Xabier Izaga Gonzalez
INMERSIONES

Hego Euskal Herriko artista hasi berriak ezagutarazteko topagunearen XII. edizioa

Inmersiones, inguruko artista hasi berriak bistaratzeko topagunea. XII. edizioa komisariatu duen Redil kolektiboko kide Iñaki Larrimberekin eta Ruben Diaz de Corcuerarekin hitz egin dugu, Gasteizko topagunearen historiaz, orainaz eta, nola ez, artearen etorkizunaz, horixe izan baita aurtengo edizioko gaia.

Ohikoa ez den ekimena da Inmersiones. Izan ere, Euskal Herrian egiten den mota horretako jarduera bakarra da. Dagoeneko ibilbide emankorra egin du eta pilatutako eskarmentua baliatuta, XII. edizio erakargarria egin berri du.

Artisten topagunea da Gasteizko Inmersiones, proiektu eta informazio trukaketa, «artearen espazio publikoa eguneratzeko modu gisa». Sortu zeneko helburu berbera du: inguruko produkzio artistiko hasi berrian murgildu eta hura ezagutaraztea, ahal den neurrian erakusketa baliatzea saihestuz. Artista hasi berriak biltzen ditu, beraz, gehienak gazteak, etorkizunari begirako topagunea baita.

Azaroaren 28an aurkeztu zuten aurtengo edizioa Gasteizko ZAS Kultur Espazioan. Topaketaren katalogoa, kazeta formatuan, sarean dago eskuragarri nahi duen orok kontsultatzeko moduan eta, egitaraua ez ezik, parte hartzaileen hainbat artikulu ere biltzen ditu.

Artearen etorkizuna

Edizio honetaz eta aurrekoez ere hitz egin du GAUR8k Redil Kolektiboko kide Iñaki Larrimbe eta Ruben Diaz de Corcuerarekin, arte politikoko kolektibo horrek koordinatu edo komisariatu baitu aurtengo Inmersiones. Aurten, azken urteetan bezala, gai baten ingurukoa izan da topaketa, eta haren goiburua “Etorkizuneko artea. Artearen etorkizuna”. Horren gaineko hainbat galdera egin diote beren buruari: etorkizun hurbilean arteak eragin politiko handiagoa izango duen, artea bizitzan guztiz urtuko den, irudikapenetik alde egingo duen, hutsalkeriaren aurrean amore emango duen, artearen paradigma batzuk agortu eta beste batzuk sortuko diren, azken teknologiek horretan guztian esku hartuko duten... «Zentzu kronologikoan, orainaldiko artistok iraganeko artearen etorkizuna zein etorkizuneko artearen iragana gara, baldin artearentzat etorkizunik badela erakusten bada, ez baitago batere garbi».

Hiru egun jardueraz betetzeko egitarau potoloa zuten, aurkezpenaren egunean bertan hasita. Frantzisko Javier San Martinek hitzaldi bat egin zuen, 1927an, Futurismoak hogei urtetsu bete zituenean, Marinettik testu autobiografiko bati eman zion izenburu bera erabilita: “Caffeina d’Europa”.

Lehiaketetan eta kongresuan parte hartu zutenak lau deialdiren bidez hautatu zituzten. Hartara, ostiralean Nerea Lekuonak irabazi zuen argazki lehiaketaren erakusketa zabaldu zuten, baita “Educacciones” izenekoa ere, Anabel Quincoces artistak zenbait ikastetxetan egin duen sortze eta hezkuntza lanaren emaitza ikusgai jarri zuena. Halaber, Jorge Salvador eta Paula Estevezi ilustrazio lehiaketaren irabazle saria eman zieten.

Larunbatean, Ortzai antzokian, Inmersiones kongresua izan zen. Alde batetik, hautatutakoek, artistak zein arte ikertzaileak, beren proiektuak azaldu zituzten jendaurrean. Bestetik, hautatutako “ekintza arte” proposamenak edo artistek beren gorputzekin parte hartu behar duten artelanen proposamenak aurkeztu zituzten.

Azkenik, aurtengo berritasuna arte-fikzioko kontakizun ilustrazioen lehiaketa izan da. Urte hasieran, besteak beste Susana Viñolo irabazlearen istorioa jasoko duen liburu bat argitaratuko dute.

