Joxean Agirre

Baztanga

Iloba bat Zegama-Aizkorri lasterketa prestatzen ari da bizi den bost solairuko etxean eskailerak igo eta jaitsi. Lastima ez dela Atotxako Dorrean bizi, bestela Jorneten markak hautsiko zituen. Neu ere ibili naiz etxepera jaitsi eta korrika itzuli batzuk egiten, baina, jarrera hori zilegitasunaren mugan zegoela-eta, etxeko emakumeek zumba saio bat jartzen didate Youtuben eta, hainbeste serie egiten ditut bularrak goititu eta ipurmasailak gotortzeko, non beldur naizen itxialditik ez ote naizen trans baten itxurarekin aterako.

Egoera ez da erosoa eta abaildurak jotzen nauenean Xenpelarren garaiko itxialdiekin gogoratzen naiz. XIX. mendeko bertsolaritzaren gailurra izan zen, “Ia guriak egin du” eta “Iparragirre abila dela” bertso sorten egilea.

Errenteriako Fabrika Handian egiten zuen lan eta, hirugarren alabak 3 urte zituela, emaztea baztanga harrapatuta hil zen 1869ko urriaren 25ean. Xenpelar bera ere kutsatu eta hilabete eta erdi geroago zendu zen, 34 urte zituela.

Bien bitartean, arreba Maria Luisa, haurdun zegoela, alaba txiki bat senarrarekin utzi eta anaia eta ilobatxoak zaintzera sartu zen kutsatutako etxe horretara, bere bizia eta sabelean zeramanarena arrisku gorrian jarriz. Xenpelar hil zen egun berean jaio zen Daniela, Maria Luisaren alabatxoa, baina hamar egun bakarrik egin zituen bizirik, abenduaren 17an hil baitzen umea eta biharamunean ama, biak ere gaitz berarekin.

Mirariz bezala, bertsolariaren hiru alabak atera ziren bizirik. Hiru hilabeteko epean baztangak 29 lagun eraman zituen Errenterian.

Kontakizun lazgarri hau gaztetan irakurri genuenoi arrebaren erabakiak txunditu gintuen eta beste irudi batek ere bai: itxita zeuden etxeetatik tarteka leihotik soka bat ateratzen zuten eta hari lotuta saski bat jakiak eta bestelakoak jaso zitzaten.

Xenpelar begikoa izan dute euskal artistek. Antonio Valverde Ayaldek margolan bat utzi zigun eta Oteizak bi irudi. Horietako batek Giacomettirena dirudi eta gizon segail eta okertu bat erakusten du. Bertsozale Elkarteak urteetan eman izan die sari moduan irudi hori txapeldunei. Andoni Egañak lau bat izango ditu ganbaran. Egunotan, eskuetan Xenpelar bana hartuta, zumba edo pesak egiten irudikatzen dut hura ere. •