02/11/2019

chronicle
 
MAñARIKO HONTZA MUSEOA, NATUR ZIENTZIAK JASO ETA EMAN

Durangaldeko Natur Zientzien Museoa da Hontza, Mañarian kokatua. Harrigarria da bertako aretoetan pilatzen dena, biltegiaren parte txiki bat soilik bada ere. Enrike Huertaren proiektua da museoa, natur zientzien behaketari eskainitako bizitza oso baten isla. Jasotzen, behatzen, artxibatzen, zaintzen segitzen du.

Amagoia Mujika Telleria
1102_hontza5

«Museoan dauden animalia guztiak berez hil dira, gaixotasunagatik, adinagatik, istripu bat tarteko... eta hil eta gero ekartzen ditugu museora. Hori jakitean asko lasaitzen dira haurrak»

«Eskolan lantzen dituzten gaietan sakontzen dugu hemen. Horregatik, neurrira moldatzen dugu bisita bakoitza, lantzen ari diren gaiaren eta haurrek duten adinaren arabera»

«Natura beste begi batzuekin ikusi behar dutela erakusten diegu. Kakalardoak, adibidez, nazkagarritzat jotzen ditu jende askok. Baina gertutik begiratuz gero, dituzten formak, koloreak, simetriak... oso ederrak direla konturatuko gara»

«Eskolak, jubilatu taldeak, euskaltegietakoak, lagun taldeak, berbalagun taldeak... askotariko bisitak izaten ditugu. Talde bakoitzaren beharretara moldatzen gara, baina normalean ordubete inguruko bisitak izaten dira»

Mañariko Hontza Museora sartu orduko sumatzen da usain sarkorra. Duela egun batzuk jaso dituzten itsasoko belaki batzuk prestatzen ari dira biltegian. Alkohol berezi batean sartuta daude. Geroagoko lanak izango dira behatzea, ikertzea, sailkatzea eta biltegian artxibatzea. Horretan darama Enrike Huertak, Hontza Museoa Fundazioko presidenteak, 58 urte. Natur zientziak behatzen, horietatik ikasten eta beste batzuentzat ikasgarri izateko moduan jasotzen eta erakusten. Hala ere, bere lanaren parte txiki bat baino ez dago ikusgai Mañariko museoan. Biltegian 40.000 ale inguru omen dauzkate eta museoan, ikusgai, 1.500. Museoetako biltegiak horrelakoak izaten omen dira eta Mañarikoa aberatsa omen da erakusten duen ale kopuruan.

Durangaldeko Natur Zientzien Museoa familia museo bat dela esan daiteke. Enrike Huertak berak martxan jarritako proiektura batu baitira bere etxekoak. Huertak pasioz bizi du museoa eta asmatu du grina hori ingurukoei kutsatzen. Lehen zaletasuna zuela esaten omen zuen, baina eskaintzen dizkion orduak eta lana ikusita, urte asko dira zaletasuna baino askoz gehiago dela.

Museora sartu orduko sumatzen dira pasio horren printzak. Begiek nekez topatzen dute lasai pausatzeko tokirik. Informazio asko eta tentagarria. Horregatik, asko eskertzen da Bego Caballerok patxadaz gidatzea. Bera arduratzen da Hontza Museoko bisitak gidatzeaz eta bertan dauden naturaren altxorren berri emateaz. «Eskolak, jubilatu taldeak, lagun taldeak, euskaltegietakoak, berbalagun taldeak... askotariko bisitak izaten ditugu. Talde bakoitzaren beharretara moldatzen gara, baina normalean ordubete inguruko bisitak izaten dira». Egia da bisita nahi adina luzatzeko informazioa biltzen dutela museoko erakustokiek eta txokoek.

Munduko animalia handienetakoak biltzen dituen aretoan hasten da bisita. Albatros erratua, hego-zabalera kontuan hartuta, munduko txori handiena. «Hegoak guztiz zabalduta jarriz gero, punta batetik bestera doan distantzia kontuan hartuta, hauxe da hegazti handiena. Askotan kaioarekin nahasten da albatrosa eta bisitariei erakusten diegu albatrosa eta kaioa bereizten. Albatrosak mokoan zulo batzuk ditu. Itsas txoria denez, arrainak harrapatzen dituenean ura ere hartzen du. Itsasoko ura denez, gazia da. Eta gatz hori gorputzarentzat osasungarria ez denez, hori botatzeko modu bat topatu behar du. Horretarako ditu zulo horiek». Zein makinaria perfektua den natura.

