Nekane Zinkunegi Barandiaran

Boto taktikoa, konpromiso estrategikorako

Abian da 2020. urtea. Bisurtea. Aurten egun bat gehiago, 366 egun izango ditugu geure buruari ezarritako erronkak erdiesteko. 2020a ere hauteskunde urtea izango da euskal politikan. Martxoan, Ipar Euskal Herrian izango dira herriko etxeetako bozak. Eta ikasturte politikoaren amaieran edo hurrengoaren hasieran, EAEn egokituko da Eusko Jaurlaritzako hurrengo lehendakaria hautatzea.

Krisi, kaos eta larrialdi etengabeko garaian, botoa ematea ez da izapide soila. Demokrazia bera dago etengabe ezbaian, eta egia da hauteskunde egun batez ez dela dena erabakitzen, baina boto paper bat erabakigarria izan daiteke. Baita erakundeetara eraman ditugun ordezkarien jarrera ere. Hori egon da pil-pilean urte hasierako egunotan: Espainiako Gobernuko hurrengo presidentea izendatzeko, aldeko, aurkako edo abstentzioaren botoa ematea.

Gaur, hain justu, hamar urte bete dira EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak “borrokaldi berria” abiarazi zuenetik. Presoek komunikazio astea jarri zuten martxan, itxialdiak eta gose grebak iragarri zituzten, eskaera argiekin: baldintzapeko zigorra betetakoak aske uztea, larriki gaixorik zeudenak kaleratzea, edota bakartutako presoak kideekin elkartzea.

Zoritxarrez, hamarkada bat igarota, indarrean diraute eskaera horiek eta oraindik hutsik ditugun 244 ohe. Pazientzia estrategikoz, ulertu beharko genuke une jakineko erabaki taktikoak eska dezakeela luzera begirako konpromiso estrategikoa. •