Xabier Izaga Gonzalez
Interview
mirene begiristain
fit4food2030 proiektuaren gidaria

«Tokiko produktu gutxi edukiko ditugu ez badiegu eusten sustraian dauden erronkei»

EHUko ekonomia-doktorea eta ikertzailea, Goiuri Alberdi nutrizio-doktore eta ikertzailearekin batera Europako Fit4Food2030 proiektuaren arduraduna da EAEn Mirene Begiristain. Elikadura sistema iraunkorra izan dadin, ikerketa eta berrikuntzan dauden hainbat hutsune bilatu eta horien araberako proposamenak egingo dizkiote Europako Batzordeari.

Hamar urte barru elikadura sistema iraunkorra izan dadin behar diren ikerketa eta berrikuntzen gaineko proposamenak egiteko hausnarketa prozesua abiatu du Europa mailako Fit4Food2030 proiektuak. Mirene Begiristain eta Goiuri Alberdi, hurrenez hurren ekonomian eta nutrizioan doktore eta EHUko Finantza Ekonomia II saileko ikertzaileak gidatzen ari dira EAEn europar proiektu hori. 2030ean Europan elikadura-sistema jasangarri bat izateko Europako Batzordeak zer ikerketa eta berrikuntza sustatu behar dituen proposatzea da proiektuaren helburua. Elikadura sistemarekin lotutako Euskal Herriko askotariko hainbat eragilek parte hartzen ari dira hausnarketa prozesu horretan.

Lehenengo hausnarketa saioan, elikadura sistema jasangarri bat lortzeko erronkak finkatu zituzten. Bigarrena ostegunean izan zen, eta saio horren bezperan proiektu horretaz luze hitz egin zuen Mirene Begiristainek GAUR8rekin.

Aldez aurreko beste hausnarketa batetik abiatu zarete, nonbait: egungo elikadura sistema ez da iraunkorra.

Bai. Gu azkeneko urteetan bagabiltza elikadura-sistemak aztertzen, eta zenbait ikerketa proiektu dauzkagu horrekin lotuta. Gaur egun nahiko onartuta dago iraunkortasuna irizpide nahiko transbertsala izan behar dela. Ildo horretan, jasangarritasunak arlo desberdinak biltzen ditu. Izan ere, proiektu honetan parte hartzen ari diren eragileen artean, hiru bilkura dauzkagu eta lehenengoan jasangarritasuna zer den eztabaidagai izan da, ikuspegi desberdinak egon daitezkeelako. Jasangarritasunaz hitz egiten ari garenean gauza beraz ari garen ziurtasuna izan behar dugula iruditzen zaigu, baina sarri ez da horrela gertatzen, batzuentzat iraunkortasun ekologiko eta sozialak garrantzi gehiago eduki dezakeelako, beste batzuentzat ekonomikoak, beste batzuentzat kulturalak… Jasangarritasunak dimentsio desberdinak biltzen ditu. Baina bai, badago ia denen kezka bat, jasangarritasunak presente egon behar duela 2030 horizonte horretan, Europan agertoki horretarako politikak finkatzen ari dira eta.

Euskadiko Fit4Food2030 proiektuko laborategi honetan, jasangarritasuna bakoitzarentzat zer den eztabaidan murgildu beharrean, benetan lanean jartzea planteatu dugu, 2030 horizonte horretarako elikadura sistemari lotutako ikerketan eta berrikuntzan ditugun beharrak aztertzea. Ea ondorioetara iristen garen, hemendik Europako Batzordera proposamenak eramateko eta ea denon jasangarritasunaren ikuspegia errespetatzen den.

Ikuspegi desberdinak, hainbat eragile bildu baitituzue.

Laborategi hau koordinatzen dugunok badaukagu geure ikuspegi propioa, lurralde ikuspegia, beharbada zabalagoa izan beharko lukeena, eta badaukagu ikerketaren eta berrikuntzaren ikuskera propioa ere, baina askoz ere aberasgarriagoa iruditzen zaigu momentu honetan behintzat pauso batzuk emateko mota askotako eragileak elkartu eta gai honen inguruan hausnarrean jartzea. Dena den, Fit4Food2030 proiektuaren lidergoa Amsterdameko Unibertsitateak dauka, eta han elikadura sisteman ikerketa eta berrikuntza modu holistikoan hartuta ulertzen ari dira; hau da, sistema horretan dauden eragile desberdinak hausnarrean jarrita.

