Koldo Sagasti

Mundu zoroa

Gure patua psikopata gutxi batzuen esku dago. Halaxe ondorioztatu zuen Jon Robson idazle eta kazetari britaniarrak “Psikopata al zara?” izeneko liburuan. Bere lanean “The Guardian” egunkariko kolaboratzaileak kontrastean jarri zituen gaitz psikopatikoaren diagnostikorako ezaugarriak goi mailako ardura postuetan dauden politikari eta enpresarienekin. Bi urte eman zituen psikopatagaiak elkarrizketatzen buru-osasun zentroetan zein korporazio handietako bulegoetan, eta ikerketaren emaitza erabatekoa izan zen: mundua psikopatek gobernatzen dute. Psikopatak ez du damurik, ezta hurkoarekiko enpatiarik ere; manipulatzailea da, bere helburuak lortuko baditu; neurri gabeko egoa dauka eta gezurra modu konpultsiboan darabil. Horiexek dira sistema kapitalistak saritzen dituen ezaugarriak, horiexek betez baino ezin da, sistema kapitalistaren baitan, ardura goreneko postuetara iritsi. Zenbat eta gertuago izan izaera psikopatikotik, orduan eta gorago egingo duzu botere katean; atzean uzten dituzunekiko errukirik gabe.

Erkatu ditzagun sintoma horiek gizateriaren patua gobernatzen duten gizon-emakumeenekin, AEBetako presidentetik hasita. Psikopata bati baino ezin zaio okurritu, inongo damurik gabe, hirugarren herrialde bateko armadako burua erail eta munduaren oreka labainkorra kolokan jartzea, ondorioei erreparatu gabe, zertarako eta bere ego neurrigabea elikatzeko.

Etorriko da Etxe Zuriko mandataria, bere erorialdian mundu osoa hondora eraman ez badu, ordezkatuko duenik. Baina horrek ez du arazoa konponduko, halako ardura postura iristeko, ordezkoa ere gupidagabetasunaren bidetik helduko baita, kapitalismoaren logika zoro horren barruan. Gure patua psikopaten esku izango da, psikopatak ordezkatu beharrean, izaera psikopata saritzen duen sistema eraldatzen ez dugun bitartean. •