Maddi Txintxurreta Agirregabiria
NON KABITU KULTURA

Gobernu Zibilaren eraikin ohia Amarako kultur etxe izan dadin borrokan ari dira auzotarrak

Gobernu Zibila Kultur Etxe plataformako kideen iritziz, Donostiako Amara auzoan dagoen Ernest Lluch kultur etxeak ez ditu auzotarren behar kulturalak asetzen. Horregatik, «auzogintza» eginez eta instituzioekin borrokan, Pio XII.a plazan dagoen Espainiako Gobernuko Ordezkariordetza kulturaren etxe bihurtzeko lanean ari dira.

Padura zen Donostiako Amara auzoa duela mende eskas bat, Urumea ibaiak, harrizko zubiren batek eta baserri banaka batzuek soilik jantzia. Donostiarrek Loiolako Erribera izenez ezagutzen zuten lursail hori trenbidearen eraikuntzak zatitu zuen 1864an, eta Santiagoko Erriberak sortu ziren, ondoan izen berbera zuen baserriarengatik horrela izendatuak. Egun, Katalin Erauso kalea dago lehen ibaiaren bokaleari zegokion inguruetan.

1870eko hamarkadan, Amara izeneko baserrirantz zabaltzen eta handitzen hasi zen Gipuzkoako hiriburua, eta beranduago Amarako Zabalgunea deituko zioten hiri izaera hartzen ari zen eremu horri. 1950eko hamarkadan, Amara edo Amara Berriko Zabalgunea bilakatu zen azkenik Mendeurrenaren plazaren eta Anoetaren arteko zatia, antzinako padura eta bertako baserri eta harrizko zubiak atzean utzita.

Urte haietan, donostiarrek ikusi zuten eraikin ugari altxatzen hasi zirela, Europako hiri handietakoen tankerakoak horietako asko. Eta Pio XII.aren plazaren erdian, 1955ean, Pedro Bidagor eta Luis de Villanueva arkitektoek diseinatutako Gobernu Zibilaren eraikinaren lanak amaituak ziren, egun Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkariordetzari dagokion etxearenak.

Azkar aldatu eta hazi den auzoa da Amara. Amara Berri ez da jada berri-berria, futbol-zaleek Anoeta dute orain aterpe eta 30.000 pertsona baino gehiago bizi dira bertan. Donostiako auzo handiena da. Orain 40 urte, Jack Nicholson protagonista duen “Alguien voló sobre el nido del cuco” film arrakastatsua bigarrenez bota zuten Rex-Avenida zineman. Horrez gain, Astoria eta Bellas Artes zinemak zituen Amarak.

Gaur egun, ez dago zinema aretorik auzoan.

Uniforme marroia, arima grisa

Kolorez ez ezik, arimaz grisa iruditzen zitzaien zenbait amaratarrei Gobernu Zibilaren eraikina. Uniforme marroidun poliziak ibiltzen ziren hara-hona, boina janzten zuen eta umore txarra zuen zaindaria egoten zen kanpoan, eta arrano frankista barruan.

Orain Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzaren egoitzak administrazio publikoko zerbitzu batzuk eskaintzen ditu, hala nola, Babes Zibilari, Nekazaritza eta Arrantzari edo Lan eta Immigrazioari dagozkienak.

Lau pisu, gela handiak, fatxada dotorea eta 7.000 metro karratu inguru dituen eraikin honek dantzan jarri du aspalditik auzotarren imajinazioa, horrelako eraikin batek beste erabilera bat izan beharko lukeela iritzita. Batzuek musika kontserbatorio baten egoitza izan daitekeela uste dute, norbaitek zinema areto bat ere irudikatu du bertan, liburutegia besteren batek. Baina, gehienek hori guztia jasoko lukeen kultur etxe bat amesten dute Gobernu Zibilaren eraikina zen horretan.

Auzotarren aspaldiko nahi horri erantzuteko sortu zen 2018an Gobernu Zibila Kultur Etxe (GZKE) plataforma. Auzo elkarteetako jendeak eta oro har Amaran kulturari eskainitako azpiegiturak pobreegiak direla uste duten herritarrek osatu zuten taldea, izenak berak dioen bezala, Pio XII.aren plazan kultur etxe bat bultzatzea helburu duena.

