Mikel Zubimendi Berastegi
MIGRAZIOA DA SOLUZIOA

Txoriek eta tximeletek bezala, migratzea premia biologiko dugu, geneetan tatuaje

Migrazioa naturala da espezie guztientzat, animalia, landare eta pertsonentzat. Segurtasun globalaren mehatxu bat baino, migratzea eta nahastea gizakion iraupenerako ezinbestekoa da. Mugikortasuna eta mugimendua goraipatu behar dira, guretzat funtsezkoak izan eta beren onura biologikoak gure salbazioa direlako.

Exodo handia hasi da, kontinente eta ozeano guztietan. Klima larrialdiaren aurrean, zientzialariek leku edo habitat zehatz batzuetakoak zirela uste zuten animaliak eta landareak ingurune berriak bilatzera abiatu dira. Tximeletak eta txoriak poloetarantz mugitzen ari dira, igelak eta onddoak mendi gainetara apurka-apurka, ozeanoetan koral arrezifeak urteko kilometro gutxi batzuetako abiaduran mugitzen dira, hamarkada batean 200 kilometro egin du gora bakailaoak, ipar polorantz. Eta, jakina, espezie basak nora, hara jarraitzen die gizakiak.

Inoiz baino jende gehiago bizi da egun bere sorlekutik kanpo, gerrek, uholdeek, basamortutze geldiezinak eta itsasoen igoerak eraginda. Kontu jakina da inoiz baino pertsona alderrai gehiago daudela, letrok idazten ari diren unean bertan giza populazioaren ehuneko bat mugitzen ari dela, eta klima larrialdiak espezie gero eta gehiago klima erosoagoak bilatzera bultzatzen dituela. Hori gauza jakina da. Ez da hain ezaguna, ordea, fenomeno horren derrigortasun biologikoa.

Bestalde, koronabirusaren pandemiak mundu osoan jendea etxean itxi zuenean, denok sentitu genuen, modu berdintsuan, mugitzea zein puntutaraino den inportantea gizakion bizitzetan. Gure bizilekuetatik ateratzea eragotzi zigutenean, isolatu egin ginen, denok urduritu ginen, klaustrofobiko samar geunden. Zugunhure deritzona esperimentatzen ari ote ginen? Hegan egiten hasi baino lehen txorien jabe egiten den “ezinegon migratzaile” horren mende al geunden?

Migrazioa albisteetan dago. Kontinente guztietan jendeak ihes egiten du gerratik, zapalkuntzatik, gosetik, pobreziatik, muturreko lehorte eta klimaren beste hainbat fenomenotatik. Haien bidaiek laguntza humanitarioa sortu dute, baina baita ekintza militar eta polizialak ere, gobernu krisiak, erretolika xenofobo oso erasokor bat eta murruak eta muga txarrantxadunak eraikitzeko proiektu erraldoiak. Mediterraneoan, Rio Granden, Sahara basamortuan, greziar uharteetako kanpamentu gotortuetan, Australiako atoloietan, Texas eta Bangladeshko muga inguruetan, nonahi.

Agindu biologikoa

Propagandaren eskuliburuari eta kalkulu zitalei jarraituz, politikari eta komunikabide batzuek migrazioaren egungo patroiak eta eskalak aurrekaririk gabekoak direla esaten dute. Gaixotasun eta gatazken zabalkundearen erruduntzat jotzen dituzte. Baina landareen, animalien eta gizakien migrazioaren zientziak eta historiak oso bestelakoa den errealitatea erakusten digute. Migrazioa disruptiboa, apurtzailea den jokabide bat baino, arnastea bezain naturala den agindu biologikoa dela, edo beste hitz batzuetan esanda, migrazioa ez dela arazoa, soluzioa baizik.

Migrazioaren funtzio biologikoa migratzailearen bizirik irauteko ahaleginetik harago doa. Naturako migratzaileek ekosistema osoen aldamioak eraikitzen dituzte: polena eta haziak barreiatzeaz gain, landare askoren iraupenerako ezinbestekoa dena, migratzaileek ere geneak garraiatzen dituzte, dibertsitate genetikoa dakarte. Migrazioa ez da gizakien kontu bat, biologikoa da.

Herra darion narratiba bat eraiki da alderrai dabilen jendearen inguruan. Migrazioa irregulartasun bat da, desordena, indar puskatzailea…. Eta narratiba horrek eragin handia izan du Mendebaldeko kulturan, XX. mendeko politika eugenesiko eta xenofoboak elikatu ditu, nazien genozidioa, migrazioaren kontrako egungo mugimendu politikoak. Geopolitikari forma ematen dioten galderak planteatzen dira: Gizakien migrazioak zer sortzen du? Masen mugimendu hori onuragarria al da ustez egonkortuak dauden eta homogeneo direla uste duten komunitate eta nazioentzat?

