Mirari Martiarena Iraola

«Txakurlogia»

Gure etxean sei txakur daude gaur-gaurkoz: Xaru, Lagun, Ilun, Eguzki, Hara eta Beltxa. Gehiago ere eduki izan ditugu. Ez dut gogoratzen gure etxean inoiz egon ote garen txakurrik gabe. Egia da baserrian bizitzeak eta lekua izateak ahalbidetzen duela hainbeste txakur izatea.

Joan den hilabetean gertatutakoari buruz hitz egin nahi dizuet. Beltxa, gure txakurretako bat, falta zela sumatu genuen. Lehen pentsamendua, hil egin zela bere ohiko mendi bueltaren batean. Zergatik? Zaharra delako, ez nuke esango jakiten zenbat urte dituen. Zaharra zegoelako oparitu ziguten, bere jaiotetxean ez zutelako bere beharrik eta gurean dagoeneko badaramatza 15 urte.

Beltxa arratoi txakurra da; gurera iritsi zenean etxe inguruko katu guztiak uxatu zituen, sagu eta arratoi ehizan hasi zen, eta, nola ez, etxea zaintzen. Beste txakurrekin tratu ona izan du beti; nahiz eta txakur handiagoak izan, lotsagabea izan da, eta horrek ekarri dio borroka bat edo beste. Gaur egun esan daiteke Beltxak baduela estatus bat, etxeko txakur zaharrena delako eta aurretik beste inork lortu ez zuena lortu zuelako. Etxeko sukaldean lo egitea. Eta hori baserri batean ez du edozein txakurrek lortzen.

Desagertu zen egunetik pare bat egun pasata, hiru lagun azaldu ziren ea txakur bat falta genuen galdezka. Guk baietz, eta argazkia erakutsi genien. Txakur berari buruz ari ginen, Beltxari buruz. Ez du identifikazio txipik, koilarean bere garaian telefonoa jarri genion baina hori ere galdu zuen. Esan ziguten mendian topatu zutela abandonaturik, albaitariarengana eraman behar izan zutela, artrosia zuela, hanka bat zauritua, zizareak zituela eta oso gaizki zaindutako txakurra zela. Jo eta ma geratu ginen. Gutxienez 15 urte dituen txakur bati buruz ari gara: artrosia normala. Hanka zauritua: egun batzuk lehenago mastin batekin aritu zen borrokan. Zizareak zituela ez genekien, ez baikara egun guztia txakur kakei begira egoten. Batetik libre daudelako eta ez dakidalako kaka non egiten duten. Bestetik, etxeko sei txakurren kakei begira egon behar banu, lanaldi murriztua eskatu beharko nukeelako. Hiru ezezagun gu epaitzen, oso gaizki zaindutako txakurra dela esanez bere kakari ez diogulako erreparatu. Nahiko sututa eduki gaitu kontu honek, sare sozialetan jarraitu dutelako gu kritikatzen eta gertutik jarraituko dutela Beltxaren zaintza esanez.

Ez ditut ulertzen txakurrak pertsonak balira bezala tratatzen dituztenak. Badakit geroz eta gehiago direla edo zaretela, baina niretzat txakurrak, txakurrak dira. Horrek ez du esan nahi gaizki tratatzen ditudanik; maite ditut, baina txakurrak izaten jarraitzen dute. Zerbitzari bezala lan egin nuen jatetxe garesti batean, egun horretako nire soldata baino gehiago balio zuen azpizuna zerbitzatu nion txakur bati. Eta txakur jabeak, bitartean, amari egoitzara bisita egin behar ziotelako kexaka. Edorta Jimenez idazleari irakurri nion elkarrizketa batean: «Historian lehen aldiz aberatsak makurtzen ikusten ari gara, zertarako eta beren txakurren kakak biltzeko, eta, era berean, txakur horiek baino okerrago bizi diren etorkinek aberatson gurasoen ipurdiak garbitzen dituzte».

Gauza bat da txakurrak ongi tratatzea, zaintzea eta konpainia egiten dizutela esatea eta, bestea, “txakurlogia”. Txakurrak pertsonen gainetik jartzea eta txakurrak bakarrik ulertzen zaituela esatea. Bai, izan liteke, etxean duzun maskotak atentzioa jartzea. Nik ere itxura hori egiten dut asko hizketan daudenean. “Txakurlogia” praktikatzen duten horien mundua hankaz gora jarriko da hitz egiten hasi eta txakurrek kontra egiten dieten egunean. •