Horregatik, erakunde publiko eta pribatuak parte hartzen ari dira, hala nola EHUko beste ikerlari batzuk, Ihobe, Orkestra, Elika, Neiker, Leartiker, HAZI... baita elikadura-sistema bere osotasunean ulertzeko guretzat oso inportanteak diren beste batzuk ere, adibidez EHNE Bizkaia eta Gipuzkoako ENBA sindikatuak, edo nekazaritza sistemarekin eta baserritarrekin zuzeneko harremana duten elkarteak: ENEEK nekazaritza ekologikoaren kontseilua, Bizilur internazionalismo mailan Via Campesinarekin harremana duena, EHKOlektiboa, Ekoizpen Urduña, D’elikatuz eta gehiago, guztiak ere Euskadi mailan proiektuak abian jartzen ari direnak. Beraz, eragileak mota askotakoak dira.

Dagoeneko ikerketa eta berrikuntza arloak zehazteko erronkak finkatu dituzue.

Euskadiko Fit4Food2030 laborategiak 2030 agertokian elikadura sistema jasangarria izateko beharrezkoak ditugun ikerketa eta berrikuntza arloak zehaztea du helburu. Bada, ildo horretan lau lan ardatz nagusi zehaztu ditu, non Euskadirako ikerketa eta berrikuntza beharrak zehaztu behar ditugun, Europako Batzordera gomendio gisa helarazteko. Hauek dira lau ardatzok: ekoizpen ereduak, enplegua eta trukeak; nutrizioa, osasuna eta ongizatea; ingurumenaren jasangarritasuna; eta gobernantza eta komunitateen ahalduntzea. Eta lau ardatz horietan beste hiru ardatz transbertsal ere lantzen ditugu: generoa; gazteria eta kultura; eta harreman ereduak, nolabait azken hiru ardatzok beste guztietan daudelako. Guztiak ere Garapen Iraunkorreko Helburuekin lerrokatuta daude.

Nutrizioaren arloan, egin genuen lehenengo saioan eragileek ere azpimarratu zuten beharrezkoa dela curriculumean elikadura sartzea eta osasun sisteman parte hartzen duten, ardura duten eta aholkuak eman behar dituzten adituen parte hartzea, nutrizioa nola landu eta horren inguruko komunikazioa nola sustatu behar den ere aztertzeko. Saio horretan adostasun horretara iritsi ginen, eta arlo horretan sakondu egin behar da.

Finkatutako erronketako batzuk baserritarren baten edo lau txororen kontua direla eman zezakeen duela gutxi.

Bai, lau hippyrena. Identifikatu diren arloen artean, ekoizpen mailan erreleboa erronka nabarmena da. Gaur egun lurrari begiratzea ahaztu zaigu, eta politika publikoek erantzukizun handia izan dute. Errelebo horri ez zaio behar den garrantzia eman.

Tokiko produktuen balorizazioari dagokionez, horien kontsumoa sustatu nahi da alde guztietatik, baina tokiko produktu gutxi edukiko ditugu ez badiegu eusten sustraian dauden erronka horiei, bereziki ekoizpen mailan erreleboa, lurraren gabezia, lurraldearen antolaketa zentzu horretan... Eta araudiak funtsezkoak dira. Tokiko produktuak ezingo ditugu kontsumitu baserritarrik ez badugu, eta zaila egiten ari zaigu zehaztea, nik uste, zer behar den errelebo hori emateko. Hor hainbat hutsune daude, ea laborategian, bigarren saioan, zer adostasunetara iristen diren eragileak, zer hutsunetatik hasi behar dugun errelebo horri bide emateko.

Guk geure aldetik, ikerketa talde bezala, honi lotuta badauzkagu beste asmo batzuk irekita, baina laborategi honi nolabait autonomia eman nahi diogu, Europako Batzordeari egin nahi zaizkion proposamenak zein diren erabaki, guk zer egin behar den esan gabe.

Berrikuntza diozuenean ez zarete berrikuntza teknologikoaz bakarrik ari, ezta?

Ez. Berrikuntzak hainbat aurpegi ditu. Norekin egiten den berrikuntza, zertan egiten den eta zertan ez, nola egiten den baloratzea oso inportantea da. Berrikuntza soziala edo berrikuntza biguna ere esaten zaiona lantzea ezinbestekoa delako gaur egun prozesuak, inplikatuak eta ondorioak aurrez baloratu nahi baldin baditugu modu estrategikoan. Orduan, nolabait ikerketaren eta berrikuntzaren betiko ikuspegi klasiko hori gainditzea da kontua; hau da, berrikuntza goi maila batean egongo balitz bezala eta beste berrikuntza mota batzuk ere badirela kontuan hartzen ez duen ikuspegia. Emaitzetatik harago prozesu bat nola eraikitzen ari garen oso inportantea da, zentzu zabalean benetan iraunkorra izateko.

