Maite Ubiria Beaumont

Hesietatik at esperientzia kolektiboa sortzeko erronka

Hesiek zutik diraute Euskal Herria bitan banatzen duten muga igarobideetan. Parisek eta Madrilek altxa zituzten osasun krisiaren kudeaketaren hasieran, eta geroztik Euskal Herriko jarraikotasun lerroa eten egin da. Bi aldeetako biztanleen egoera zehatzaren gaindi, kontrolak berrezarri zituzten martxoaren erdialdean. Horren ondoren, estatuen interesen araberako kudeaketaren doktrinari segida emanez, apirilaren 11n guztiz blokeatu zituzten hamar bat igarobide. Deliberoak errealitate paraleloa sortu du, pandemiaren araberako egunerokotasunak parametro ezberdinetan eraiki direlako, han eta hemen, eta horrek bizipen ezberdinak ekarri dizkigu, kontakizun amankomuna egiteko traba berriak ezarriz. Denontzako osasunaren zaintza lehentasuna izanik, norberak bere bidea egin du eta, asteak joan asteak etorri, urruntasunera egokitu gara. Parisen eta Madrilen gertatzen den azken-aurreko mugimendua behatzera ohitu gara. Inkubagailu bikoitzean sarturik, geruza baten edo bestearen azpian bizi, beti hor dira bi estatuak oinarrizko taupada bermatzen duen tutuaren beste muturrean. Beraiek deliberatu zuten gu noiz etxean sartu eta beraiek moldatu dute arriskuz beteriko konfinamenduaren arintze fasea.

Anartean, hesiek egunero-egunero deuseztatzen dute kartografiaren arabera Aturri eta Ebro ibaien artean bizi den herria, nazioa, komunitatea. Ardura guztiak esternalizatu baino, hobe hasierarik aitortzea krisi honen baitan nehor gutxik hartu duela serioski euskal lurraldearen araberako estrategia.

Maiatzaren 11z geroztik deskonfinamendua martxan jarri da Ipar Euskal Herrian. Pandemiaren unerik latzena iragana dela sinestarazi nahi diguten honetan oraindik ere ez ditugu Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin Covid-19ak izan duen benetako eragina ezagutzea ahalbidetuko luketen datuak. Ezin dugu beraz, herri bezala, Euskal Herrian pandemiak sortu duen kaltearen eta minaren behin-behineko bilan ofizialik egin. Hegoaldeko lau lurraldeen estatistika izugarria ardatz harturik euskal gizarteak pandemia honengatik ordaindu duen prezioa neurrigabetzat jo dezakegu, baina ezin dugu gure burua engainatu: Iparraldeko hiru lurralde zuri agertuko zaizkigu marra etenaz margoturiko mapa irudikatuko dugun bakoitzean. Zintzoki mintzatuz, desiretatik haratago, hurbileko unibertsotik lehen urratsa egin bezain fite konturatuko gara taula ofizialetan agertzeko behar den homologaziorik ez dugula. Zergatik? Estatua ez dugulako. Komunitatearen “labelizazio” prozesuan, aldiz, krisian zehar harilkaturiko sareak, berdin zaintza eta bizi duintasuna erdigunera ekartzeko berdin tokiko ekoizpena garatzeko, helduleku bilaka daitezke.

Pandemiaren eskutik gure bizipen kolektiboa mugatzeko makinaria azkarra jarri da martxan. Konfinamendua arintzeko fasean mendi trail paralelotan aritzeak ez du lagunduko helburu komunak irudikatzeko orduan. Finean, denok dakigunez, jarduera ekonomikoak aginduko du noiz irekiko diren zabalduko direnean ere aukeran behin betiko ezabatzeke geratuko zaizkigun mugak. Kontrabandoz bada ere, nazio eta komunitate gisa esperientziak birsortzeko erronkari bultzada ematea osasungarria izan daiteke. •