11/01/2020

Reportage
ATAUNGO ONDAREA
San Gregorioko Errotatxok eta Zerrategiak arbasoen ahotsa dakarte errekan behera

Larruntzako errota izandakoan eraiki zuten Barandiaran Museoa, Ataungo San Gregorio auzoan. Museoak, Errotatxok eta Zerrategiak Gipuzkoa mailako aparteko altxor bat osatzen dute, XV. mendetik hasita herriaren eta herritarren berri ematen duen ondarea. Arretaz entzunez gero, uraren joanarekin bat entzuten dira ataundarrek bizitakoak. Egungo ataundarrek zaintzen dute orain altxorra.

Errotatxo eta Zerrategiaren aldeko lantaldeak eta Atauniker
0111_ataun4

XV. mendean Ataun herriko Kontzejuak eta Lazkaoko jaunak hitzarmen bat egin zuten: Larruntzako eta Elizaldeko errotak eta ola bat erdibana eraikitzea erabaki zuten. Gure arbasoek bazuten nahikoa ausardia, beraien etsai nagusiarekin akordio bat egin eta herriari zerbitzu bat emateko.

San Gregorion Larruntza errota eta San Martinen Elizalde errota –biak bi harrikoak– eta Larruntzako errotaren ondoan ola bat eraiki zituzten. Iturrioz azpiko askatako mearekin eta Agauntza basoetako ikatzarekin funtzionatu zuen olak 160 bat urtean. 1693an erre egin zen eta, garai horretan lehiakorra ez zelako, bertan behera utzi zuten. Ola hori zegoen lekuan etxe bat eraiki zuten XVIII. mendean eta egun “Ola” izenarekin ezagutzen da. Ola zaharraren arrastoak aurkitzen dira inguruetan, eskoria-koskoak, batik bat.

Larruntzako errotak martxan jarraitu zuen 1954ra arte eta Elizalde errotak eta Errotatxok, 1963ra arte. Larruntza eta Elizalde errotekin haserreak eta iskanbilak izan ziren, ez zutelako hornikuntza nahikorik ematen eta herritik kanpora ateratzea debekatu zietelako herritarrei. Larruntzako errotatik pasatako urarekin, beheraxeago Errotatxo eraiki zuten 1667an, ataundarren beharrei hobeto erantzuteko. Hasieran bi harrikoa bazen ere, XIX. mende bukaeran harri bat kakaoa ehotzeko erabili zuen Martin Garaialdek, txokolatea egiteko; “Garaialde Txokolateak” sonatuak ziren. 1900. urtean Martin Garaialdek eraiki zuen zerrategi hidraulikoa, Errotatxori erantsita, auzoko beharrei erantzuteko. Zerrategi hori, zerra bertikal batez, lixagailuz eta tornu batez osatuta dago.

Bi errota dauden martxan

1998an, Ataungo Udalak erosi zituen bi errotak eta zerrategia. 2010ean Larruntzako errotan eraiki zuten Joxemiel Barandiaran Museoa. Museoa, Errotatxo eta Zerrategia Gipuzkoako Parketxe Sareak kudeatzen ditu eta, Errotatxo eta zerrategiaren eskuzko mantentze-lanak, erretiratuta dauden boluntario batzuek egiten dituzte. Elizalde errota, berriz, egoera txarrean zegoen eta bota egin zuten.

Lazkaoko jaunak errotei buruzko monopolioa zabaltzean, Ataunen hamar errota izan dira, hori baitzen garaiko negozio segurua. Gaur egun bi errota daude martxan Ataunen: San Gregorioko Errotatxo eta Aiako Errotatxo. San Gregorioko Errotatxo, Agauntza errekaren ertzean dago, Museoaren ondoan eta ura 200 bat metro gorago hartzen du, Uarkaingo presan; ur kanal baten bidez iristen da ura aldaparora. Uda garaian urik iristen ez denean, motoponpa baten bidez igotzen da ura errekatik aldaparora, dena martxan jarri ahal izateko eta bisitariek errota martxan ikusteko. Errotatxo eta zerrategia egiazko altxorra dira, gure arbasoen historiaren zati bat erakusten duena, manipulatu gabea gainera.

Errotatxok bi turtuki (turbina) agerian dauzka eta bisitariek ikusten dute gure arbasoak nola baliatzen ziren uraren indarraz. Gainera, doan eta zikindu edo kutsatu gabe. Zer-nolako lezioa!