Aste honetan bertan, bigarren saioan, erronkak ikerketa eta berrikuntzarekin uztartzeko helburua duzue.

Guk, koordinatzaileok, esan bezala, geure ikuspegia daukagu, baina inportantea iruditzen zaigu eragileek eztabaidatu eta adostasunera iristea. Euskal elikadura sistemako ikerketa eta berrikuntzatzat zer jotzen dugun, euskal elikadura sistemak hemen behintzat nola garatu beharko lukeen, nolako prozesuak jorratu behar ditugun eta prozesu horietan nork egon behar duten inplikatuta eztabaidatzea. Eta hori, adostutako definizio horretatik, elikadura sistemak dituen erronkekin lotu. Ea hori finkatzen dugun. Asmoa da euskal elikadura sisteman zein hutsune ditugun aurkitzea ikerketari eta berrikuntzari dagokienez, eta noiz eta norekin jorratzekoak liratekeen hutsune horiek.

Horretarako, dinamika interesgarriak prestatu ditugu. Denok ikusi dezakegu, adibidez, ekoizpen ereduen edo baserrien erreleboaren gaia, osasunarena eta nutrizioarena erronka garrantzitsuak direla. Eta ikerketa eta berrikuntzatik zer egin dezakegu? Gauza batzuk jakin ditzakegu; esate baterako, curriculumean sar ditzakegu, eta, horretarako, zer egin behar dugu, zer ikerketa eta berrikuntza garatu ahal ditugu? Adituekin formazioa eta beste zerbait... eta hori egiteko, zer? Horrela beti iritsiko gara hutsune batera, hori gertatzeko zerbait egiten ez gabiltzan puntu batera. Horregatik da erronka, ikerketa eta berrikuntzan zer hutsune ditugun bilatu behar delako elikadura sistema jasangarri hori 2030ean hemen egia bihur dadin.

Bigarren saio honetan proiektua lurreratu nahi dugu. Hutsune horiek nolabait zehaztu egin behar ditugu: nola bete, zer finantzaketa behar dugun, zer lehentasun dauden, nork parte hartu behar duen...

Hornidura publikoaren gaineko irizpideak eta helburuak zein dira?

Gaur egun, konkurrentzia libreko testuinguru honetan, irizpide gutxi daude tokiko produktuei dagokienez. Poliki-poliki proiektu pilotu batzuk ari dira garatzen, eskola jantokien inguruan, eskola pilotu batzuek pauso batzuk eman dituzte, eta badaude beste proiektu piloturen batzuk Azpeitian, Elikagunearekin lotuta, irizpide sozialak sartu nahi dira zahar etxean; Gipuzkoako Aldundiak ere badu proiekturen bat… Lehenengo pausoak ematen ari gara gai honetan, harrigarria bada ere. Badaramatzagu ez dakit zenbat urte tokiko produktuez hitz egiten eta eremu publikoetan klausula sozialak ez daude hain zabalduta. Hor hutsuneak badira. Kontua da zergatik gertatzen den hori, zergatik hornidura publikoarekin lotutako irizpide eta helburuak ezartzeko zailtasunak dauden. Hutsune horiek identifikatu eta ekoizpen inguruneak eta lurra nola babestu aztertu behar dugu, hornidura horri ere erantzuteko. Zergatik ez dago lurra eskuragarri, zergatik ez dago lurraren babeserako lege bat…? Hor egoera desberdinak daude jasangarritasunaren arloan, eta ea Fit4Food2030 Euskadiko laborategian parte hartzen ari diren eragileek zer hutsune identifikatzen dituzten eta helarazten ditugun.

Gobernantzari lotutako erronken artean, Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrak aipatzen dira, udalei lotuta daudenak. Oso auzi interesgarria da, elkarrizketan jartzen baititu nolabait gobernantza maila desberdinetako instituzioak; Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorretan, udaletan lurra babesteko irizpideak ezarri eta erabakiak hartu ahal dituzte.

