Ula Iruretagoiena Busturia – @ulissima5
Arkitektoa

Zer datorren

Arrarotasuna sartu da gure kaleetan. Etxeko leihoa zabalduz, denak berdin jarraitzen duela ematen du, baina bada ezberdintasunik. Inoiz baino gehiago, gertakizunen errelato nagusiarekiko zalantza, mesfidantza, susmoak eta, oro har, ezjakintasun handiagorekin bizi ditugu egun hauek. Errealitatearen atzealde ilun bat, galderaz eta inkognitaz betea, konpainia egiten digu kalera ateratzen garen bakoitzean. Sentsazio amankomun bat sortu da; gezurretan ari zaizkigula, edo egiaren gordintasuna ezkutatzen ari zaizkigula. Baliteke askorentzat beti egon den zurrunbiloa izatea, baina orain horren soinua ozenagoa da gutariko askorentzat, barneko marmar horri sordina kendu izan bagenio bezala. Musukoaren azpitik eta ingurura so egitean, beldurraren mamua blaituta ageri da ertz askotan. Bitartean, txorien kantua indar berberarekin entzuten da kaleko zuhaitzetan.

Bizi dugun testuinguru hau oso oparoa gertatzen da fikziorako, biharamuna irudikatzeko ezintasunak, alde batetik, eta planifikazio eta kontrol beharrak, bestetik, errealitatearen fugak behar dituelako inoiz baino gehiago. Orainarekiko dugun konpromisoaren eskaria da fikzioa. Errealitatearen osagaiekin menu ezberdin bat atontzearekin du lotura. Ariketa arras baliotsua eta beharrezkoa da, ezaguna zaigunarekiko atxikimendu oso handia dugulako: zailtasunak handiak dira etorkizuna orainetik askatzeko unean. Gure jakintza mugatua onartu eta berau askatuko bagenu, literatura eta zinemari, adibidez, egiteko paregabea esleituko genieke fikzioaren ateak irekitzeko, kultura SOS aldarrika gauden garai honetan, kulturari lehen mailako eginkizuna onartuz. Zeinen ezberdina litzatekeen gure lurraldearen antolamendu-estrategia kulturgileren bat erabaki lantaldean egongo balitz, fikzio ariketekin oraina eraikitzen. Ezinezkotzat jotzen ditugun eszenatoki desiragarriekin lan egingo bagenu, eraldaketarako prestatuago geundeke. Fikzio ariketa baliotsuen artean, “Years and years” telesaila edo gure ingurune hurbilean, “Borradores del futuro” proiektua.

Irudimenaren aroan sartuko ote gara, planifikazio eta aurreikuspenen ordezkari gisa. Hirigintzarentzat beste logika eremu batean sartzea suposatuko luke, hirien aukerak proiektatzeko garaian. Dudarik gabe, hirien plangintza askoz dibertigarriagoa eta biziagoa litzateke, segur aski, hirien eta lurraldeen diseinua inoiz baino errealago bilakatuz. Arrarotasun sentsazioak esaten digu dagokiguna dela oraina deskonposatzea beste modu batean konposatzeko. Burmuinak horretarako, informazio berria behar du, irudimena bitartekari. Zein aldaketa beharko luke gure lurraldeak, adibidez, landare eta basoen eskubideak onartuko balira; nolakoak lirateke hirietako eraikinak pertsonenak ez ezik, animalien egoitza izan beharko balira; zer izango litzateke etxea, informazio digitalaren gordailu-paretekin eraikia izango balitz; nola antolatuko genuke espazioa, haur eta adinduen inteligentzian planetaren salbazioa aurkituko bagenu... •