Munduko beste animalia handienetako bat ere hantxe, albatrosaren alboan: jirafa. «Jirafak mingaina luze-luzea dauka eta belarriak eta sudurra garbitzeko erabiltzen du. Gehien gustatzen zaion janaria akazia zuhaitza da. Arantza asko dituen arren, jirafak ez du minik hartzen ahoan, oso aho indartsua daukalako. Ugaztuna denez, ugaztun guztiek bezala eta guk geuk bezala, zazpi lepaorno dauzka jirafak. Haurrei galdetzen diedanean zenbat lepaorno dituen jirafak lepo luze horretan, ehun edo berrehun erantzuten didate. Harrituta geratzen dira zazpi dituela esatean. Baina hezur bakoitza tamaina handikoa da. Eta hori arazo bat da, zailtasun handiak izaten dituelako makurtzeko. Horregatik, ura edan behar duenean, hankak zabal zabalik jartzen ditu, spagat egiteraino. Eta lo ere zutunik egiten du, ez da inoiz etzaten, asko kostatzen zaiolako altxatzea».

Eta pareko paretan, karramarro erraldoiak; bata arra, eta, bestea, emea. «Karramarro arra eta emea bereizten erakusten diegu bisitariei. Horretarako baditugu ale batzuk gordeta, eskuan hartu eta gertutik ikus ditzaten. Material didaktiko asko daukagu eta benetan lagungarria da guk emandako azalpenak osatzeko».

Caballerok kontatu duenez, haurren kezka nagusiena izaten da museoan dauden animaliak nola hil diren jakitea. «Animalia horiek museora ekartzeko akabatu ote dituzten izaten da haien kezka nagusia eta askotan galdetzen digute hori. Museoan dauden animalia guztiak berez hil dira, gaixotasunagatik, adinagatik, istripu bat tarteko... eta hil eta gero ekartzen ditugu museora. Batzuk dagoeneko prestatuta eta beste batzuk hemen prestatzen ditugu. Hori jakitean asko lasaitzen dira haurrak».

Hurrengoa, ornogabeen gela. «Hemen dauden guztiak ornogabeak dira. Kartel urdin bakoitzak talde bat adierazten du. Hemen, adibidez, araknidoak daude. Eta bitxikeria bat bada hemen. Museoko ale guztiak benetakoak dira bat izan ezik, hauxe, kaparraren maketa bat da. Hemen garbi ikusten da nolakoa den kaparraren gorputza jan aurretik eta jan ondoren. Kaparrak arriskutsuak direla eta zenbait gaixotasun ekar ditzaketela ere kontatzen diegu. Harrituta geratzen dira. Eta jende askok intsektua dela pentsatu arren, kaparra araknidoa da eta zortzi hanka dauzka, araknido guztiek bezala».

Intsektuen atala dator ondoren. «Natura harrigarria da, simetria perfektuak osatzen ditu. Intsektuena da naturan dagoen talderik handiena, milioi bat espezie daude eta bakar batzuk baino ez ditugu ezagutzen».

Tximeleta zoragarriak, kakalardo ederrak. «Hori ere lantzen dugu. Natura beste begi batzuekin ikusi behar dutela erakusten diegu. Kakalardoak, adibidez, nazkagarritzat jotzen ditu jende askok. Baina gertutik begiratuz gero, dituzten formak, koloreak, simetriak... ikusiz gero, oso ederrak direla konturatuko gara».

Naturaren jakinduria

Krustazeoak ere, hamaika. «Hona iristean, pintza handi batzuk ateratzen ditugu, otarrainaren antenak. Lehen begiratuan ez ikusi arren, ukituz gero azkar igartzen da antena horietan ezten mordoa dutela. Eta kontatzen diegu hori defentsarako erabiltzen dutela. Eraso egiten dietenean, erasotzaileari, gutxienez, mina emateko».

Karramarro ermitauak etxea aldean darama. Baina hazten denean, handitzen denean, oskola txiki geratzen zaio eta bazter batean uzten du, hutsik dagoen beste handiago bat topatu eta beretzat hartzeko. Eta karramarro biolinistak ere merezi du gelditu eta gertutik begira egotea. «Pintza bat luzeagoa dauka eta badirudi biolina jotzen ari dela. Eta borrokaren batean pintza hori galduz gero, beste aldekoa garatu eta handitu egiten zaio. Eta berria finago eta txikiago hazten da. Gaitasun hori dauka. Horregatik, pintza handiena ez da beti eskuin aldekoa, aldez aldatu daiteke».