Kalitate handiko proposamenak jaso dituztela diote Larrimbek eta Diaz de Corcuerak: adimen artifizialen gaurko artearen gaineko txosten kritiko bat; arteak zibernetikaren lengoaiaren aurkako jarreraren alde egin beharra; neuro artearen gaineko txosten bat; film futuristetan edo zientzia fikziokoetan agertzen diren monumentuen artxibo edo bilduma...

Kongresuaren ondoren, urtero bezala, bazkaria egin zuten parte hartzaileek, eta, arratsaldean, tertulia batekin eman zioten amaiera aurtengo edizioari.

Hamabi edizio, hamabi erronka

Hamabi urteko ibilbide emankorra egin dute, baina zailtasunez betea. Proiektua Amarika asanbladak sortu zuen. Artisten asanblada hori 2002an Amarika gela itxi ondoren sortu zen. Hiru areto kudeatzen hasi zen: Amarika gela, berriz ireki zutena, Probintzia Artxiboko gela eta Kultura Etxea. Kasu bitxia, paregabea izan zen, artisten asanblada batek ordu arte sekula ez baitzuen gune instituzionalik kudeatu. Kultura diputatua artistei, eragileei deitzen hasi omen zen. «Hala egiten zuten lehen; orain, ezta hori ere», diote Larrimbek eta Diaz de Corcuerak. Garai hartako Kultura diputatuak asanblada batean esan zien artistek nahi zutena egingo zutela, eta asanbladak gelak kudeatu nahi zituela erantzun zioten. Amarika gelan egin zuten lehenengo Inmersiones, 2008an, Arabako Foru Aldundiak finantzatzen zuen pintura, eskultura eta grabatu lehiaketa guztiz aldatuta. Lan asko egina, traba asko gaindituta, ezohiko lehiaketa izan zen, eta gutxi gorabehera formatu hari eutsi diote funtsean gaur arte: jendaurreko arte proiektuen edo ikerketen aurkezpenak.

Inmersiones hasi zen urtea azpimarratu dute Redil kolektiboko kideek, krisi ekonomikoa hasi zen urtea, hain zuzen. Eurek erakusketaren formatua krisian zegoen kontzientzia zuten, erakusketa eta katalogoa egiteak dirutza eskatzen baitu, eta, proiektuaren helburua artistak ikusaraztea zenez, beste formatua askoz baliagarriagoa da. Izan ere, Inmersiones oso proiektu iraunkorra da. Amarika gela itxi zutenean ere, bizirik jarraitu zuen. Ez dute erakusketa gunerik behar izan; esan bezala, ahal den neurrian erakusketaz baliatzen ez den proiektua baita.

Bigarren edizioa Izaskun Alvarez Gainzak antolatu zuen, aurreko urtean parte hartu zuen artista batek. Izan ere, proiektuaren ezohiko beste ezaugarri bat da komisariotza txandakatzea. Ez dute proiektuaz jabetzeko asmorik. Proiektuak sortu eta beste artista batzuek haiez ardura daitezen nahiago dute. Horregatik, parte hartzen dutenek hurrengo edizioetan komisariatzeko edo koordinazio lanetan laguntzeko aukera dute. Hori da Diaz de Corcueraren kasua ere, bigarren edizioan artista hautatu gisa parte hartu ondoren, hirugarrena komisariatu baitzuen 2010ean.

Laugarren edizioan gai baten inguruan antolatzea erabaki zuten. Urte berean, Arabako Foru Aldundiak Amarika asanbladarekin zuen harremana bukatutzat jo zuen. Edizio hura Gasteizko Gobernuaren laguntzen bidez finantzatu zuten, eta aurrerantzean horiei eta beste batzuei esker, betiere lehiaketa bidez, aurrera atera dute Inmersiones. Penaz gogoratu dute garai hura, hiru kultura proiektu garrantzitsu baitzeuden: Artium, KREA eta Amarika; gainera, abian zegoen Montehermoso kulturunea, «eta dena pikutara bidali zuten, artearen munduak Gasteizen momenturik onenetakoa bizi zuen momentuan».

Hurrengo edizioaren goiburua esanguratsua izan zen: “Pakean utzi artea”. Instituzioen bertako artistekiko ezaxolak Amarika asanblada ia desagertzea eragin zuen, baina lagun batzuek Inmersiones proiektuari eustea erabakita, elkarte bat eratu zuten hurrengo urtean, Inmersiones izenekoa, hain zuzen. Gune instituzionaletatik alde eginda, Gasteizko Alde Zaharreko lokaletan mugitu ziren, azken aldion Ortzai antzokian eta ZAS Kultur Espazioan, beren jardunerako egokiagoak, proiektuak ez baitu erakusketa ardatz.