Ezin ahaztu garai horietako egoera, hotzaldia eta uzta oso txarrak tarteko. Ataunen baserriak bai ugari, baina txikiak, urteko elikagaia zutenak oso gutxi, eta, beste aldetik, familia handikoak.

Ikazkintza, Ataungo fabrika

Semeak koskortu orduko, udaberrian aitarekin basora edo ikatza egitera joaten ziren. Olek egur-ikatza behar izaten zuten, eta asko gainera. Zergatik ez zuten egurra ekartzen basoan egindako ikatza beharrean olentzat? Guk uste baino azkarragoak ziren gure arbasoak eta esperientziaz bazekiten 1.000 kilo egur ikatz eginda 200 kilotan gelditzen zirela eta kaloria berdinekin. Hori garraiorako sekulako aldea zen batetik, eta, bestetik, surtako hautsa askoz gutxiago egiten zuen: olak garbitzeko, errazago. Aurretik esan dugu, olek mea burdin bihurtzeko ikatz asko behar izaten zutela. Horra zer esaten zuten: 1.000 kilo burdin egiteko, 6.000 kilo ikatz behar izaten zituztela.

Ataunen ikazkintzak 500 bat urte iraun ditu. Lanbide hori izan da Ataungo fabrika nagusia. Udaberrian hasi eta udazkenera arte irauten zuen lantegiak. Lantegiak irailean markatzen zituzten, hurrengo urtean subastan edo kandelan ateratzeko, eta gehiena agintzen zuenari emateko. Lantegiko balorazioa kargaka egiten zuten basoan; 1900. urtean karga pezeta batean baloratzen zen, eta, 1943an, hiru pezetetan.

Lantegia hartzen zuten nagusiek bazituzten betebehar batzuk: ekainaren 20a baino lehen ez zeukaten txondarra pizterik eta baldintza hori ez betetzeak isuna zekarren. 1900. urtean karga-ikatza 18 errealetan saltzen omen zen. Salmentako karga 50 bat kiloko bi zaku izaten omen ziren. Nagusiek ikazkin mutilak San Gregorioko festetan aukeratzen omen zituzten.

Lantegiari hasiera ematera, Pazko hirugarrenean igotzen ziren ikazkinak basora. 1890ean 400 bat ikazkin ba omen ziren Ataungo basoetan. Basora igotzean, lehenengo lana, txabola egitea izaten omen zen eta aterpea zotalarekin egiten omen zuten. Txabolaren barrua bi zatitan banatzen zuten. Batetik, sutegia bere inguruarekin eta enbor batzuekin aulkitarako. Bestetik, kamastroa edo logela; koltxoiak txilarrezkoak, ardi-larruz edo mantaz estaliak. Ikazkinen mantenua: taloa, baba mantekarekin edo urdaiarekin eta, gehigarria, gazta. Arrantxeroa eta torteroa arduratzen ziren babak egosi eta taloak egiteaz.

Bizimodu horrek 7-8 hilabete irauten zituen eta udazkenean etxeratzean kobratzen zuten, eta amari entregatu dirua, urtean egindako zorrak ordaintzeko. Zorrok batik bat errotariarekin izaten zituzten eta horiek taia izeneko egur batean koxkak eginez eramaten zuen kontua, eta, amak ordaintzean, aiztoarekin ezabatzen zituzten koxkok. Eta hurrengo urtera arte.

XVI. eta XVII. mendeetan gure lurraldean gosete handia igaro behar izan zuten. Eskerrak Ameriketatik iritsi zen artoari. Horri esker bukatu zen hemengo gosetea; landare horiek ondo txertatu ziren hemen eta gariak halako bost ematen omen zuen. Ondorioz, jendeak garia egiteari asko utzi omen zion.

Berriok denak On Juan Arinen lanetatik hartutakoak dira. Benetan eskertu behar diogu gure historia biltzen egin duen lan izugarria. Orain gure egitekoa da berriok guztiok zabaltzea.

Errotatxok bi turtuki agerian dauzka eta bisitariek ikusten dute gure arbasoak nola baliatzen ziren uraren indarraz. Gainera, doan eta zikindu edo kutsatu gabe!

Ataunen ikazkintzak 500 bat urte iraun ditu. Lanbide hori izan da Ataungo fabrika nagusia. 1890. urtean 400 bat ikazkin ba omen ziren bertako basoetan