Amagoia Mujika Telleria
GURASOEN ALIENAZIO SINDROMEA

Tratu txarra jaso duen ama sistemak berriz jipoitzen duenean

Gurasoen Alienazio Sindromea, AEBetatik ekarri zuten elkarte matxistek Genero Indarkeriaren Aurkako Lege Integralaren parean, horri indarra kentzeko. Ez dauka oinarri zientifikorik eta Osasunaren Mundu Erakundeak berak arbuiatu egiten du, baina banaketa eta dibortzio prozesuetan erabili egiten da –beste izen batzuekin–, eta helburu garbia du: amaren eta seme-alaben hitzari indarra kentzea normalean tratu txarrak leporatzen zaizkion aitaren mesedetan. Egoera latzak sortzen ditu.

Dibortzio eta banaketen %20 inguru gatazkatsuak izaten dira eta epaitegietara iristen dira. Kasu horietan, bostetik batean seme-alabak izaten dira tartean. Eta haustura horien artean, badira tratu txarren edota abusuen salaketak eta baita epai irmoak ere. Batzuetan emakumeen kontrako tratu txarrak eta abusuak dira eta beste batzuetan baita seme-alaben kontrakoak ere.

Familia-bitartekaritza ezin da existitu indarkeria matxistaren kasuan, hala jasotzen du Genero Indarkeriaren Aurkako Lege Integralak. Izan ere, tratu txar emaile den gizonezkoak haurraren zaintza bere gain har dezake? Galdera hori jartzen du mahai gainean behin eta berriz Ester Ruiz Martinek, Gurasoen Alienazio Sindromearen kontrako Luna Plataformako koordinatzaileak. Gurasoen Alienazio Sindromearen atzaparrak bere azalean sufritu zituen duela urte batzuk. Orain, bere alaba adinez nagusia denean eta haren zaintza arriskuan ez duela, egoera latz horretan dauden emakumeei babesa eta bultzada emateko lan nekaezina egiten du.

Baina, zer da Gurasoen Alienazio Sindromea? AEBetatik dator eta Richard Garner psikiatrak asmatu zuen 1985ean. Banaketa eta dibortzioetan seme-alaben zaintzari lotutako gatazketan aplikatzen da, nagusiki, tratu txarren eta abusuen salaketak tartean direnean. Oinarrian, honakoa esaten du: haur batek gurasoetako batekin egoteari uko egiten badio, beste gurasoak manipulatu egin duelako da. Kasuen gehiengo zabalean ama jotzen da manipulatzailetzat. Prisma horren arabera, amak hain gogor manipulatzen du haurra, txikia tratu txarrak edota abusuak “asmatzera” iristen dela. Gurasoen Alienazio Sindromearen begietara, ugariak dira ama gezurtiak eta irudimen biziko haurrak dibortzio prozesu gatazkatsuetan.

Kontraeraso bat

«Estatu espainolean Genero Indarkeriaren Aurkako Lege Integrala indarrean sartu zenean, aurretik AEBetatik zetorren mugimendu batek indarra hartu zuen. Kontraeraso bat bezala ulertu behar da eta emakumeen eskubideen aldeko borroka oztopatzea da helburua. Botere ekonomiko handia duten elkarte matxistek bultzatzen dute Gurasoen Alienazio Sindromea, beren ideologia eta pentsaera zabaltzeko. Oinarrian dagoen ideia da emakumeek indarkeria matxista salaketa faltsuak jartzen dituztela eta zaintza partekatua dela aukerarik onena. Gurasoen Alienazio Sindromearen arabera, emakumeek seme-alabak manipulatzen dituzte aitaren kontra hitz egiteko eta aitarekin joateari uko egiteko. Kontramugimendu bat da eta helburu garbia dauka: Genero Indarkeriaren Aurkako Lege Integralak ez dezala egin behar duen bidea egin, edo ez behintzat espero den abiadan eta emaitzekin. Horren ondorio dira gertatzen diren egoera hauek guztiak», azaldu du Ester Ruizek.

Banandutako aiten elkarte jakinek ekarri zuten AEBetatik Estatu espainolera. «Ordurako munduko elkarte zientifiko guztiek baztertuta zuten Gurasoen Alienazio Sindromearen existentzia bera. Ez dago munduan elkarte zientifiko edo psikologiko bakar bat ere sindrome hori existitzen dela onartzen duenik, ez dauka inongo zilegitasunik eta Osasunaren Mundu Erakundeak berak baztertu egiten du».

