Camille MALPLAT (Afp)
KAMERUN

Gizonik gabe bilduta emakumeek sortutako sexu-musikaren arrakasta

Kolonizatzaileek Kamerun hartu aurretik, etnia batzuetako emakumeak egun osoa lanean pasa eta gero elkarrekin biltzen ziren, gizonik gabe. Elkarrekin lasai egonda, abestu egiten zuten. Baita dantzatu ere. Modu horretan atzean uzten zituzten beren arazoak eta frustrazioak, pozteko gauza guztiak ospatzen zituzten bitartean.

Kamerungo Jaunde hiriburuko Quebec kabaretean giroa bero-bero dago goizaldeko ordu batak jo berri. Ikusleak garagardoa edan eta edan ari dira, ikuskizuna noiz hasiko zain. Bat-batean, danbor hotsa. Eta gitarrak. Fokuek hiru bikutsi dantzari argitu dituzte. Aldaka mugitzen dute artistek, sentsualitatea lotsagabe adieraziz. «Nahi dut, nahi dut, egin nahi dut», abesten dute, gitarraren, perkusioaren eta teklatuen laguntzarekin. Letrak oso ausartak dira Kamerunen egoteko. Eta dantza, berriz, probokatzailea. Ikusleak berehala hasten dira barrez. Pozik daude.

Artista horien lanak sustrai sakonak ditu Kamerunen. Musika mota hau emakumeak erabat baztertuta zituzten komunitate patriarkaletan sortu zen, «jendaurrean ozen hitz egitea» debekatuta zuten lekuetan alegia, Jean Maurice Noah etnomusikologoak bere liburuan azaldu zuenez.

Egun bikutsi artistek Kamerun osoko antzeztokiaren erdigunea hartua dute. Azken hiru hamarkadotan izugarri hazi den fenomenoa da. Beren farfaila soinekoetan sartuta dotore daude, kamiseta grisak eta zilborrak airean.

Quebec lokaleko hiru izarrek Coco Argenteeren pieza arrakastatsu bat eskaintzen dute. Guztiek ezagutzen dute, bikutsiaren egungo erreginetako bat baita Argentee. 1982an herrialdeko erdialdean sortutako abeslariak milioika bisitari izan ditu Youtuben, eskaintzen dituen abestiei esker.

«Zure karrerarengatik, neure bizitza eten egin nuen, zure etorkizunarengatik neure bizitza sakrifikatu nuen, eta, nagusi bihurtu zinenean, utzi egin ninduzun», kantatzen dute, pelbisa modu zoroan mugitzen hasi aurretik. «Gaur euroak erretzen ari naiz, galtzaile! Mendekua hotz zerbitzatzen da», eransten du abeslari gazteenak.

Ausartenak, gora

Adin guztietako emakumeak zutik jartzen dira. Dantzan hasten dira, gizonezkoak txalo egiten eta elkarren artean desafioka ari diren bitartean.

Gizonezkoen artean ere badago ausartik. Horietako hiru antzeztokira igo dira. «Erakutsidazu dantza nola egiten duzun», esaten dio abeslari gazteenak lehenengoari. «Emeki esan dut», agintzen dio hurrengoari. Hirugarrena, ausartagoa nonbait, irribarretsu hurbildu zaio dantzariari eta belauniko geratu da, abeslariaren zilborraren aurrean burua mugituz. «Beraz, horrela egiten duzu dantza?», iseka egiten dio artistak ikusleari. Abeslariak gizonari eskaintzen dizkion begiradek guztien algarak eragiten dituzte. Ausartena zirudien gizona bere tokira itzuli da.

Bikutsi abeslari gehienek oso argi abesten dute plazer sexualari buruz. «Neska gazteei lotsatiak eta zuhurrak izaten irakasten zaien gizarte batean, emakumeok oso argi eta garbi kantatzen dute beren sexu-grinaz», esplikatu du Flora Amabiamina Doualako Unibertsitateko Literatura irakasleak. Orain ia 30 urte, Kamerunen demokrazia eskariek giroa markatzen zuten garaian, K-Tino bikutsi modernoaren amak antzeztokiak sutan jarri zituen abesti beroekin: “Ekintza 69” eta “Zazpigarren zerua”, kasu.

«Beren sexu-grina adierazita, plazer sexuala izateko eskubidea aldarrikatzean, eta, une batez, gizonezkoen papera mugatuta, emakume horiek sexualitatearen kontrola hartu zuten», Amabiaminak esan digunez.

Adierazpen askatasun hori ez zen guztien gustuko izan, jakina. Herritar batzuen artean eskandalua eragin zuen. Bakar batzuek bikutsia pornografikoa eta immorala dela esan zuten. Hubert Mono Ndjana filosofoak gaiari buruzko saiakera luze bat eman zuen argitara 1999an: “Sodoma eta Gomorrako abestiak”.

Hala ere, sexuaren inguruan hain garbi hitz egiten duten abesti horiek ere beretzat har ditzake herriak eta familia ospakizunetan ere entzuten dira egun. Hor entzuten dituzte umeek, eta abesten hasten dira beraiek ere, Amabiaminak adierazi digunez.

Edonola ere, gizarte patriarkaletan kasu gehienetan gertatzen dena pasa zen Kamerunen ere. Adituek diote gizonak izan zirela 1980ko hamarkadan bikutsi modernoa ezagutarazi zutenak. Urte haietan gitarra elektrikoak balafoiaren lekua hartu zuen, hau da, egurrez egiten den xilofonoaren tankerako tresna afrikarraren tokia.

Beti, fang eta bulu etniak

Amabiaminak nabarmentzen du «erritmo hau emakumeek sortu zutela». Kolonizatzaileek herrialdea hartu aurretik, beti, fang eta bulu etnietako emakumeak, egun osoa lanean pasa eta gero, elkarrekin biltzen ziren, gizonik gabe, Kamerungo erdialdean eta hegoaldean.

Elkarrekin lasai egonda, abestu egiten zuten. Baita dantzatu ere. Modu horretan atzean uzten zituzten beren arazoak eta frustrazioak, pozteko gauza guztiak ospatzen zituzten bitartean. Askatasun une horietan, senar bortitz batekin bizitzeak eragiten duen minaz abesteko aukera zuten, edo neska gazteei ezkontza arrakastatsu bat lortzeko sekretuak azaltzekoa.

«Neure arbasoen artea transmititzeaz harro nago», dio Olivia Beyene abeslari gazteak Quebeceko ikuskizuna amaitzean. Aurpegia izerditan du eta ikusleak etortzen zaizkio zoriontzera. «Maitasunaz, bortizkeriaz eta injustiziaz arbasoek kantatzen zuten bezala kantatzeaz harro nago. Kamerungo emakumezkoen ahotsa daramat barruan».