Dabid LAZKANOITURBURU
IRAIL BELTZA GOGOAN

Jordaniak palestinar fedajinak bota zituenetik 50 urte bete dira

1970. urteko irailaren 17an, Jordaniako Armadak erasoaldi bati ekin zion palestinar borrokalarien esku zeuden eskualdeak berreskuratzeko. «Irail Beltza» izenarekin bataiatu zen ekintza odoltsu haren bidez, Ammango erregimenak palestinar erresistentzia behin betirako bota zuen haxemiar erresumatik.

Palestinar erresistentziarentzat izugarrizko kolpea izan zen 1967. urteko Sei Eguneko Gerran arabiar armadei Israelek emandako jipoia. Eta ez bakarrik Egiptok, Siriak, Irakek eta Jordaniak erakutsi zuten ahuldadeagatik. Israelek Zisjordania okupatu zuen eta Jerusalem hiriburuaren egoera are gehiago zaildu zen. Horrenbestez, gogorra izan zen arabiar erregimenek gerra galdu ondorengo ordaina palestinarrentzat

Yasser Arafat buruzagiak, handik bi urtera, 1969an, Palestina Askatzeko Erakundeko (PAE) buru izendatu zutenak, Jordanian bildu zituen 40.000 palestinar borrokalari. Izan ere, han zeuden 1948an Israelgo Estatua sortu zenetik ondorengo garbiketa etnikotik ihes egin zuten ehunka mila palestinar errefuxiatu.

Jordaniako «Estatuaren barnean Estatua» eratuz, palestinar fedajinek entrenamendu eremuak eta base militarrak zabaldu zituzten, eta handik egiten zioten eraso Israeli. Segurtasunik eza nagusitu da Jordania guztian, bai eta Amman hiriburuan ere, non tiroketak eguneroko kontua bilakatu ziren.

Hussein erregeak nahiko arazo zituen bere armada guztia kontrolatzeko eta fedajinen hainbat segadatatik ozta-ozta irten zen bizirik.

Israelgo Estatua onartzea

1970. urteko udan, Egiptok eta Jordaniak Ameriketako Estatu Batuek egindako plana onartu zuten, Nazio Batuaren Segurtasun Kontseiluko 242. ebazpenean oinarrituta.

Horrela, bada, bi arabiar herrialde horiek Israelgo Estatua onartu zuten. Palestinarren haserrea, jakina, izugarria izan zen.

Azken egun hauetan ez da makalagoa Arabiar Emirerri Batuek (AEB) eta Bahraingo erregimenak erabaki hori bera hartzeak eragin duen haserrea palestinarrengan. Kontua da palestinarrek ez daukatela dagoeneko indarrik eta barne liskarren ondorioz ahulduta daudela.

1970eko irailean, Palestina Askatzeko Herri Fronteak (PAHF), Georges Habachek gidatuta, hiru hegazkin desbideratu zituen. Horietatik hiru Jordaniako basamortuan lur hartzera behartu zituzten. Dozenaka bidaiari bahitu eta suntsitu egin zituzten hegazkinak.

Haxemiar dinastiako erregeak bere tronua arriskuan ikusi zuen eta fedajinek Ammanen zituzten egoitzak suntsitzeko agindua eman zien Armadako 50.000 soldaduri hilaren 17an,

Errepresio odoltsua

Tankeetan igota, soldaduek, aurpegia ikatzarekin belztuta, hiriburuaren alde zaharretik eraso egin zieten hiriaren kanpoaldean zeuden errefuxiatu eremuei eta entrenamendu baseei.

Biharamunean, liskarrak Irbidera, Zarkara eta Ramthara (Jordaniako iparraldea) zabaldu ziren. Erregearen Armadak ez zuen izan artilleria sua erabiltzeko lotsarik.

Irailaren 20an, Siria palestinar fedajinen alde atera zen eta Jordaniako iparraldera blindatuak bidali zituen, eta, horrela, bi frontetan borrokatzera behartu zuen erregearen Armada.

Hilaren 23an, ordura arte hotelean erregimenaren aginduz konfinatuta zeuden mendebaldeko kazetariek aukera izan zuten kalera ateratzeko eta «hiriburu fantasma» bat aurkitu zuten.

