GAUR8
BILOBEN ZAINDARI

Aitona-amonek kobratu egin beharko lukete egunero bilobak zaintzeagatik?

Aitona-amonen %17 biloben zaintza trinkoaz arduratzen dira Estatu espainolean. Ardura horren ondorio psikologiko eta fisikoak nabarmenak dira. Aldiz, Alemanian, Suedian, Herbehereetan eta zerga laguntza edo aldaketak dituzten beste herrialde batzuetan adin txikikoek kolektibo horrengandik jasotzen duten arreta ez da %2ra iristen.

Aitona-amonen erdiek ia egunero zaintzen dituzte beren bilobak Estatu espainolean. Haien %45ek, ia astero. Amonek 6,2 ordu ematen dituzte zaintzan, eta aitonek pixka bat gutxiago, 5,3 ordu, hain zuzen, Imserso institutuaren txosten baten arabera. Batez bestekoa, beraz, 5,75 ordukoa da, eta asteko bost egunez biderkatuta ia 30 orduko lanaldia ematen du. Horrek esan nahi du aitona-amona askok beren bilobak zainduz lanaldi bat egiten dutela. «Adineko pertsonak behartuta egiten badu, arrisku faktoreak daude, betebehar gisa bizi izan baitezake eta bere biloben zaintza trinkoan harrapatuta dagoela sumatu», azaldu du Montserrat Lacallek, UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko Psikologia Ikasketetako irakasle kolaboratzaileak. «Gainera, adin txikiko baten zaintza pertsona nagusientzat, gazteen aldean, gehiegizko esfortzu fisikoa da».

Silvia Sumell halaber UOCeko Psikologia Ikasketetako irakasle kolaboratzailearen ustez, bilobak zaintzeko “betebeharra” ez duten arren, aitona-amona askok beren seme-alabei laguntzeko “beharrizan moral eta emozionala” sumatzen dute, familia bakoitzaren egoera sozial, laboral eta ekonomikoa dela eta. «Horregatik, gaur egun aitona-amonak familia gehienen egiturako atal giltzarria dira eta ez dira ezetz esateko gai. Aitona-amonek beren bilobekiko gehiegizko arduraldia dutenean, ondorio psikologikoa eragiten die horrek, batez ere betebehar gisa egiten badute. Egoera ezin alda daitekeen ustea gehituta, aitona-amona esklaboaren sindromea agertuko da», dio Lacallek. Zenbait ikerketaren arabera, sindrome horrek akidura, estresa eta antsietatea eragiten dizkio adineko jendeari, hipertentsioaren edo artrosiaren areagotzeaz gain. Lacallek dioenez, gainera, azken urteetan jaiotzak berantiarragoak dira eta aitona-amonak, beraz, gero eta zaharragoak. Sumellen arabera, baliteke aitona-amona zaintzaileek zaintza lanik egiten ez dutenek baino osasun fisiko kaskarragoa izan eta tratamendu farmakologiko handiagoa behar izatea.

“Grandparenting in Europe” ikerketaren arabera, Estatu espainolean aitona-amonen %17 beren biloben zaintza trinkoaz arduratzen dira eta Europako bigarrena da arlo horretan, Errumaniaren atzetik. Biloben zaintzan parte hartzen duten aitona-amonen laguntza eskuzabalak familiaren gastuen parte bat hartzen du bere gain, familiako onuradunen eskertzatik haragoko aitorpenik gabe, Benja Angles UOCeko Finantza eta Zerga Zuzenbide Ikasketetako irakaslearen ustez. Izan ere, Droga-menpekotasunaren aurkako Laguntza Fundazioaren “Aitona-amonak… denetarako: biloben heziketaren eta zaintzaren gaineko ulerkerak” (2019) ikerketaren arabera, pertsona nagusiek adingabeen zaintza gisa ematen duten sostengu emozional, ekonomiko eta abarrekoa jasotzen duten sostengua baino handiagoa da.

Bizimodua eta ekonomia

Portugal, Italia, Errumania, Estatu espainol eta gurasoentzako diru-laguntzak urriak diren eta haur zaintza formal eta denbora partzialean lan egiteko aukera gutxi dagoen lekuetan aitona-amonek hartzen dute beren gain biloben zaintza trinkoaren parte handi bat. «Estatu espainoleko familien bizi-kostu handiari etxebizitza gastuak, oinarrizko hornikuntza eta ezinbesteko elikatze, arropa eta garraio gastuak gehitzen badizkiogu, bikoteko bi kideek lan egin beharra dute, seme-alabarik izan gabe ere», dio Anglesek. CEACCU Etxekoandreen, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Konfederazio Espainiarraren ikerketa baten arabera, haurtxo baten lehen urtean bakarrik familiaren gastua 5.850 eta 8.812 euro artean emendatzen da batez beste.