Beste izen batzuekin mozorrotua

Oinarri zientifikorik gabeko sindromea da beraz. Ez da existitzen, ez dago era horretako sindromerik, baina horren arrastoa eta zama oso nabarmena da tratu txarrak salatu diren dibortzio eta zaintza prozesuetan. Ruizek garbi dauka: «Epaitegietako talde psikosozialen bitartez joan da sartzen sistema judizialetan, familiako elkarguneen bitartez. Hor egiten dira bisiten trukeak. Zerbitzu sozialen bitartez sartzen joan da haurtzaroko departamentuetan. Haurraren zaintzarekin lotutako erakunde guztietan dago. Ez zaio Gurasoen Alienazio Sindrome esaten, mozorrotu egiten da: instrumentalizazioa, amaren manipulazioa, kezka morbidoa, leialtasun-gatazka... era askotako izenak jartzen dizkiote». Izenak izen, denak dute helburu bera: amaren eta haurraren hitza kolokan jartzea eta haien arteko lotura ahalik gehien etetea.

«Egoera orokortua da, arau nagusia. Salbuespena bestea da, egoera hau ematen ez dena. Badira kasu oso larriak, aita tratu txarrengatik kondenatuta egon eta elkarguneetan ematen dira bisitak. Txostenek aita maitagarri bati buruz hitz egiten dute. Aitak seme-alabak ere jotzen zituen eta seko beldurtuta daude. Bisita gunera iritsi eta gainean pixa egiten dute beldurraren beldurrez. Eta txostenek ez dute jasotzen benetan gertatzen ari dena».

Oinarri zientifikorik ez, baina zutabe matxista eta patriarkal garbiak dauzka asmazio horrek. «Helburua da aitaren figura ez dadila desagertu seme-alaben bizitzatik. Pater familias delakoaren figura babesten duen baliabidea da. Erreferentzia figura hori ez dadin desagertu. Esaten denean sistema judiziala patriarkatuaren gainean eraikia dagoela, horrelako egoerei buruz ari gara. Opus Deikoak diren eta ideologia oso kontserbatzailea duten epaileei buruz ari gara. Haien begietara tratu txarrak salatzen dituen emakumea deabrua da, manipulatzailea eta gezurtia», jarraitu du Ruizek.

Bistan denez, haurtzaroaren inguruan lan egiten duten profesional askoren konplizitatea behar du errealitate horrek. «Bai, eta konplizitate hori existitzen da. Une batean haurtzarora bideratutako zerbitzu sozialak azpikontratatu egiten dira eta irabazi asmorik gabeko elkarteen eskuetara joaten dira. Elkarte horien ia guztiak ideologia katoliko eta kontserbadoretik oso gertu daude. Dibortzioa onartu egiten dute, baina familiaren egituraren alde egiten dute zorrotz. Familia mantendu behar da denaren gainetik. Bananduak egon arren eta bananduak bizi arren, aita eta ama familiaren parte dira eta aita defendatu eta errespetatu behar da denaren gainetik. Aitak akats bat egin zuen, denok egiten ditugu akatsak, eta barkatu egin behar dira. Barkamenaren zentzua oso bizirik dago. Aita guztiek errieta egiten dute eta aita guztiek jotzen dute. Hori normala da. Ama da nahastuta dagoena eta laguntza behar duena. Amarekin egin behar da terapia eta amarekin lan egin behar da. Hori da oinarrian dagoena», azaldu du Luna plataformako ordezkariak.

Behin honetara iritsita, garbi utzi nahi izan du ez dela aita guztiez hitz egiten ari. «Inork ez du fokua jartzen bere egitekoa benetan arduraz betetzen duen aitaren gainean. Tratu txarrengatik kondenatuak dauden aitei buruz ari gara, seme-alabekin ardurarik gabe jokatzen duten aitei buruz. Badira seme-alabez inoiz kezkatu ez diren aitak eta dibortzioa iristean hasten dira haiekin kezkatzen. Kasu askotan ez dakite zein neurritako kamiseta behar duten, zein den bere irakaslea eta bat-batean aitatasun sentimendua pizten zaie. Ez dira inoiz aita izan, baina dibortzioaren ordua iristean aita maitagarri gisa agertzen dira epaitegietan, elkarguneetan eta eta zerbitzu sozialetan. Aitatasuna beti arduraz bete duen gizonarengan ez gara fokua jartzen ari. Horrek, noski, edozein ama onek dituen betebehar eta eskubide berak izan behar ditu».

Eta berriz jarri du galdera mahai gainean Ester Ruizek: «Amari eta seme-alabei eraso egin dien aita ez ote da ari seme-alaben zaintza erabiltzen amari tratu txarra ematen jarraitzeko? Eta baita seme-alabei ere. Asko dira gaizki zainduta etortzen direnak, zorriz josita, gaizki artatuta. Horietako asko bikote berriaren eskuetan edo aiton-amonen eskuetan geratzen dira sarri. Aitak ez ditu zaintzen».

