Maider Iantzi Goienetxe

Barnetik

Balkoian, eguzki argitan ekin diot zutabe honi. Inguruan jende gehiago ikusten dut antzera, bitaminaz elikatzen. Soinu bakarrak, txorien txorrotxioa eta eltze hotsa, bazkalorduaren seinale. Aspaldi GAUR8ko txoko honetan kukurik egin gabe. Egia erran, hilabete baino gehiago eman nuen udazken-neguan idatzi gabe; barnera so.

Ez zitzaidan ateratzen, eta arraroa egiten zitzaidan, oroitzen naizenetik izan dudalako barrenak paperean askatzeko ohitura. Beharra. Grina. Baina oraingoan ez. Ez kontatzekorik ez nuelako; justu kontrakoa. Barne iraultza bat hasia nuen.

Bidaia horretan, segituan agertu zitzaizkidan betiko ikasgaiak: beldurrak kudeatzearena, nire burua ezagutzearena, garrantzitsua dena eta ez dena bereiztearena, bertzeen beharra dudala ohartzearena. Kanpotik begiratuta ez nintzen aunitzik mugitzen; barrutik, ordea, izugarri. Ametsak horren isla ziren. Mugimendu horiek guztiak ametsetan gauzatzen ziren.

Barrenean zu deskubritzearekin batera, ni haurra ere ikusi dut, eta ni gaztetxoa, eta ni lan munduan sartu berritan... Aldatu naiz, baina berbera naiz. Aldi ezberdinetako niei begiratu eta identifikatu egiten naiz.

Poliki-poliki “berrogeialdi” hura bukatzen ari zela sentitu nuen, eta ateratzen hasi nintzen, konpartitzen. Lehenengo batekin, ongi sentitzen nintzela eta ez zela deus pasatzen ikusita bertze batekin... behar nuen erritmora.

Gustura nenbilen berriro kalean, jendearekin harremanetan... harik eta, ustekabean, bertze berrogeialdi bat etorri den arte, oraingoa orokorra. Nire esperientzia xumetik, animo! Badugu ohitzeko gaitasuna, barnera zein kanpora. •