esaten dudanez, panderoak zorroan ondo jaso behar dira eta beti tenperatura antzekoan mantentzea komeni da. Larrua eta egurra material biziak dira eta zaindu egin behar dira.

Kontatzen dituzunetan nabarmentzen denez, beti zen momentu egokia soinua eta panderoa jotzeko, eta puntako bertsolari, kirolari eta sortzailez inguratzen zineten.

Bai, soinua eta panderoa beti aldean genituen eta edozein momentu eta toki zen egokia horiek atera eta jotzeko. Eta egia da garai hartan puntako bertsolari eta sortzaile askorekin aritu nintzela plazan, parrandan, hizketan... Zorte handia izan da hori. Pentsa, nire lehen joaldia Xaprerekin egin nuen nik. Lazkao Txikirekin askotan ibili naiz, Mitxelenarekin... Denborarekin konturatu naiz sekulako zortea izan dudala, jende horrekin asko ikasi dudalako.

Panderoak asko eman dizu.

Dena. Emaztea ere erromeri buelta batean ezagutu nuen [barreak].

Erromeriak sozializazio toki garrantzitsuak ziren.

Bai, zalantzarik gabe. Dantzak garrantzia handia zeukan, jendea harremanetan jartzeko modua baitzen. Oholtza gainetik, dena ikusten nuen nik; belarri bat panderoan, bestea musikan eta begiak, plazari begira erne. Asteburuz asteburu ikusten nituen nik bikoteak nola egiten ziren.

Esanda bezala, edozein toki eta une zen egokia soinua eta panderoa astintzeko. Baita Guardia Zibilaren aurrean ere.

Hori ere tokatu izan zaigu. Gauero ibiltzen ginen batera eta bestera eta beti topatzen genituen kontrolak. Beti galdera berdinak; nondik gentozen, zeinekin ibili ote ginen, jende subertsiboa ote zen... gure ibilerak susmagarriak ziren, Ipar Euskal Herrira ere asko joaten ginen, jendea ekartzen genuen bueltan etxera.

Horrelako batean, Donibane Lohizunen izandako erromeria batetik bueltan Epelarre eta biok, mugan geratu gintuzten guardia zibilek. Kotxea miatu, paperak erakutsi... Azkenean, kotxetik trasteak hartu eta kaboaren aurrera eraman gintuzten. Maleta ireki eta soinua eta panderoa ikusi zituen. Ea horiekin zer egiten genuen, ea musikariak ote ginen. Musikariak ginela esanez gero, auskalo ze paper eskatuko ziguten. Gu musika jotzaileak bakarrik ginela esan genion, lagunartean jotzen genuela, bataioetan, jaunartzeetan, ezkontzetan... «eta nik sinistu egin behar al dizuet?», galdetu zigun kaboak. Pieza bat jotzeko agindu zigun, egia esaten ote genuen jakiteko. Zer pieza nahi ote zuen galdetu eta pasodoble bat esan zigun. Epelarreri esan nion pieza bat jo beharko genuela handik ateratzeko. Garai hartan modan zegoen Manolo Escobarren “Que viva España” pasodoblea eta huraxe jo genuen Epelarre eta biok.

Ikusi egin behar zen guardia zibilen harridura aurpegia! Kaboak esan zigun hurrena handik pasatzean ez alde egiteko pieza bat jo gabe.

Kotxean beti lo zakua eramaten omen zenuen. Maiz, erromeria bukatu, kotxean lo egin eta hurrengo egunean mendira joaten zinen.

Mendian asko ibilitakoa naiz. Espedizio asko egin ditut; Kilimanjaro, Nepal, Cho Oyuko oinarrizko kanpalekua, Andeak, Saharako desertua... Pandero lanetan ari ez nintzenean, erabat mendian ibiltzen nintzen, espedizio horietarako prestatuta egoteko. Urte askoan, urri hasieratik San Martin egunera arte, niretzat hartu izan ditut egun horiek. Hor ez zegoen erromeriarik. Urriaren 1ean hegazkina hartu eta munduan barna mendira joaten nintzen. Horrela egin nituen hamalau bat urte, batera eta bestera.

Xabier Amurizak liburuaren hitzaurrean «ilargi irribarretsu bat» bezala deskribatzen zaitu oholtza gainean. Oholtzan beti irribarrez. Gozatu egiten al duzu hor goian?

Normalean bai. Zoriontsua naiz oholtza gainean. Baina horretarako garrantzitsua da musika tresnaren gainean erabateko kontrola izatea, horrela bakarrik lortzen da gozatzea, pieza zurera ekartzea, aldartearen arabera era batera edo bestera jotzea...

Ni beti niretzako jotzera joaten naiz, niretzako gozatzera. Eta zuk gozatzen baduzu, normalean entzuleak ere gozatzen du.

Liburuan musikari ofizioaren definizioa egiten duzu: zoriona munduarentzat eta zoritxarra familiarentzat.

Egia da asko ibili garela eta oraindik ere antzeko nabil. Duela hiru urte jubilatu nintzen Kutxatik, berrogei urte eta gero, baina martxa antzekoan jarraitzen dut. Ez dut bizitza beste era batera ulertzen. Aste honetan bertan Aizkorrira igoko naiz lagun batekin eta panderoarekin hiru hitzordu ditut; Korrontzirekin bat, haize-instrumentuen orkestra klasiko batekin beste bat eta soinuarekin txikiago bat. Vivaldiren pieza bat jo behar dut eta hori prestatzen ari naiz orain.

Zer esango ote luke Eleuterio Tapiak burua altxa eta panderoarekin Vivaldiren pieza bat jotzen ikusiko bazintu...

[Barreak] Nik uste dut poztu egingo litzatekeela eta pandero jotzaileak ausartak izan garela esango lukeela, panderoa espero gabeko bideetatik eraman dugulako.