Dabid LAZKANOITURBURU
IKUSMIRA

AZKENEAN, HISTORIAREN MENDEKUA IRITSI DA TXILERA

Salvador Allenderen gobernu sozialistaren aurkako 1973ko estatu kolpe militarraren ostean, Txile neoliberalismoaren laborategi bihurtu zuen Chicagoko Eskolak. Augusto Pinochet diktadorea etxean zendu zen, azkenean lasai-lasai, eta, 1990. urtean, «demokrazia» iritsi omen zen herrialdera. Ordutik urriaren 18ra arte ikasleak ziren egoera sozioekonomiko itogarria salatzera behin edo behin kalera irteten zirenak. Orain, ordea, murrizketen eraginak erdiko klasearen etorkizuna kinka larrian jarri duen honetan, sutan dago herrialdea. Hogei hildako, ehunka zauritu (horietako askok begia galdu dute) eta milaka atxiloturen ondoren ere, protestek ez dute etenik eta Santiago hiriburuko auzo aberatsetara iritsi dira jada. Sebastian Piñera presidenteak bereari eusten dio, ministro batzuk aldatzea nahikoa delakoan. Oraindik ez da konturatu luzaro itxarondako mendekua gainean duela. Konturatu al da harrituta airean dagoen kartutxoari begira dagoen Txileko polizia hori? Dabid Lazkanoiturburu