Poriferoak. Landare itxura duten arren, animaliak dira. Gorputza zuloz beteta dute eta planktona jaten dute. «Ura iragazten dute denbora guztian, eta, 30 gramo janari lortzeko, mila litro ur iragazi behar dituzte. Horrek adierazten du oso langileak direla, geldirik daudela iruditu arren. Batzuk bigunak dira, eta, beste batzuk, gogorrak».

Eskolan landutakoa, sakondu

Goiko solairura bidean, geldialdia. Ukitu daitezkeen aleak. «Ileak, lumak, larrua... asko gustatzen zaie hau guztia ukitzea», kontatu du Caballerok. Behin goiko solairuan, haurrak eutsi egin behar izaten ditu, burua luzatzen baitute animalia handiagoak ageri diren aretoetara. Liburuetan eta filmetan ikusten dituztenak, hantxe, parez pare.

Beraz, moluskuen gelara erakartzen ditu lehendabizi. «Eskolan lantzen dituzten gaietan sakontzen dugu hemen. Horregatik, neurrira moldatzen dugu bisita bakoitza, lantzen ari diren gaiaren eta haurrek duten adinaren arabera». Oskolak dituzten olagarroak, defentsarako pozoia botatzen duten moluskuak, perlak egiten dituztenak...

Australiako muxila erraldoi baten aurrean paratuta, elizetan ur bedeinkatua jasotzen duten harraska bereziak datoz gogora. «Handia iruditzen ote zaien galdetzen diet haurrei eta baietz, sekulakoa iruditzen zaiela. Ba hemen ageri dena oso-oso gaztea eta txikia da. Muxila mota honek heldua denean 200-300 kiloko pisua har dezake eta hogei metrotik gorako neurria».

Erakustoki arrosan dauden animalia guztiak talde berekoak dira; ekinodermatuak, itsas izarrak tartean. «Haien berezitasun nagusiena da gorputza bost zatitan banatuta dutela». Eta tartetxoa ematen du bisitariak hori horrela dela baieztatzen. Izan ere, zaila egiten da ulertzea itxuraz hain desberdinak direnak talde berekoak direla. Naturaren lilurak.

Animalia handiagoen eta lehen bistara ezagunagoen gelara iritsita, denbora behar da bakoitzari buruzko informazioa hartzeko. «Oihaneko animalien eta animalia exotikoen txoko hau asko gustatzen zaie. Bisitaren amaieran, denbora uzten diegu areto hauetan lasai egon daitezen. Animalia handiagoak dira eta ikusgarriagoak iruditzen zaizkie. Etengabe ez ukitzeko esaten diegun arren, tentazioa handia da eta lanak izaten dituzte eusten».

Hartzak, pumak, azeriak, ostrukak, lehoiak, sugeak, askotariko hegaztiak... Mañariko Hontza Museoko atetik ateratzean bisitariak sentitzen du toki askotan egon dela eta asko ikasi duela. Sentitzen du patxada hartu duela natura den makinaria perfektu eta liluragarri horri erreparatzeko. Eta, bai, naturak beti liluratzen du arretaz begira dagoena.

Enrike Huerta Hontza museoa fundazioko presidentea

«Beti jasotzen dugu eskaintzen digutena; ondarea ezin da bota. Jaso, kontserbatu eta zaindu egin behar da»

Hontza Museoa Fundazioaren presidentea da Enrike Huerta. Museoaren sortzailea, bultzatzailea, ikertzailea… Hontzako arima nekaezina.

Hogeita hamar urte baino gehiago dira museoaren proiektua hasi zuela. «Hasieran beste toki batean hasi ginen, baina ez zen oso aproposa. Horregatik, hogeita lau urtean itxita egon da eta duela bost urte zabaldu genuen hemen, egoitza berri honetan. Orain askoz txukunago dago guztia». Ateak jendeari itxiak izanagatik, museoa ez da itxita egon, Hontzako erakustokietan 58 urteko ikerketa lanaren parte txiki bat baino ez baitago bistan.

Durangaldeko Natur Zientzien Museoa Enrike Huertaren bizitzako zutoin garrantzitsua da. «Ni irakasle bezala aritu naiz lanean. Hasieran akaso zaletasuna izango zen, baina, denborarekin hartu duen pisua ikusita, ez nuke esango zaletasun hutsa denik. Dagoeneko jubilatuta nago, baina lehen bezala orain nire denboraren parte handia eskaintzen diot museoari. Lan asko egiten dut eta ez dut dirurik kobratzen», dio umorez.