Merezi du, baina, gizaki migratzaile eta gizaki ez diren beste espezie migratzaileen inguruko gure jarrerak aztertzea. Oso bereziki, klima larrialdiak batzuen eta besteen mugimendu guztiok handitzen dituzten heinean. Lurra berotzen doan neurrian, zuhaitzak mendian gora doaz, tximeletak iparralderantz, eta txoriek beste leku batzuetan egiten dute habia. Gizakiak ere hegoaldetik iparralderantz doan migrazio mugimendu batean ari dira birkokatzen. Eta joera hori handitu eta luzatu egingo da denboran, batez ere zientzialariek aurreikusten dituzten lehorte latzek eraginda. Migrazio klimatikoa ez da aurrez ikus daitekeen marea samur eta moldagarri bat izango, ez. Eta orduan, zer? Zuhaitzak, tximeletak, polena eta haziak, horiek bai eta gizakiak ez? Espezie guztien behar biologikoa bada, zergatik da gizakiona problema bat?

Espezieen mugimenduak epaitzen ditugun modua gure kulturaren ondorioa da eta mugimenduon artean marrazten ditugun mugak nazio-estatuetan daudenak bezain arbitrarioak izan daitezke. Zeren iPhone bat daukaten primateak baino ez gara. Zergatik gure espeziea besteetatik ezberdin tratatu behar da? Ozeano Atlantikoa sortu eta 30 milioi urtera tximinoak “mundu berrira” iritsi ahal izan baziren, Hawaiiko zuhaitz baten haziak Reunion uhartean lurreratu badaitezke, zergatik gu ez?

Gu hemengoak, haiek hangoak?

Zenbait pertsona eta espezie leku zehatz eta finko batekoak direlako ideiak historia luzea du Mendebaldeko kulturan. Eta logika horren arabera, migrazioa, berez, ordena naturala bortxatzen duen hondamena da. Baina ordena naturala, izatez, zer da? Hainbat zientzialarik, politikarik eta iruzurtik bultzaturiko eraikuntza bat da. Horien artean, Lineo suediarra nabarmendu behar da, espezie biologikoak izendatzeko nomenklatura binomiala formalizatu zuena, hau da Homo sapiens, Canis lupus eta gisa horretako beste terminoak.

Lineo naturalista famatua, gurtua izan zen, naturari eta naturako espezieei pentsamendu kategoriko zurrun bat ezartzeagatik, gero giza espeziera ere zabaldu zena. Bereziki europar inperialismoaren zabalkundearen aroan, arraza ezberdintasunaren eta hierarkien inguruko teoria neurriz gorakoekin. Horien oinordeko izan ziren XX. mendeko eugenesiaren teoriak, nazien sarraskietan eta AEBen migrazio politiketan islatu zirenak.

Taxonomiari egin zizkion “ekarpenetatik” harago, giza populazioen arteko ezberdintasunak zimendatzeko lan egin zuen, ustezko ezberdintasunak nahierara puztuz, esaterako, azal “gorria”, “horia”, “beltza” edo “zuria” zuten pertsonen bereizgarriak gordin esajeratuz.

Denok Afrikatik gatozela, denok Afrikako migranteen oinordeko garela proposatzen zuten ideiei –orduan oso iraultzaileak zirenak– aurre egin zien Lineok, “Izatearen Kate Handiaren” teoriarekin bat eginda. Hots, materia, landareak, animaliak, nekazariak, apaizak, nobleak, erregeak eta, azkenean, Jainkoa hierarkikoki kategorizatzen zituen kontzeptuarekin.

Bere ikuspuntua indartzeko, afrikarren eta europarren ezberdintasun biologikoa emakume beltzen beheko ezpain luzeagoetan ikus zitekeela aldeztu zuen, sinus pudoris izen latinoa emateraino.

Taxonomiatik eugenesiara

Funtsean, Lineoren espekulazio eta azalpen horien oinarri kulturalean iritzi orokortu bat zegoen: migrazioa anomalia bat da eta pertsonak eta animaliak jaio diren lekuan bizi dira eta, alderantziz, bizi diren lekukoak dira. Beti izan diren eta egin duten bezala.

Gustura geratu ez eta Lineok apustua bikoiztu zuen: animaliak klima zehatz batzuetan bizi direla eta soilik bertan egon eta iraun ahal dutela zioen, eta hari horretatik tiraka, gizakiok ez genuela Afrikatik migratu, are afrikarrak –asiarrak eta amerikar indiarrak bezala– biologikoki ezberdinak direla. Arraza existentzialismo mota hori izan zen eugenesiaren oinarrizkoa zutabea.

Homo sapiens espeziea azpitaldeetan banatu zuen: Homo sapiens europaeus (zuria, serioa, indartsua), Homo sapiens asiaticus (horia, malenkoniatsua, gutiziatsua), Homo sapiens americanus (gorria, aiurri txarrekoa, azpiratua), Homo sapiens afer (beltza, nagia, sorgorra) eta are Homo caudatus (poloetako biztanleak) eta Homo monstrosus (pigmeoak eta Patagoniako erraldoiak).

