Gorka Elejabarrieta

Lehengo eta gaurko irakaspenak

Lehengo bideak bertute bat bazuen; argitasunak, elkarrizketak eta negoziazioak ekarriko zituen gatazkaren konponbide demokratikoa eta, ondorioz, akordioan, aitortzan eta erabakitzeko eskubidearen onarpenean oinarrituriko akordioa. Ondoren Euskal Herriak erabakiko zuen zer motatako harremana izan nahi zuen Estatuarekin. Ez zen gertatu. Bide berrian ez dago horrelako argitasunik, helburuak eskuratzeko zer lortu eta egin behar den ez baitago batere argi.

Erabakitzeko eskubidearen onarpena eta erreferendum adostu bat beharrezkoak al dira? Eskoziar bidea da ondorioz jarraitu beharrekoa? Berdintasunak berdintasun, Madrilen eta Londresen arteko diferentziak oso nabarmenak dira eta argi dago gaur egun espainiar Estatuak ez duela bide hori jorratuko. Zer egin behar dugu orduan? Espainia demokratiko bat iritsi arte itxaron? Eta ez bada sekula iristen? Hori al da euskaldunon patua? Ez dut uste.

Adostasunik gabeko bidean ez dago arau argirik. Indar harremanean dago gakoa. Indar nahikoa eskuratu behar da bai barne mailan bai kanpo mailan akordioa behartu edo saltoa eman ahal izateko. Ez dago bidelaburrik. Independentismoa hegemoniko bihurtu behar da Euskal Herrian. Ahalik eta indar gehien lortu. Eta ez dakigu botoen %51, %60 edo %70 beharko ditugun. Nire ustez ez dago gaur-gaurkoz hori jakiterik, eta, horregatik, mesede gutxi egiten dute bai botoen %51 nahikoa ez direla esaten dutenek bai nahiko direla diotenek. Eztabaida hutsalak dira. Kanpoan ere konplizitateak eraiki behar dira, landu, nazioarteko aitortzarik gabe ez baitago estatu independente bat eskuratzerik. Bide adostuan ez da arazorik egongo, baina bidea adostua ez bada, aitortza lortzea izango da borroka klabeetako bat.

Bide berrian aurrera egiten jarraitzeko, borroka elektoralak eta instituzionalak berebiziko garrantzia hartzen dute, beharrezkoa baita ahalik eta botere kuota altuenak lortzea. Ahal den neurrian ahalik eta instituzio gehien bete behar dira independentistez. Bide hori jorratzen dugun heinean, garaipen elektoral horiek lantzen eta lortzen ditugun aldi berean, behar-beharrezkoa da zenbait gauza kontuan hartzea.

Bat, borroka elektorala borroka tresna bat da, ez helburua.

Bi, helburua ez da gobernua eskuratzea, baizik eta gobernua eskuratzea gure helburuen lorpenean aurrera egin ahal izateko.

Hiru, ezin da borroka elektorala gutxietsi, botere eta babes kota handiagoak eskuratu gabe nekez lortuko baititugu gure helburuak. Gauzak ez dira beltzak edo zuriak.

Lau, hemen gatazkaren oinarria ez da aldatu eta parean daukagun arerioak ez du gaur-gaurkoz erabakitzeko eskubidea onartuko; ez du, ondorioz, gatazkaren konponbide demokratiko bat bilatuko. Horrek bai ala bai esan nahi du, bidearen momentu batean edo bestean, paretaren kontra talka egingo dugula berriz ere. Ezin dugu sekula ahaztu paretak hor egoten jarraitzen duela.

Bost, bakarrik oso zaila izango da. Euskal Herrian eta kanpoan ere bidelagun gehiago eta berriak eskuratu behar ditugu. Kataluniarekin prozesua sinkronizatzen saiatu beharra daukagu, elkarrekin jo, Estatuan eta nazioartean, elkarrekin indar gehiago, aukera gehiago izan ditzakegulako.

Hauteskunde bezpera da, egin ahal zena eginda dago eta egiteko geratu dena beste baterako utzi beharko da. Ezin dugu momentukoa, egunerokoa deskuidatu, baina ezin ditugu epe ertaina eta epe luzea ere ahaztu. Bi abiadura, bi erritmo eta bi begirada horiek batera jorratu behar ditugu. •