Gaur egun eztabaidan dago Europako Nekazaritza Politika Bateratua, horren inguruko hausnarketa irekita dago uneotan hurrengo ziklorako, eta hemen ez da eztabaida handirik izan, Ipar Euskal Herrian gehiago. Baina gobernantzari lotutako erronkak ere badaude, hirigintza planetan, Nekazaritza Politika Bateratuaren inguruan, eta EAEk dauzkan eskumenei lotuta. Ea gobernantzaren arloan, maila desberdinetan gobernantzan dauden instituzioei dagokienez, eta dauzkaten eskumenei lotuta, zer hutsune topatzen dituzten eragileek eta zer egin daitekeen. Ideia batzuk baditugu, baina eragileek esango dute bigarren saioan. Gai potoloak dira.

Baina ez ote dago bigarren mailakoak diren sentsazioa?

Larrialdi klimatikoaz hitz egiten dugunean, adibidez, iruditzen zaigu gure esku ez dauden gai oso potoloetara joan behar dugula. Bada, elikadura sistemaz hasten bagara, gauza asko egin daitezke horri begira, eta horretan gaude, horri eutsi nahi diogu zuzen-zuzenean, eta uste dugu aukera interesgarria dela Europako Batzordeari hemendik egiten diren proposamenak eta gomendioak helarazteko. Eta hausnarketa gune honek bide ematen baldin badu, interesgarria izango litzateke lurraldean ere jostea, beste zerbaiterako baliagarria bada, ikerketa proiektu konkretuak abiatzeko eragileen artean edo dena delakoa. Baina hori ez dago gure esku. Guk espazioa irekitzen dugu eta saiatuko gara ahalik eta emankorrena izan dadin.

Proposatu egin zizueten proiektua gidatzea?

Ez, guk eskaera luzatu genion Eusko Jaurlaritzari, Nekazaritza Sailari eta EHUko errektore Nekane Balluerkari, eta baimena eman ziguten hau abian jartzeko. Azkeneko momentuan sartu ahal izan ginen. Guk motu proprio egin genuen. Normalean, beste herrialdeetako laborategietako ordezkari edo koordinatzaileek politika publikoekin lotura zuzena dute; esate baterako, Nekazaritza Saileko ez dakit nor, eta gu gara zentzu horretan profil desberdinena daukagunak, politika publikoko laborategi bat gidatzen ari garen ikertzaileak. Proiektu honen berri jakin genuen eta eragile publikoen abalak behar genituen. Egun batetik bestera eman ziguten baimena. Gure ekimenez hasi da hau, honetan sinisten dugulako.

Badaukagu eskarmentua horrelako proiektuetan. Nik nekazaritza ekonomian hogei urte baino gehiago daramatzat lanean. Prozesu hauek ezagutzen ditugu eta badakigu prozesu kolektiboak eta profil anitzeko eragileak egoteak zer-nolako garrantzia daukan. Sinisten dugu pausoz pauso gauzak egiten joango garela. Gero gauza bakoitzak ematen du ematen duen neurriraino, baina ea noraino iristen garen.

Proiektua bide onean doala esango zenukete?

Pozik gaude. Hau laborategi bat da, modu itxi batean deitu genituen eragileak, zerrendatuta, eta deitu genituenek oso ondo erantzun dute, jende gehiena etorri da eta lehenengo saiora etorri ez ziren batzuk, zenbat jende etorri zen ikusita, bigarrenera etorriko dira. Arrakastatsutzat jotzen dugu, momentuz behintzat, egiten ari garena.

Espero izatekoa da, beraz, zuen eta beste batzuen lanaren emaitza nabaritzea, hemen eta Europa osoan.

Hori da. Europako Batzordeari proposamenak iritsiko zaizkio, gutxienez. Eskualde guztietan egiten diren proposamenak Europako Batzordearekin harreman zuzenean dagoen think tank batera pasako dira. Aukera bat da, eta aukerak aprobetxatu egin behar dira.

Hirugarren saioa noiz egingo duzue?

Uda aurretik egingo dugu, eragileekin adostuta. Zehaztutako hutsune horiek jorratzera sartuko gara. Eta proposamenak Europako Batzordeari egin arren, ea zer dagoen gure esku jorratu ahal izateko, zeren egongo da mami nahiko bertan ere horri ekiteko, baloiak kanpora bota gabe, Batzordeari bakarrik bota gabe.

Beste ezer azpimarratu nahi duzu?

Zer-nolako beharra dugun hau egiteko. Denon ardura da, baina ikerketa eta berrikuntza zehazteko eta elikadura sistema 2030ean jasangarria izateko elikaduraren ikuspegi sistemikoa izan behar dugu, sistema osoan parte hartzen ari diren eragile guztiek dute zer esanik ikerketa eta berrikuntza garatu ahal izateko. Espero dugu baliagarria izatea.