Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Nondik gatozen jakin, nora joan ebazteko

Salbuespen egoerak astea bete duenean, beldurrak, ziurgabetasunak eta asperdurak hamaika hausnarketa sakonetarako bide eman digute. Berauetatik ihes egiteko, edo, etxeko liburutegiari hautsa kentzearekin bat, heldu zaizkigu formatu digitalean literatura, zinema eta bestelako arteek utzitako lan andanarako sarbidea. Ezagutu dugun gizateriaren heriotzaren testamentua bailiran, aurrean ezer hoberik izango ez dugun iragarle erromantikoak dirudite lan guztiok. Ni neu, “The Terminator” (1984) film ezaguna ikusten aritu nintzen bart, aspaldiko partez, eta iruditzen zait aurrera begirako beldur apokaliptikoa erlatibizatzeko baino, atzera, ezagunera begira, lasaiago lo egiteko ariketa izan zela.

Atzera begiratzea, dena den, bada aurrera begiratzeko modu on bat ere eta zientzia aktualitatea izan da horren testigu egunotan. Astelehenean PNASen argitara eman zenez, Rutgers Unibertsitateko (New Jersey, AEB) ikerlariek argi bat piztu dute bizitzaren jatorriaren gainean dugun misterioaren inguruan. Hain zuzen ere, hastapeneko bizitza zelularra ahalbidetu zuten prozesu metabolikoen ardura izan zuten egitura proteikoak identifikatzea lortu dute, egun ezagutzen ditugun proteinen konexio sareak metabolismoan duten paperaren arabera aztertuz eta berauen ibilbide ebolutiboa berreraikiz. Proteinak aminoazido kateak dira, espazioan egitura edo tolesdura jakin bat hartzen dutenak, eta horregatik askotariko funtzio metabolikoak betetzen dituztenak. Argitaratutako ikerketak erakusten duenez, bi izan ziren hastapeneko proteina horiek: Rossmann izeneko tolesdurak dituztenak eta ferredoxina.

Atzera begiratze hori baina, ez da izan gure jatorria hobe ezagutzeko egin den ariketa erromantikoa, baizik eta abiadura bizian hazten dabilen bizitza estralurtarraren bilaketan kokatzen den kate begi berri bat. NASAren aterkipean lan egiten duen ENIGMA taldean parte hartzen dute aurkikuntzaren egileek, eta helburua argia da: etorkizunean egitura proteiko hauek bilatuz bizitza estralurtarren arrastoari hobe jarraitzea. Eta arrastoa diot, dagoeneko identifikatua izan baita jatorri estralurtarreko materia organikoa –aminoazidoez gain nitrogeno eta oxigenoa zituena– 2018an Marokon eta AEBetan aurkituriko meteoritoetan. Bizitza estralurtarraren bila, nondik gatozen aztertzea da nora jo behar dugun ebazteko bidea, antza.

Etxeko pareten artean, begiradaren ortzimuga gure zilborrean jarri nahi digutenean, antzera egin dezakegu guk ere. Artean eta zientzian arakatu, ziurtasunak bilatu, ziurtasunak hautatu, eta baita gaueko zeruan pizten zaizkigun astro bizilagunei begiratu ere. Niretzat bederen, ziurtasun iturri galanta eskaintzen dute gizateriaren ibili efimeroan betiereko diren astroek. Gaur nireak eta atzo haienak bezala, bihar ere iltzatuko zaizkielako hamaika begi, betiko astro zaharretako argi berriei. Salbuespen egunotan, etxeak ekialdeko zerua ikusten uzten badizue, Martitz, Jupiter eta Saturnoren arteko batasun polita izango duzue ikusgai, hodeiek uzten dizueten heinean. Gizateriarekin konektatzeko ez bada ere, izan bedi errutina apurtu eta begi-bista urrutira eramateko aitzakia. •