Iñaki Soto

Gu han geunden, eta ez da nostalgiarako arrazoirik

Rosa Zarra hil zutenean, gu han geunden. Hain geunden han, bizkarrean pilotakada bat eman zidatela, Rosa zegoen tokitik metro gutxira, distantzia laburrera egindako beste tiro batekin. Bera bete-betean harrapatu zuen. Ni, urratu egin ninduen. 20 urte neuzkan. Berak, 58. Bera hil zuten. 25 urte igaro dira eta kontakizuna hain partziala izan ez dadin, kontatzen jarraitzea tokatzen da. Tentuz, ordea. Batzuek uste dutenaren kontra, nostalgia ez baita etorkizuneko arma bat, ezta gutxiago ere. Kontuz, beti. Gure kideek eta arerioek bizi izan dituzten tragedien aurrean, honakoak atmosfera irudikatzeko istoriotxoak besterik ez direlako.

Kargatik ihesi, elkarte baten beheko solairuan bildu ginen. Zauritutako beste bizpahiru pertsona zeuden han. Orduak eman genituen, kanpoan zer gertatzen zen ondo jakin gabe. Pilotakadak eta oihuak entzuten ziren. Poliziak sartzen ahalegindu ziren, behin eta berriz. Beldurra pasa genuen, baina egun haietan amorruak beste guztia estaltzen zuen. Hondarribiko aireportuan egon ginen, Joxi eta Joxeanen gorpuen harreran. Tolosara ez ginen heldu. Gau hartan Amarako soto batean ezkutatuta geunden bezala, bezperan mendi baten magalean luzaz ezkutatuta egon baikinen. Gure Polizia omen zen hartatik ihesi, basakeriatik ihesi, guztiz lortu gabe.

Gure une hartako atmosfera EH Sukarra taldearen abestiak biltzen zuen: «Kasko gorriak, gure aurka datoz, goazen aurre egitera denok. Nola daiteke, holako batek, beldurra ematea guztioi». Ez da letra soilik. Abiadura eta indarra ere halakoxeak ziren. Ez soilik gure artean. Parez pare geneuzkan “bakezaleak”, poliziak gure aurka zetozenean, pilotakadak metro bateko distantzian jaurtitzen zituztenean edo agureak lurrean kolpatzen zituztenean, txalo eta garrasi egiten zuten. «Nik ez!», esango du baten batek. Ez dakit, baina bere ondokoak bai, diot nik.

Orain, hemen gaude, eta eskerrak. Besteen sufrikarioak gurea ez zuela leunduko ikasi dugu bidean. Ez da gutxi. Amorrua ez zaigu itzali, baina ez gaitu gidatzen dagoeneko. Saiatzen gara, sikiera. Haserre hori beraiengan ikusten dugu orain maiz. Urrutiago joan gabe, ez dute Rosa Zarraren memoria aipatu nahi. Lotsagatik beharko luke izan. Baina ez, harrokeriagatik da. Eta arrakero izateagatik, gertatu zena ezkutatzeak abantaila politikoa ematen dielako. Horrexegatik, ez dute «inoren leziorik onartuko». Arduradun arduragabeak dira.

Gu han geunden, eta hau kontatzen dugunean, ez zaituztegu zuek hara eraman nahi, inondik inora. Ez dugu garai hura erromantizatu nahi. Aro haren gogorkeria azaltzea zaila da, ordea. Edonola ere, ez dugu aitakeriaz hitz egin nahi. Esan bezala, ez dugu nostalgia sustatu nahi. Gu han geunden bezala, zuek, oraingo gazte eroak, hemen baitzaudete. Zuek egingo duzuena ezin baita garai hartako eskalaz neurtu, garai hartako balioekin juzgatu. Zuekin injustua litzateke, baita gurekin ere. Ahal dela, garai hartan gertatutakoa ezagutzeak gaur egun justuagoak, sendoagoak, koherenteagoak, eraginkorragoak izaten lagundu behar dizue.

Eskalada horretan, urtebetean zenbait hauteskunde izan ziren. Orduko atmosferaz ari bagara, gerora ilegalizazio garaia ekarriko zuten aztarnak argiak ziren arren, ez genuen bozkatzea ez zalantzan ezta arriskuan ere ikusten. Inozoak ginen. Eta apur bat nostalgikoak. Ez errepikatu, arren, gure akatsak. •