GAUR8
ASMR FENOMENOA

Xuxurla batek, soinu batek, bizkarrean laztan batek piztu dezakeen zirrara

ASMR esaten zaio eta zentzumenen eztanda bati ematen dio izena, «orgasmo zerebral» baten parekoa gozatzen dutenen esanean. Oso gauza txikiak piztu dezakeen zirrara berezia da eta Interneten dagoeneko baditu leiho propioak, ASMR bideoak zabaltzen dituztenak asko eta askotarikoak baitira.

ASMR esaten zaio ingelesezko siglengatik eta zentzumenen erreakzio edo erantzun bati egiten dio erreferentzia. «Azalean gertatzen den sentsazio estatikoa da, inurriduraren parekoa, normalean buru-azalean hasten dena eta lepoaren atzealdea eta bizkarrezurraren goialdea zeharkatzen dituena», azaltzen dute neuropsikologoek.

Sentsazio hori ikusmen edota entzumen estimulu desberdinen aurrean piztu daiteke: ahots leun bat, liburu baten orrialdeak pasatzea, azazkalekin plastiko gainazal batean kolpetxoak ematean egiten den soinu errepikakorra, azenario bat mozten duen pertsona baten mugimendu pausatua, mastekatzea, likidoak zurrupatzean egiten den soinua. Pizgarri desberdin asko egon daitezke, egoeraren eta pertsonaren arabera. Batzuek «orgasmo zerebrala» dezala definitu dute, baina pertsona guztiek ez dute sentitzeko gaitasuna.

Sentsazio eztanda horrek beste bide bat topatu du azkenaldian, sarean gero eta ugariagoak diren ASMR bideoak. Askotariko bideoak topa daitezke, autore desberdinenak eta askotariko teknikak erabiltzen dituztenak. Youtuber horietako batzuk benetako izar bihurtuta daude. Adibidez, badira erabiltzaileak xuxurlen bidez lasaitzen dituztenak edota loa hobetzeko teknikak sustatzen dituztenak. Harago joan denik ere bada, eta sarean topa daiteke ASMR bikotea; abestiak eskaintzen ditu, gaixo zaudenean zopa eskaini, opariak egin eta, oro har, erlaxatu egiten omen du pantailaren beste aldetik begira dagoena. Badira norbait mastekatzen agertzen diren bideoak; objektuak azazkalekin kolpatzen dituztenak; biribilkatutako toallak askatzen dituztenak... Askotariko soinuek eta mugimenduek sortu dezakete zirrara. Adituen esanetan, eduki digital horien gorakadak bi norabide ditu; batzuentzat gustagarri eta erlaxagarri dira eta beste askoren jakin-mina pizten dute.

Kontzentrazioa, ezinbestekoa

ASMR bideo horiek jende askori egiten diete mesede, erlaxatu egiten dira eta haien umorean eragina daukate, onerako. Beste jende askorengan, berriz, ez daukate inongo eraginik. Fenomeno horren oinarri zientifikoa ez dago garbi. Alegia, ikerketak egiten ari diren arren, neuropsikologoek ez daukate batere garbi sentsazio horien azpian ezer berririk dagoenik. Hori bai, sentitzeko oso beharrezkoa da oso kontzentratuta egotea.

Hala ere, orain izen hori jarri dioten arren, sentsazio eztanda hori ez da gauza berria jende askorentzat. Hiru pizgarri mota identifikatu dira oraingoz; ukimena, entzumena eta ikusmena. Adibidez, norbaitek ilea ukitzean, bizkarretik eskua pasatzean, norbaiten ahotsa xuxurlatzen entzutean, paper bat biltzean, zerbait eskuilatzean, norbaiten mugimendu suabeak ikustean...

Fenomenoa ez da oharkabean pasa markentzat eta dagoeneko merkatuan sumatu da ASMR joera. Adibidez, Samsungek Galaxy “belarriduna” patentatu du, ASMR bideoak grabatzeko gaitasuna duena. Eta iragarkien munduan ere sumatu da ASMR efektua.