Mikel Zubimendi Berastegi
ELEFANTEEKIN BIZI ETA LAN EGIN

Oihaneko herrien lagunik handiena: bizirautea kooperazio kontua denean

Asiako elefantea kreatura oso inteligentea, errukiorra eta ikaragarri boteretsua da. Gurearen pareko bizi itxaropena izateaz gain, harreman txundigarria jorratu du gizakiokin: elkar ulertuz eta elkarrekin lan eginez. Elefante langileok sufritzen dutela? Bai. Baina, agian, kooperazio mota hori lagungarria izan da bai elefanteentzat baita gizakientzat ere mundu moderno honetan bizirauteko.

Birmania, Malaysia eta Indiako mendi altuetako oihan itxi eta ia zeharkaezinetan, milaka urtez, gizakiak elefanteekin egur lanetan jardun dira, jendea eta ondasunak (kontrabandoan sarri) alde batetik bestera mugitzen, oihanaren babespean beti. Jacob Shell geografoaren “Giants of the Monsoon Forest” liburu zoragarriak elefanteen herrialde misteriotsuotara bidaiatzera gonbidatzen gaitu, kreatura izugarri inteligenteon bizitzak esploratzera. Eta bertan, zinez, irakurleak bilatuko dituen perlak txundigarriak dira.

Elefanteen eta gizakien arteko harremana historiaurretik dator. Egun, Asiako elefanteak kontinentearen hegoaldeko montzoi-oihanetan bizi dira, elkarrengandik landa eremu handiek eta hiriek banatutako “uharteetan” . Bitxia da, baina. Lurreko bigarren ugaztun handiena diren Asiako elefanteon atzeko-hagin edo molarrek erakusten dutenez, oihanak ez ziren beren gustuko habitat naturalak. Hostoak baino belarra mastekatzeko diseinatuak baitaude elefanteok. Eta horrek iradokitzen du, espezie bezala, Siriatik Txinako mendebalderainoko belardi eta eremu zabaletan eboluzionatu zuela Asiako elefanteak. Aldiz, Asiako inperio eta erreinu handiak sortu eta garatzean emandako populazioaren eta nekazaritzaren hazkundearen ondorioz, belardietan aterpe segururik gabe geratu zen, eta, ondorioz, oihanetara mugitu behar izan zuen ezinbestean.

Asiako elefanteokin lehen harremana jorratu zuten gizakiek, mahout (hindi hizkuntzako hitza) edo egungo elefantezainen arbasoak zirenak, antzeko historia izan zuten. Oihanetara jo behar izan zuten belardien eremu zabalen kontrolaren jabe egin ziren inperioen kontrako gerretan galtzaile izan zirenean. Gerrak galdu zituzten gizakiek eta elefanteek habitat latz eta gogor horretan elkar topo egin zutenean, hein batean, kooperazioan oinarritutako harreman bat eraiki beste alternatibarik ez zuten izan bizirauteko.

Egun, Asiako elefante guztien heren bat inguru mahout-ekin diharduten elefante langileak dira, hau da, jendearekin harreman oso estuan bizi diren elefanteak. Sarri etxekotutako elefanteak direla pentsatzen da, baina, beren inteligentziari, indarrari eta ugalketa moduari esker, nolabait, mahout-ekin parekidea den harremanean bizi direla ere esan daiteke, egur lanetan, garraioan eta emergentzia lanetan elkarren laguntzaile.

Autonomia eta bizi kalitatea

Jacob Shellen ikuspuntutik, elefante-gizakia harremana positiboa da bi espezientzat. Onartzen du elefante kumeak harrapatu eta bere senditik banatuz hasten dela prozesua, eta hori oso ankerra gerta daitekeela. Elefanteek ofizioa ikasteko prozesuan zuhaitzei kateatuta pasa beharra duten denbora kooperazioa baino esklabotza izan daitekeela. Baina, hala ere, nabarmentzen du autonomia eta bizi kalitate mailan elefanteon bizitzak ez duela hirietan bizi eta erlijio jaialdietan erabiltzen dituzten elefanteenekin edo zooetan bizi direnekin zerikusirik.