«Auzo bat bera ere ez da libratu». «Etxe guztietan daude liskarren aztarnak; batzuk obusen batek lehertu ditu, beste batzuetan arma astunen erasoen aztarnak daude», idatzi zuten kazetariek. «Ammanen zegoen Wahdateko palestinar eremua, PAHFren gotorlekua, kea darion hondakin multzoa baino ez da».

Liskarretan odola barra-barra isuri zen. Jordaniako erregimenaren datuen arabera, 3.000 izan ziren hildakoak, palestinar borrokalariak, soldaduak eta zibilak barne. Palestina Askatzeko Erakundeak (PAE), ordea, dozenaka mila hildako salatu zituen.

Fedajin guztiak, kanpora

Irailaren 27an, eta arabiar agintariek aurreko egunetan Kairon egin zuten negoziazioaren ostean, Egiptoko presidente Gamal Abdel Nasserrek akordio bat sinatzera behartu zituen Hussein Jordaniako erregea eta Yasser Arafat PAEren burua. PAHFk oraindik bahituta zituen pertsonak askatu egin zituen hurrengo bi egunetan.

Akordio horrek, ordea, ez zuen benetako auzia konpondu, fedajinei Jordanian jarraitzeko eta beren ekintzetan jarduten jarraitzeko eskubidea bermatzen zielako. Horrela, bada, bakeak ez zuen asko iraun eta berriro ere liskarrak hasi ziren 1971. urteko urtarrilean eta martxoan.

Hala ere, Jordaniako erregimenak bereari eutsi zion eta pixkanaka baina etenik gabe palestinar borrokalariak herrialdetik botatzen jarraitu zuen Wasfi Tal lehen ministro berriaren agindupean.

1971ko uztailerako, azken palestinar fedajinak Jordaniatik atera ziren eta Libano bihurtu zuten egoitza nagusia. Zedroen herrialdean handik lau urtetara hasi zen gerra zibilean parte hartze zuzena izan zuten. Nolanahi ere, hori beste kontu bat da.

«Ezinbestekoa zen: eurak edo gu», justifikatu nahi izan zuen Hussein erregeak. Haxemiar erregeak eta Arafatek bakea sinatu zuten elkarri eskua emanda, baina mesfidantza ez zen sekula uxatu bien artean.

Municheko bahiketa

Urte hartako azaroaren 28an palestinar komando batek Wasfi Tal lehen ministro jordaniarra hil zuen atentatu batean. Irail Beltza izeneko talde batek hartu zuen bere gain erasoa. Erakunde horren jaiotze odoltsua izan zen. Talde armatuak operazio anitz aldarrikatu zituen ordutik aurrera. Municheko Olinpiar Jokoetan egindako Israelgo atleten bahiketa ikusgarria izan zen sonatuena. 1972. urteko irailaren 5ean, Irail Beltza erakundeko lau kide hiri olinpikoan sartu ziren, bi atleta israeldar hil eta beste bederatzi bahitu zituzten. Asmoa zen Israelek preso zituen 200 palestinarrekin trukea egitea.

Bahitzaileak hotelean babestu ziren bahituekin eta Alemaniako poliziaren ahuleziak ikusi ziren, behin baino gehiagotan porrot egin baitzuen bahituak askatzen saiatzean.

Berlinek ez zuen onartu Israelek militar talde berezia bidaltzea. Azkenean, Alemaniako hiriburuko aireportu batera joateko baimena eman zieten bahitzaileei, baina bi helikopterotan igota zeudenean, hegazkin batera joateko prest, poliziaren talde berezi baten operazioan bahitu guztiak, bost bahitzaile eta polizia bat hil ziren. Eskandalua izugarria izan zen eta Olinpiar Jokoekin jarraitzeko erabakiak haserrea areagotu zuen.

Bizirik atera ziren hiru bahitzaileak preso sartu zituzten baina aske utzi behar izan zituzten Irail Beltzak Lufthansaren hegazkin bat bahitu ondoren. Israelek ez zuen barkatu eta hiru bahitzaileak eta taldeko arduradun gehienak hil zituen ondorengo urteetan, “Jahveren Sumina” operazioan.