Oihane Larretxea de la Granja

Opari pozoitu bat

Zein da eufemismoaren eta gezurraren arteko muga? Zein da jendea inozoa dela pentsatzearen eta herritarrak tontotzat hartzearen arteko ezberdintasuna? Bada albiste mota bat idazten denean ondo gordetzea merezi duena, jakin badakizulako, edo susmatzen duzulako behintzat, hemeroteka aberastuko duela; hau da, berriak bigarren buelta bat izango duela dakizu. Frogatuko dizuna inozotzat ez, tontotzat hartu zaituztela. Eta bertan jasotako hitzak, gezurra mozorrotzen duten eufemismoak baino ez direla. Denbora eta pazientzia kontua da. Eta momentu hori iritsi da.

Badira hiru urte pasatxo Cristina Iglesias eskultore donostiarrak hiriko Santa Klara uhartean eskultura egiteko asmoa iragarri zuela eta, geroztik, gaiarekin bueltaka gabiltza. Lanak aurrera doaz eta, antza, urte amaierarako amaituta egon daizteke.

Puntu honetan, bi taldetan sailkatuko dut jendea. Irla «ondo» maite dugunok eta irla «gaizki» maite dutenak (haiek irla maite dutela esango baitute). Eta azalduko dut.

Eskultura instalatzeko, 60ko hamarkada bukaeratik erabilerarik ematen ez zitzaion uharteko itsasargiaren etxea hustu dute eta obraren piezak banan-banan eraman dituzte… helikopteroz. Artistak obra hiriari dohaintzan eman dio, baino lanen ordainketa aurrekontu publikotik eta ekimen pribatutik egin da. 4,2 milioi euro (momentuz). Eskandalu bat. Opari pozoitu bat.

Baina dirutza alde batera utzita, «eskultura bat» instalatzeko egiten ari diren suntsiketa paisajistikoa eta ekologikoa da erabat penatuta naukana. Eta paradoxikoa zera da: egileak proiektua diseinatu zuenean «naturaren eta kostaren kontserbazioaren gainean hausnarketa» plazaratu nahi zuen «arteak argia ekar dezakeelako». Lehendabiziko galderaren erantzuna baduzue? •