Espezieak natibo eta exotiko gisa bereiztea –bertako edo kanpotik etorritako– naturaren kontserbazioaren printzipio antolatzaileen artean nabarmendu da. Dikotomia horren inplikazioak mingarriak dira gizakientzat, xenofobia eta antropomorfismo zuria bultzatzen duen heinean. Baina baita gizaki ez diren beste espezieentzat ere. Eden egonkor, aldakaitzera itzulera ekologikoa egitea dauka gogoan, planeta sedentario bat.

Baina, gogoratzen jarrita, indigenen kultura asko bere ingurunearekin errespetu handiagoz bizi direla begi bistakoa izan arren, gogoratu behar da Homo sapiens-ak, Amerika eta Australiara iritsi zenean, “natiboak” ziren espezie asko desagerrarazi zituela. Ameriketan, adibidez, mamut iletsuarena, nagi erraldoiarena, sable hortzen tigrearena eta abar.

Natura, mugen urratzailea

Espezie “inbasoreen” kontua ere badago, tigre muskuiluarena gurean edo Australian katu eta azeriena. Bai. Baina, adibidez, Europako espezieak Ameriketan duela 400 urte sartu zirenetik, biodibertsitatea %18 inguru igo dela ere esan behar da. Milaka urtez, gizakiek ez zekiten espezie batzuk nola hedatzen ziren. Ez zeukaten perspektiba eta teknologia nahikorik jakiteko animaliak distantzia handiak egiten zituztela, beti egon direla mugimenduan eta hori ez dela txarra. Naturak mugak etengabe urratzen dituela, alegia.

Migrazioaren inplikazio immunologikoak ere aipatzekoak dira. Duda barik, hainbat arrisku daude, hala nola europarrek Ameriketara eraman zuten baztangarena eta Erromatik haren inperioko bazterretara zabaldu zen malariarena. Kanpo patogenoen aurrean zuhurtzia izateak zentzua izan dezake, baina besterik da horren arabera bideratzea kanpo politika. Edo zuhurtzia hori diskriminazio edo indarrezko erantzun bihurtzea, organismo ostalariak behar duena baino altuago igotzen den sukar, erreakzio autosuntsitzaileena, konbultsio sozialak, sukar ametsak eta kolapsoa eraginez.

Hori, ezberdintasunak ezberdintasun, covid-19aren aro honetako zitosinen ekaitzaren modukoa da. Kutsatzeen aurrean, baina, soluzio zuhurrak hartzea (mugak ixtea, isolamendua, mugimendua eragoztea eta abar), berez, planeta aldakor batean biologikoki irautearen antitesia da.

«Homo Migratio»

Badago beste demontre bat ere. Biologoek aitortzen dute animalia eta landareen mugimenduen dibertsitatea: eguneroko mugimendua kokapen eremu batean, urteroko migrazio ziklikoa, sortze lekutik birsortze lekurainoko dispertsioa, espezie bereko populazioen arteko geneen fluxua, espezien dispertsioa oztopo geografikoen gainetik... Fenomeno guztiok migrazio hitzaren pean biltzeak bere arriskuak ditu, gaizki ulertuetara eraman lezake.

Bai, hori horrela izanik ere, merezi du batera aztertzea gure espeziearen eta beste espezie guztien migraziorako barne bulkada horiek, batez ere klima larrialdia hartzen ari den norabideak, planetaren berotze etengabeak, espezie guztiena den masa migrazio mugimendu bereko partaide egin gaituelako.

Egungo migrazioak ez dira salbuespenezko gertakizun historikoak, Homo migratio-aren biologiaren adierazpen bat baizik. Narratiba faltsuak eraikitzen dira; migrazio fenomeno horien guztien arteko lotura intelektualen historia arakatuz “datorren migrazioa handia” aspalditik xaxatu den mamu beldurgarria dela ikusten da, egun segurtasun nazionalerako bulegoetan lantzen den mehatxu existentziala. Baina gakoa sinplea da: txoriek egiten dute, pertsonek ere bai. Harat-honat mugitzeko urgentzia naturala da.

Gizakiak familia bereko partaide garela eta bidaiatzeko, elkar ezagutzeko eta nahasteko jaioak garela pentsatzen dugunontzat, gogoan hartzeko lezioak dira horiek guztiak. Horrek esan nahi du pertsonek, landareek eta animaliek mugitu egin behar dutela, klima larrialdian bizirik irauteko. Murruak, txarrantxak eta beldur existentzialak altxatu ordez, migrazio hori modu seguru eta ordenatuan egiten lagundu beharko genukeela. Testuinguruak esango digu noiz den mugimendu bat edo beste arriskutsu (azeriak Australiara edo Katuak Zeelanda Berrira iristean gertatu bezala), betiere jakinda migrazioaren onura biologikoak gure iraupenerako ezinbestekoak direla.

Saihetsezina dena ezin daiteke saihestu. Aurre egin behar zaio. Gure mundua aldaketa sozial, politiko eta ekologiko itzelak bizitzen ari da. Eta sortuko diren giza komunitate berriak ez dira ezberdinak izango, baizik aurrera egiteko hobeto egokituak, moldagarriagoak izango dira. Horixe dela posible migrazioa krisi izatetik kontrakoan eraldatzea, hots, soluzioan.