Oihane Larretxea de la Granja

Donostiaren arrautzak

Arrautza guztiak saski berean gordetzen jarraitzen du Donostiak, eta arriskutsua da hori; begirada laburrekoa izateaz aparte, gauzak ziurtzat ematea delako. Eta horrek harropuzkeria puntu bat badu. «Noraz zoaz?» baino, hobe genuke galdetzea: «Nora joan nahi duzu?». Estropezu eginez gero –eta egingo du, dagoeneko egin ez badu– gerta daiteke erori eta arrautza guztiak puskatzea. Eta zera onartuko dut: ez naizela ni izango penatuko dena. Are gehiago esango dut, gorritu gabe: inoiz une horren zain egon naizela.

Kaiaren hain berezkoa zen eta donostiarrok hain maitea genuen “Portaaviones” eraikina bota eta proiektu berria iragarri zuen Lakuak. Burdinazko jatorrizko eskeletoa mantendu (o, ze detailea!) eta fatxadak erabat berritu dituzte karismarik eta zaporerik gabeko eraikina egiteko, munduko edozein lekutan topatu genezakeen eraikina egiteko. Garai batean arrantzatutakoa saltzeko lonja izandakoa eta arrantzaleen trastelekuak zirenak desagertu dira, sikiera ez dituzte hain berezkoak zituen idi-begiak mantendu. «Arrantza eta itsas jarduerak sustatu eta itsasoko produktuei balioa emateko zentroa» jasoko zuela iragarri zuten. Eufemismo asko jatetxe bat ireki behar zutela ez esateko. Mingarriena da “Kofradia” izena jarri diotela. Horri ziria esaten diot nik, eta barruraino sartu digute.

Beste arrautza bat saski berean. Hobe lukete gure ondarearekiko maitasun apur bat sartuko balute bertan. •