Oihanetako elefanteok denboraren laurdena pasatzen dute lanean eta, gainontzeko denboran, harat-honat dabiltza, “libre”, elikatzen eta bere ahaide basekin harremanetan, sarritan harreman sexualetan.

Besteak beste, oihanean harat-honat ibiltzen uzten dituzte izugarrizko janari kopurua behar dutelako eta soilik ordu luzez bazka biltzen utziz bete ditzaketelako beren beharrak. Goizean mahout-ak joango zaizkie bila eta bainua eta igurtziak oparituko dizkiete, elefanteok zinez dibertituz. Asko eskertzen dituzten keinuok.

Bakar eta errepikaezin

Manhout-ek badakite elefante bakoitza bakarra eta errepikaezina dela, komunikazio sakon eta konplexua garatu behar dutela elefante bakoitzarekin. Izan ere, txakurrak ez bezala, elefanteak ez dira hazten giza emozioei erantzun edo lan zehatzak egiteko. Aitzitik, eboluzioak gaitu ditu ahalmen horietarako, inteligentzia, erruki eta soziabilitaterako. Eboluzioak gizakiok horretarako gaitu gaituen bezala. Eta kointzidentzia horrek ahalbidetu du hain ezberdinak diren bi espezieok horrelako lotura estuak izatea.

Badira gizakiak erakutsi gabe tresnak erabiltzen dakiten elefanteak, elefante basa izanik lanerako elefanteokin batzeko aukera librea izan eta hori erabaki dutenak. Beste elefanteak hiltzen dituzten elefanteak ere badira. Gerrarako erabili direnak ere bai, K.a. 218. urtean Hanibalek Alpeak zeharkatuz Italiaraino eraman zituen 37 gerra-elefante haiek bezalakoak. Bigarren Mundu Gerran, Japoniako eta AEBetako tropen arteko borroketan ere erabili zituzten, eta, inguru hartako gerrilla ezberdinek, Myanmarko Katxin eskualdeko independentistek adibidez, armak garraiatzeko erabili izan dituzte.

Elefanteon eta elefantezainon arteko harremanak hamarkadetan zehar luza daitezke. Elefantea gaztea denean, eme ala ar izan, mahout-arekin jartzen dute elkarlanean. Eta gizakiekin lan egiteko haziak ez diren arren, elefanteok enborrak jaso eta garraiatu ditzakete, luizietan harrapaturiko jendea erreskatatzen dute (2004. urteko Indiako Ozeanoko tsunamian bezala), erreketan kateaturiko zuhaitz eroriak kentzen dituzte eta oihan itxi-itxietan barneratzen dira bidaiari eta merkantziak bizkarrean hartuta.

Etorkizuna, zalantzan

Finean, Asiako elefanteen eta animaliokin bizi eta lan egiten duten herrien arteko interakzioak aztertuz gero, elefanteon inteligentziaren inguruko bestelako ikuspegi hartzen da. Are, mundu naturalaren eboluzioaren eta gizakion borroka politikoen arteko ustekabeko harreman ederra ikusten da. Galdera, baina, hor geratzen da: Zergatik egin du aurrera Asiako elefanteekin lan egiteko tradizioak eta beren ahaide diren Afrikako elefanteekin ez da berdina gertatu?

Harremana bi espezientzat onuragarria izan daitekeela onartu arren, justifika al daiteke bietariko bat denbora batez kateatu izan beharra? Mendebaldarrontzat animaliekiko basakeria eta naturaren giza dominazio izan daiteke hori. Edonola ere, lanerako elefante basak harrapatzearen praktika hori gutxitzen doa, oihan eremuak urritzen eta azpiegiturak hobetuz doazen heinean. Hori dela eta, lanerako elefanteon etorkizuna ez da egun batere argia. Emergentzietarako mantenduko dituzte? Agian. Eta nola ziurtatuko da elefanteok bizirautea hobekien ezagutu eta beraien ahaide kontsideratutako mahout-ik gabe?