Redil kolektiboa

Aurtengo Inmersiones komisariatu duen Redil kolektiboak gizartean eragiteko asmoa du. Artistak ez ezik, edonor pentsarazi nahi dute, gizartea astindu. Diaz de Corcuerak eta Larrimbek beren artelanak egiten dituzte, baina Redil kolektiboak arte politikoko ildoa du eta bere batian egiten dituzten obrak, artetik egindako iruzkin bat egitera bideratuta baino areago, eragitera daude bideratuta. Artetik mundu politikoan eraginkorrak izan nahi dute.

Kolektiboaren lehen jarduera Monteheremoso kulturuneko “Babesik gabe” erakusketa izan zen, artisten eta gobernuz kanpoko erakundeen arteko lankidetza programa baten barruan. Orduan aurreikusita zegoen Siriako gerratik errefuxiatu uholdea iristea, eta proiektu polita zeritzoten. «Baina ez oso atsegina», diote atoan. Bai Udalarekin, bai gobernuz kanpoko erakundeekin tirabirak izan zituzten. Euren ustez, beren egitekoa ez baitzen gobernuz kanpoko erakundeek transmititu nahi zuena ilustratzea. Erakusketan, esate baterako, bisitariek Ruandako sarraskien irudietan selfie-ak egin zitzaketen gune bat zegoen. Errefuxiatuen argazkiak jarri beharrean, Mediterraneoa zeharkatzeko ahaleginean hiltzen zirenen irudiak jartzen zituzten, hondartzetan itota agertzen zirenenak. Argazkiak erabiltzeko eskubideak erosi zituzten, eta, fotomuntatze teknikak erabiliz, irudira sartzen ziren, buzo zuri bat jantzita tragedia haiei soraio begira agertzeko. «Baina hor ezer egin gabe agertzen zarete», esaten omen zieten, eta eurek erantzun: «Jakina, jendeak egiten duena».

Ildo horretatik doa Redil kolektiboak egiten duen arte politikoa, haserretzen duena, molestatzen duena, «batez ere jarrera hartzera behartzen duelako, jendeari pentsarazten diolako». Erakusketa hartan, aukera bat eskaintzen zuten: «Zer egingo dut? Ondo egongo da? Nik lagundu nahi dut, baina nola agertuko naiz triskantza horren erdian?».

“Buldatorio” izeneko makina ere egin zuten orduan, buldak saltzen zituen tramankulua, alegia, nahi zuenak errefuxiatuei gertatzen zitzaienarekin zerikusirik ez izateko bulda eros zezan. Zama kritiko eta ironiko handiko piezak erabiltzen dituzte beren salaketa lanerako.

Etorkizuna

Inork ez daki nora joko duen etorkizuneko arteak, baina ez da erokeria aurreikustea Inmersiones topaguneak osasuntsu jarraituko duela hurrengo urteetan, eraginkor, «ondo funtzionatu duelako iraganean eta egun ere funtzionatzen duelako». Baina berritasunak izango direla diote.

Harro dira Diaz de Corcuera eta Larrimbe, Inmersionesen parte hartu dutenetako asko «etorkizun oparoa» izatetik «artearen munduan errealitate finkatuak» izatera pasatu direlako.

 

Abenduan, Gazte Klik Klak ZAS espazioan

ZAS Kultur Espazioan jarduera asko egiten dituzte. Horren adibide, Inmersiones XII amaitu bezain laster hurrengo jarduera prestatzen hasi ziren, Gazte Klik Klak 2019 argazki eta bideo digitalen lehiaketa. 14 eta 25 urte bitarteko gazteentzako ekimena da, aurtengo edizioa Jorge Salvador ZASeko kideak komisariatua. Ostegunean zabaldu zuten irabazleen lanen erakusketa, eta horien obra jasoko duen katalogo bat ere argitaratuko dute. Gazte Klik Klak lehiaketak arte sorkuntza eta lanen zabalkundea bultzatzen du. Inmersiones bezala, lehiaketa honen gaia ere aldatzen joaten da urtetik urtera.

Erakusketatarako hautatutako lanen artetik, lauk 300 euroko saria jasoko dute argazki, bideo edo kultur materialean. Halaber, datorren martxotik aurrera Jorge Salvadorrek komisariatuko duen Tetrapack 2020 erakusketan parte hartuko dute.