Biologian aditua, malakologian espezializatua –moluskuen ikerketan–, museologian jantzia… jakin-min eta jakintza zabaleko begirada dauka Enrike Huertak. «Egun nire lan esparrua egungo itsas ikerkuntzan zentratuta dago. Baina museoa tarteko, natur zientzia guztiak ikertu ditut eta denak maite ditut. Unibertsitatean bost urtez ikasten duzu, baina nik 58 urte daramatzat etengabe ikasten».

Txispa 12 urte zituela piztu zitzaion. «Nik esaten dut parean zenbait kasualitate gertatu zirela. Etxean itsas kurkuilu bat nuen. Orain museoan dago ikusgai, istorio honen guztiaren lehen alea. Egun batean Bilbora joan nintzen gurasoekin eta beste bi itsas kurkuilu topatu nituen. Eta horrela hasi nintzen arreta jartzen eta bilduma osatzen. Museoaren ideia 14 urte nituela hasi zen forma hartzen. Donostiako Aquariumera joan nintzen eta pentsatu nuen hemen inguruan ez zegoela natur zientzien museorik. Zergatik ez hasi materiala biltzen etorkizunean museo bat osatzeko? Eta etorkizun hura hemen dago, Hontza Museoan».

1997ko ekainean inauguratu zuen museoaren lehen urratsa Mañarian bertan. «Tokia ez zen batere egokia, behin-behinekoa izan zen, baina garai hartan 143 eskola etorri ziren hiru urtean. Aise esaten da».

1.500 ale daude erakusgai, mundu guztikoak eta natur zientzien alor guztietakoak. Biltegian, 40.000 ale baino gehiago daude. «Gure lana ale horiek guztiak biltzea, ikertzea, txukuntzea eta ordenatzea da. Guztiak donazioak dira; eskoletatik, beste museo batzuetatik, lagunen eskuetatik, unibertsitateetatik, herritarren eskutik… 58 urtean sekulako mugimendua egon da hemen. Garrantzitsuena da jendeak museoa existitzen dela jakitea. Hartara, piezaren bat emateko daukatenean zurekin akordatzen dira. Gaur-biharretan Altsasu aldera joan behar dugu pieza batzuen bila. Beti jasotzen dugu eskaintzen digutena. Ondarea ezin da bota. Ondare hori jaso, kontserbatu eta zaintzea da gure lana». Pena omen da Huertaren esanean, jasotako guztia ezin erakutsia. «Baina museoetako funtzionamendua horrelakoa da. Museo batean ezin da sekula erakutsi dagoen guztia. Eta, hala ere, museo honetan ale dezente dauzkagu ikusgai». Ale asko eta alor askotakoak.

Seiehun ikertzaileko sarea

Mundu mailako errekor asko topa daitezke Mañariko museoan, Huerta horretara jarri delako. «Munduko hiru errekor dauzkagu», nabarmendu du. Albatros erratua eta pelikano zuria dira munduan hego-zabalera handiena duten hegaztiak. 3,60 metrora irits daitezke. Hontzan 2,82 metroko hego-zabalera duen albatros bat dute. Bigarrena, munduko karramarro handiena. «Hemen daukagunak 2,90 metroko zabalera dauka, baina berez 3,40 metrora ere irits daiteke», zehaztu du. Eta hirugarren errekorra, ezagunagoa, jirafa.

Karramarro erraldoiaren alboan argazki bat ikus daiteke, karramarroa topatu zuten itsasontzian jasoa. «Karramarro hori topatu zuenak Japoniako ikertzaile bati eman zion abisua. Ikertzaile hori lagunak dut eta hark eman zidan niri karramarro erraldoi horren berri. Mundu mailan seiehun bat ikertzaileren sarea osatzen dugu eta denok daukagu elkarren berri».

Mañariko museora gerturatzen dira lau urtetik hasi eta unibertsitatera bitarteko ikasleak. «Bakoitzak bere helburuak dauzka eta bakoitzari bere beharren araberako bisita antolatzen diogu. Baina oso lan garrantzitsua da museoak egiten duena. Liburuetan ikusten dituzten gauzak errealitatera ekartzeko modu bat da eta maiz harrituta geratzen dira haurrak; liburuan txikia zirudiena berez handia da eta alderantziz. Museoak bisitatzeko ohitura sortzea, ingurua behatzeko gogoa piztea, naturarekiko jakin-mina sortzea… lan hori oso garrantzitsua da».