Ramon Sola

Independentziaren emaria handitzeko modukoak

2014ko Eskoziakoak zein 2017ko Kataluniakoak irakaspen ugari utzi dizkiote 2020ko Euskal Herriari. Hasteko, independentismoak gehiengo sendoa behar duela, bururaino heldu nahi bada.

Bi bide oso ezberdinetatik ahalegindu dira bata eta bestea, baina bietan erabakigarria izan da horren falta. 2011ko hauteskundeetatik ateratako eskoziar Legebiltzarrean 73 eserlekuetatik 53 zituen SNPk, baina boto kopuruan milaka batzuk gehiago baino ez zituzten bildu laborista eta kontserbadoreen gainetik (902.915- 907.113). Erreferenduma iritsita, azken orduko eskaintzek zein beldurrek (makila eta azenarioa) %45era murriztu zuten independentziazaleen portzentajea.

Hiru urte geroago Kataluniak egin zuen jauzia askoz zailagoa zen, %51 ez baitzen aski. Nonbait ahaztua gelditu bada ere, urriaren 1etik urriaren 27ra bitartean zalantza handiak izan ziren independentismoaren barruan, lortutako 2.044.038 baiezkoak aski ote ziren, eta komeni da gogoratzea Carles Puigdemont presidenta izan zela independentzia aldarrikatzeko zalantza handienak izan zituena. Emaitza hark ahalbidetzen zuen Parlamentaren adierazpena, bai, baina ez zen inolaz ere nahikoa Estatu espainolarekin guztiz lerrokaturik den nazioartearen jarrera uzkurra aldarazteko.

Mendearen hirugarren hamarkadari begira, beraz, %50 hori %70 nola bilakatu, hori da kontua –han, hor eta hemen–. Egungo denborak guztiz likidoak izan arren, tartea ez da makala. Bi aukera daude begi-bistan: bat-bateko kolpea (espero gabeko gertaera baten eskutik iritsia) edo pixkana-pixkanako prozesua. Lehena jada heldu zaie eskoziarrei, Brexita dela-eta. Katalunian ez da oraingoz halako «zorte oneko» iraulirik antzematen, baina bistan da belaunaldi berriekin zein errepresioak eragindako erantzunarekin, poliki-poliki sendotzen ez ezik handitzen ari dela independentismoa. Iazko hauteskunde zikloan, estreinakoz, bere boto kopurua erroldaren %50 gainditzetik gertu egon zen. Modako bi esapiderekin laburtuz, aukera-leihoa aurrean du Eskoziak, pazientzia estrategikoa dagokio Kataluniari.

Eta Euskal Herrian zer? Botila erdi beterik ikusi nahi duenak Gasteizko Legebiltzarrean EAJk eta EH Bilduk biltzen duten ordezkaritza handiari edota Nafarroaren aurrerakadari errepara diezaioke, baina bere buruari tranpa eginez, EAJk ez baitu independentziaren alde egiten. Botila erdi hutsik nahiago dutenentzat, hor dira aldizkako inkestak, independentista kopurua beherantz doala erakusten dutenak; guztiz logikoa, egun jadanik talka armatuak eragiten zuen Estatuarekiko polarizazioa desagertuta eta independentziarako bide-orri jakinik ez den neurrian.

Eskozia eta Kataluniaren aldean, hirugarren aukera bat bistaratzen da, ordea, Euskal Herrian. Ustez independentziaren aldeko borroka klasikoa moteltzen ari zen bitartean, beste lurraldeetan baino indar handiagoz suspertu dira borroka feminista, pentsioen aldekoa, errepresioaren aurkakoa (Altsasu) eta abar eta abar. Grebaren formatuan agian ez, baina agerikoa da borroka eta belaunaldi horiek guztiek bat egin zutela U30eko mobilizazioetan, bata bestearen alboan eta zerumuga berari begira. Iturburu berri/berritu horiek, aurreko erreka eta ibai guztiekin bat eginez, independentziaren emaria handi dezakete, tarteka ur jauzi modura eta gehienetan meandro luze lasaiak osatuz, itsasoranzko bidea egiten segitzeko. •