Mehatxu bidezko terapia

Gurasoen Alienazio Sindrome edo izen desberdinekin oinarri bera duten tresnak erabiltzen direnean, amaren eta seme-alaben hitzak indarra galtzen du. «Hori aplikatzen den unetik, emakumeak edota seme-alabek esaten duten edozer gauza prisma horretatik ikusten da. Hortik aurrera, emakumearen edo seme-alaben hitzak ez du ezertarako balio. Gezurteroak dira, irudimentsuak eta gezurra esaten dute aitari kalte egiteko. Aita gaitasun handikoa da eta dohainez betea. Aldiz, amak ez dauka inongo gaitasunik eta seme-alabek, ama kontentatu nahi dutenez, gezurra esaten dute».

Ustezko sindromearen kontra hartu ohi diren neurriak latzak dira. Haurrari sekulako presioa egiten diote bere kontaketan amore eman dezan, ez dezan aita baztertu. Normalean, zaintza sistema aldatzen da. Erakunde publikoa arduratzen da haurraren tutoretzaz eta arbuiatzen duen gurasoarekin bidaltzen du, aitarekin. Amari, berriz, zaintzapeko bisita ordu batzuk baino ez dizkiote ematen. Gurasoen Alienazio Sindromea aplikatzen den unetik, amari indarrez haurra kentzea ohikoa da.

«Mehatxu bidezko terapia erabiltzen dute. Helburua da haurrak amore ematea eta ez esatea amarekin bueltatu nahi duela. Bizitzarik gabeko gizaki bihurtu nahi dute, kexatzen ez dena eta egoera barneratzen eta onartzen duena. Amarekiko aldentzea bilatzen da, berdin izatea ama ikusi edo ez ikusi. Une hori iristen denean, haurra ‘desprogramatu’ dutenean, helburua lortu dute», azaldu du Ruizek.

Luna Plataformatik urteak daramatzate Gurasoen Alienazio Sindromearen kontrako borrokan. «Hau ez da berria. Gobernuak, alderdiek, justizia departamentuek... denek dakite hau gertatzen dela. Horren kontra egitea oso zaila da. Sekulako lana egiten ari gara errealitate hau ezagutzera emateko. Komunikabideen aldetik ere harrera epela da, ez da samurra gure diskurtsoa zabaltzea. Oso konplikatua da gertatzen ari zaiguna azaltzea. Urte askotako lana egin dugu eta egia da sare sozialek asko lagundu digutela. Mundura ireki ahal izateko atea izan dira», gaineratu du.

Izan ere, salatzen dutenaren arabera, haurraren ongizatea zaindu behar duten erakundeek haurrarentzat babesgabetasun erabatekoa sortzen dute. «Erakundeak konplize dira. Nola da posible hau gertatzea 2020. urtean? Ez da sinesgarria. Oso zaila da jendeari egoera honen berri ematea eta jendeak ulertzea».

Oso zaila da egoera ulertzea eta horren jabe egitea emakumeok estigmatizatuta daudelako jendartearen begietara. «Lehenik tratu txarrak jasan dituzula eta umiliatua izan zarela barneratu behar duzu. Zapaldua izan zarela eta horregatik dibortziatu zarela. Hori da lehen estigma. Eta, gero, gainera, haurraren zaintza kendu dizutela kontatu. ‘Inori ez diote kentzen haur bat, zerbait oso gaizki egingo zuen ama horrek epaile batek haurraren zaintza kentzeko’. Pentsa noraino sentitzen zaren umiliatua. Oso zaila da inori azaltzea hori gertatu zaizula sistema justu aldarrikatzen duenaren kontra ari delako lanean. Ez da egia haurra babesten ari denik. Haurra tratu txar emailearekin bidaltzen da eta ama elkargune batean ikus dezake bi orduz eta hezitzaile batekin. Eta ez esan haurrari maite duzula eta ez erantzun ea zurekin noiz bueltatuko den galdetzen dizunean, bestela deia moztuko dizute. Hau gertatu egiten da», salatu du Ruizek.

Luna Plataformako ordezkariak garbi dauka nork jipoitu zuen bere kasuan. «Erakundeen indarkeria da. Erakundeak dira emakumeen kontrako indarkeria egiten dutenak. Nire alabaren aitak sistema erabili zuen, sistemak eskura jartzen dizkion baliabideak. Baina tratu txarra ematen diguna, heriotzaz zauritzen gaituena, sistema da. Alaba indarrez kendu zidana sistema judiziala izan zen. Ez gintuen inoiz babestu, ez ni ezta alaba ere».

Orduan, non aurkitu dezake argi poxi bat tratu txarrak sufritzen dituen amak? «Bide luzea dugu egiteko», bukatu du Ester Ruizek.