Iñaki Soto
RAYMOND GUREME

Nazien genozidiotik bizirik ateratako azken ijitoetako bat hil da

Naziek jasanarazi zieten genozidioari “Samudaripen” esaten diote ijitoek. Izen horrekin oroitzen ditu ijito herriak zapaltzaileen aurkako matxinadak, baita eutsi egin ziotenak ere. Raymond Gureme bizirik atera zirenen arteko azkenetakoa eta erresistentzia horren ikurra zen.

Ijito familia batean jaio zen 1924ean Raymond Gureme, “Manouche” familia batean zehazki, horrela esaten baitiete sinti ijitoei Estatu frantsesean. Haurtzaroan bere familiaren zirkuan eta zinema nomadan bizi izan zen. Haurra zela, animaliak entrenatzen zituen, pailazo eta akrobata gisa lan egiten zuen eta filmak proiektatzen zituen. Hexagonoaren mendebaldeko eta erdialdeko herriak zeharkatzen zituzten. 1930eko hamarkadan, nomaden mugimendua mugatzeko eta ijitoen herria erreprimitzeko legeak sortu ziren. Horrelako legeak aldi berean ezarri ziren Europa osoan.

1940an jendarmeek Gureme familia osoa atxilotu zuten, agintari alemaniarrek bultzatutako politika errepresiboaren barruan. Lehenbizi, Darnetalen, Rouenetik gertuko kontzentrazio-esparru batean atxiki zituzten. Handik bi hilabetera, Linas-Montlheryko esparrura eraman zituzten eta han osasun-baldintza beldurgarriak, hotz eta gose handiak jasan zituzten. «Eremu batetik igaro den orok ongi daki nolakoak ziren», gogoratu zuen gerora.

Gurasoekin ados jarrita, Raymondek esparrutik ihes egitea lortu zuen. 15 urterekin, Bretainian babestuta, hango hainbat etxaldetan lan egin zuen. Aldian-aldian, familia preso zegoen esparrura itzultzen zen jakiak sartzeko.

Urtebete geroago, 1942an, familia barneratuta zegoen zentroa eraitsi egin zuten eta presoak Montreuil-Bellayra bidali zituzten, Estatu frantseseko nomadak atxikitzeko eremurik handienera, hain zuzen. Guremek bere familiarentzako kontrabandoko jakiak eremuan sartzen jarraitu zuen. Orduan hasi zen Erresistentziarekin harremanetan, klandestinitatetik naziei aurre egiten zien sarearekin.

Alemaniara deportatua eta beste ihes bat

18 urte besterik ez zituela, 1943an atxilotu egin zuten, «terroristatzat» jo, Heddernheimera (Hesse) deportatu eta bortxazko lanak egitera zigortu zuten. 1944ko ekainean, Alemaniatik ihes egin zuen, «Erresistentziarako lanean ari ziren tren-langileei» esker, «lurrun-makina bateko ikatz konpartimentuan gordeta ihes egiten lagundu baitzidaten», kontatu zuen Guremek berak.

Gerrak iraun zuen bitartean sei aldiz ihes egin zuen: «Linasko esparrutik, deportatu ninduten Alemaniako esparruetatik, Angerseko gazteentzako atxiloketa zentro batetik... Ihes egitea, kosta ahala kosta aske izateko, nire erresistentzia modua zen».

Estatu frantsesera itzuli eta erresistentziarekin harremanetan jarri zen berriro. Nazien okupazioaren aurkako borrokan buru-belarri parte hartu zuen. 1944ko abuztuan gertatu zen “Samudaripen” izenarekin gogoratzen dituzten gertakarietako matxinada nagusietako bat. Auschwitzeko kontzentrazio esparruan giltzapetutako ijitoak beren zaindarien kontra matxinatu eta makila eta harriz armatuta eutsi zioten. Militar alemaniarrek matxinada menperatu ondoren, 4.000 ijito inguru hil zituzten kontzentrazio esparrua gaseztatuta. Zenbait egun geroago, Gureme Parisen zen, hiria askatu zuten tropen eta milizien parte.

Aliatuak Auscwhitzera sartu zirenean, 1945ean, ez zegoen ijito etniako lagun bakar bat ere. Sarraskituta zeuden guztiak. Gerra amaitutakoan, familiaren bila ibili zen Raymond Gureme, baina 1950. urtera arte ez zituen aurkitu, Belgikan.

«Eutsi egin behar diozue»

Auschwitz-Birkenauko kontzentrazio-eremuan “Samudaripen” delakoa gogoratzeko egin zuen hitzaldi batean, bere bizitza eta borrokak errepasatzeaz gain, Guremek eusten jarraitu beharra aldarrikatu zuen: «Ez utzi zuen etorkizuna eroen esku. Eutsi egin behar diozue. Diskriminazioari, arrazismoari, Europa osoan ijitoek jasaten duten indarkeriari, jazarpenari aurre egin behar diezue».

FSG Ijito Idazkaritza Fundazioaren orrian irakurgai dago hitzaldi horren gaztelaniazko itzulpen bat.