Badira aitona edo amona bat biloba batez arduratzeko aukera areagotzen duten beste aldagai batzuk, hala nola seme-alaben etxearen eta aitona-amonenaren arteko hurbiltasuna, gurasoak ezkonduta egotea edo bilobak sei urte baino gutxiago izatea. Gainera, “Grandparenting in Europe” ikerketaren arabera, aitona-amonek biloben zaintzan parte hartzen dutenean, jaiotzek gora egiten dute. «Lotura zuzena duela esan ezin bada ere, ez da zentzugabea pentsatzea kontziliazio zailtasunei aitona-amonen sostengurik eza gehitzen bazaie litekeena dela guraso batzuek seme-alabak izaten ez ausartzea edo, aitzitik, sostengu hori izanda, bat baino gehiago izaten ausartzea», azaldu du Lacallek.

Kobratu lezakete?

Zenbait herrialdek, hala nola Hungariak eta Alemaniak, bilobak zaintzen dituzten aitona-amonentzako zerga-aldaketak ezarrita dauzkate. «Lege ikuspuntutik, Estatu espainolean mota horretako neurri bat ezar liteke, baina arazoa ez da legea, laguntza horiek ordaintzeko baliabideak baizik», ohartarazi du Anglesek. “Grandparenting in Europe” ikerketaren arabera, Alemanian, Suedian, Herbehereetan, Danimarkan eta beste herrialde batzuetan haurrak zaintzeko estatuaren laguntza handiagoa da, edo zerga neurri onuragarriak dituzte, haur zaintza ondo beteta dago eta amak onurak ditu. Herrialde horietan biloben zaintza trinkoa egiten duten aitona-amonak ez dira %2ra iristen, Estatu espainoleko %17 horretatik oso urrun.

«Estatu espainolean, estatuaren zerga neurriak erabat urriak dira: dauden bakanek ez dituzte jaiotzak sustatzen», dio Anglesek. Estatu espainolean familien erdiek, guraso bakarrekoak (%54) nahiz bi heldu eta ume batek (%45) edo bik (%52) osatuek, uste dute haurtzaindegi zerbitzuaren lehen arazoa ekonomikoa dela. «‘Haurtzaindegi txeke’ ezagunak zerbitzu horren kostuaren parte txiki bat baino ez du berdintzen, eta zaintzako beste gastuetarako edo eskolaz kanpoko jardueretarako ez dago laguntzarik batere; hartara, gastu horiek beren gain har ditzaketen familien eta halakorik egin ezin dutenen arteko arrakala soziala sortzen da ezinbestean, azken urteetan Estatuko jendarteak jasan duen desberdintasunen areagotzea begien bistakoa dela», erantsi du Anglesek.

«Azken buruan, laguntzak gastu publikoa dira eta administrazioen diru-sarreretatik finantzatzen dira. Laguntza berri bat ezartzeak beste gasturen bat kendu edo sarrerak handitzea dakar, zergen edo zor publikoaren bidez, funtsean», nabarmendu du Anglesek, eta erantsi du: «Laguntzak ezartzea agintarien konpromiso politikoaren eta herritarren zergen parte bat behar horietara zuzentzeko eskabidearen esku dago».

Anglesen ustez, zilegi litzateke egiteko horretarako laguntza edo sustapen neurriren bat ezartzea: «Gaur egun, aitona-amonek egiten duten zerbitzua guztiz doako eta altruista da; beraz, laguntza ekonomikoen zein zerga-arintzeen bidezko pizgarriek zerbitzu hori duin egin ez ezik, profesionalek soldata bat jasoz egin beharko luketen lan bat aintzatetsiko lukete».

Halere, neurri horrek aitona-amona horien egoera psikologiko eta emozionalak hobera egiten lagunduko luke? Lacallek, zahartzaroan aditua denak, ezetz uste du, «baina akaso haien egonezina lasaitu egingo luke». Sumellen ustez, neurri horrek ez luke egoera soziala konponduko, ezta kolektibo horren estres maila ere: «Izaera sozial, laboral eta abarreko beste bide edo neurri batzuk behar dira aitona-amonek haurren zaintzaile nagusietakoak izaten amaitu ez dezaten. Aitona-amonak, nahi gabe, gaur egun haurren hazkuntzarekin bateraezina den lan eta bizi eredu bat sostengatzen ari dira, baina hori egiteko behar morala sumatzen dute». Lacalleren ustez, hori ez da neurri egokia, familia inguruaren barruko distortsioa litzatekeela uste baitu. «Familiak helburu bat lortzeko elkarlanean jarduten duten erakundeak dira, eta lotura afektiboekin ekonomikoa nahastea gatazka iturri izan liteke».