Haatik, Amarak badauka Ernest Lluch kultur etxea, Anoeta estadioaren behealdean kokatua. Baina Ernest Lluchek eskaintzen duena ez da nahikoa, GZKEko kideen aburuz, auzotarren kultur eskaria asetzeko eta, gainera, bertako baldintzak ez dira onenak. «Amarak 30.000 biztanle ditu. Horietatik 17.000 dira Donostia Kulturako bazkide. Horrek esan nahi du hiriko auzorik handiena garela eta kultur etxeetako erabiltzaileen aldetik ere zabalenak garela», esan du Xabier Otaegi GZKE plataformako kideak.

Datu horiek kontuan izanda, «lotsagarri» deritze Ernest Lluchek dituen baldintza kaskarrei: «Liburutegia du, bai, baina ezer gutxi gehiago. Futbol zelai bati itsatsita dago, han ez dago deus egiterik, zarata izugarria da», kexatu da. Berarekin batera agertu dira GAUR8ko hitzordura Marian Zarraonandia eta Xabier Berridi, GZKEkoak hauek ere, plataforman egiten duten lanaren berri ematera.

Ernest Lluch kultur etxeak ez dauka, oraingoz, haur eta gazteentzako zerbitzurik. Horiek «barrakoietan» daude, Otaegik dioenez, Olaeta plazan jarritako behin-behineko etxetxo batzuetan.

Anoeta futbol zelaian obrak hasi zirenean eratu zen GZKE taldea, lanek iraun bitartean itxita egon baitzen Ernest Lluch. «Momentu horretan, aukera geneukan zerbait diferentea egiteko», agertu du Xabier Berridik.

Hala, kultur etxe «diferentea» nahi dutela argi dute. «Gizarte etxe bat nahi dugu. Donostia Kulturak dituen kultur etxe denek antzeko itxura dute: liburutegi bat, KZ gunea, mediateka/fonoteka eta horien inguruan antolatzen diren ikastaroak; nahi baduzu erosten dituzu eta nahi ez baduzu ez. Hori kontsumoa da, kultur denda bat dirudi. Guk ekintzaileentzako espazio bat nahi dugu, adin ezberdinetako jendea bilduko duena, ez orain bezala, soilik adineko jendea joaten dela, eta gehienbat emakumeak. Horrek gizartea zatitzen du, eta guk gizarte bateratzaile bat nahi dugu», proposatu du Marian Zarraonandiak.

Gobernu Zibilaren eraikinari izugarrizko potentziala ikusten diote honi kultur etxe izaera ematearen alde daudenek. Lau pisu, areto handiak, amaratarren kultur habia izateko egokia. Aurrean, gainera, parkea, kulturarako sarrera berdea, hau ere eszenaren parte, kale-kultura egiteko aproposa.

Imajinatzen?

Hala, GZKE plataformak auzotarren aktibazioa edo «auzogintza» bilatu du bere aldarria sendotu eta ondotik instituzioetara eramateko. Egin duten ekintzarik «garrantzitsuena» sinadura bilketa izan zela diote; soilik auzotarren artean, 1.700 atxikimendu lortu zituzten. Bestalde, bi festa erreibindikatibo ere egin dituzte Amarako Aitzol plazan, bata 2018an eta bestea iaz.

Horietan denetarik antolatu zuten: hitzaldiak, liburuen doako banaketa, koruak, bertso-saioak, erakusketak, kontzertuak, eta gehiago. «Erakutsi nahi genuen kalean egin genituen gauza horiek denak posible dela kultur etxe barruan egitea», azaldu du Otaegik.

GZKE plataformak abiatu duen ekimen berriena, aldiz, liburu baten argitalpena izan da. Abenduan aurkeztu zuten “Gobernu Zibila Kultur Etxe” liburuak Amarako 30 bizilagun baino gehiagoren sorkuntzak bildu ditu, denak ekimenaren aldeko mezuekin. Adibide batzuk jartzearren, Sara Beiztegi artistak ilustrazio bat egin du, Iban Zaldua idazleak umetako kontakizun bat idatzi du eta, besteak beste, Paco Etxeberria forentsearen, Miren Apalategi filosofia irakaslearen, Inaxio Kortabarria futbolari ohiaren, Elixabete Garmendia kazetariaren, Ramon Irizar pailazoaren eta Urko musikariaren sinadurak agertzen dira.

Azken honek dio: «Imajinatzen al duzue futbol zelai bat antzoki baten azpian? Eta futbol zelaiaren harmailak liburutegi bati itsasiak? Eta futbolarien aldagelak haur-txoko baten gainean? Ez noski. Futbol zelaiak futbol zelai eta kultur etxeak kultur etxe. Gobernu Zibilaren eraikina, Amarako kultur etxe».

Plataformako kideek abisatu dute liburua ez dela merkaturatuko, pertsona eta entitate interesatuei eskura ematen ari dira, besteak beste, liburuan parte hartu dutenei «esker ona adierazteko». Hala ere, beraiei zuzenean eskatuta lor daiteke.

Drogaren bunkerra

Auzotarren aktibazioa aise lortu du GZKE elkarteak, baina Pio XII.eko eraikina kultur etxe bilaka dadin instituzioetan egin beharreko bidea kalekoa baino geldoagoa da. Eraikinaren jabetza Gobernu espainolarena izateak prozesua zailtzen duela ziurtatu dute elkarteko kideek.

2017an Poliziak Gobernu Zibilaren eraikina utzi zuenean, ia hutsik geratu zen, eta administrazio zentralak zenbait zerbitzu publiko jarri zituen bertan, ez zerbitzuak «erdiratzeko», Xabier Otaegiren ustez, baizik «hutsik zegoen eraikin horri zentzu bat emateko».

Madrilgo Gobernuan PP agintean zegoenean, Guillermo Echenique Gipuzkoako ordezkariarekin harremanetan jarri ziren plataformako kideak eta, diotenez, hark ez zuen gaizki ikusten zerbitzu publikoak Estatuak Donostian dituen beste bulego batzuetara mugitzea, Gobernu Zibila hustuz eta hau kultur etxe bilakatzeko aukerak zabalduz. «Echeniquek esaten zuen bera funtzionario bat zela, eta auzoak hori eskatzen bazuen, aurrera egiteko», zehaztu du Zarraonandiak.

Donostiako Udaleko talde guztiak, orobat, ados dira proiektuarekin, nahiz eta Espainiako Gobernuak duen azken erabakia. «Alkatea [Eneko Goia] erabat ados dago. EAJk azkenengo hauteskundeetan programan aldarrikatzen zuen Gobernu Zibila Kultur Etxe bihurtzea», dio Otaegik.

Antzeko jarrera izan zuen Donostiako PSEk ere, harik eta PSOE Madrilgo Gobernura iritsi den arte. «PSOE da ‘bai, baina’ esaten digun talde bakarra», esan dute.

Donostiako Udaleko PSEko ordezkariek proiektua oztopatzeko jarritako «aitzakia» kuriosoa kontatu du Xabier Berridik: «Drogaren bunkerra omen dago eraikinaren barruan. Lehen, Espainia iparraldeko droga guztiak hor gordetzen zirela esan zuen publikoki, auzo elkartearen aurrean, Ernesto Gascok». Noski, droga egon daitekeen eraikin batean kultur etxea sortzea bateraezina dela esan zuten PSEkoek.

Bestalde, Otaegik esan duenez, «PSOEk erabiltzen duen beste aitzakia bat da hor dagoela Tabakalera. Eta, egia da, baina hori ez da nahi duguna. Zergatik? Auzo batean bizi garelako. Ernest Lluch-en haur txokoa zegoenean erabiltzen zen, orain, nahiz eta barrakoietan egon, erabilera handiagoa du. Gertutasunagatik!»

Alta, GZKE plataformak badu ekintza gehiago egiteko asmoa. Besteak beste, aurten, EHUko Arkitekturako Graduko 5. mailako ikasleei proposatuko diete Gobernu Zibilaren eraikinean kultur etxe bat diseinatzea, proiektu modura.

Hala ere, jakitun dira beraien borroka ez dutela berehalakoan irabaziko. «Badakigu honen irtenbidea ez dela etzikoa, ezta etzidamukoa ere, baina lortuko dugu. Ziur nago noizbait Gobernu Zibilaren eraikina kultur etxe bihurtuko dela, baina noiz? Ez dakigu. Nortzuk diren hori lortu beharko dutenak? Onerako edo txarrerako, politikariak. Guk, bitartean, matraka emango dugu», agertu du Xabier Otaegik. Matraka, Amarako eskaintza eta eskari kulturala nonbait kabitu dadin.