Ainara Lertxundi
AITA MARIREN BARNEAN

Ontziaren historia eta etorkinen ahotsa jaso du Nervio ekoiztetxeak

Aita Mariren proiektua oso gertutik ezagutzeko aukera izan du Javi Julio argazkilari, kamerari eta produktoreak. Ia hiru urtez erreskate ontziaren bilakaera eta egindako hainbat erreskate filmatu eta fotografiatu ostean, Aita Mariri buruzko dokumentala bukatzear dago, Juliok berak eta kide batek sortutako Nervio ekoiztetxearen bidez.

Aita Mari erreskate ontziari buruzko dokumentala ia osatuta du Nervio ekoiztetxeak. Javi Julio argazkilari eta kamerariak duela hiru urteko azaroan hasi zuen abentura hori. Bartzelonatik bueltan, urriaren 1eko independentzia erreferendumaren berri eman ostean, Salvamento Maritimo Humanitario (SMH) gobernuz kanpoko erakundearen erreskate ontzian joan zen, Mediterraneoko eta etorkinen tragedia dokumentatzeko asmoz.

«2018ko apirilean, Iñigo Gutierrezek deitu ninduen jada barku propio bat zutela esateko. Arrantza ontzi izandakoa zela eta erreskate lanak egin ahal izateko eraberritu behar zutela. Istorioak segituan harrapatu ninduen; oso interesgarria iruditu zitzaidan ideia azaldu zidan momentutik eta proiektua hasieratik grabatu nahi nuen, nahiz eta une horretan ez nuen helmuga garbirik. Argi nuen bakarra, proiektuaren eboluzioa jaso nahi nuela. Asmoa, ontzia urte horretako maiatzean Pasaiara eramatea zen eta abuztuan lehen irteera egitea. Epe hori atzeratu egin zen, batetik, lanak sei hilabetez luzatu zirelako eta, bestetik, Estatuaren blokeoagatik», gogora ekarri du Juliok GAUR8rekin elkarrizketan.

Azkenean, urtebetez Gobernu espainolak ezarritako oztopo burokratiko guztiak gainditu ondoren, Aita Mari itsasoratu egin zen. Soilik Lesbosera joateko baimena zuen. Bidean erreskaterik egitekotan, 901.000 euroko isuna jaso zezakeen. Pasaiara itzultzean, erreforma lan gehiago egin zizkioten. Estatuaren blokeoaren gainetik, berriro itsasoratzea lortu zuen.

«Hamasei pertsona geunden tripulazio gisa, eta bakoitzak eginkizun zehatz bat zuen. Nik lauretatik zortzietara guardiak egiten nituen goizean eta arratsaldean. Argiari dagokionez oso ordu politak ziren, egunsentia eta iluntzea baitira, baina nekagarriak ere. Guardien arteko denbora librean, argazkiak egiteaz gain, erreskatatutako errefuxiatuekin elkarrizketak izaten nituen. Itsaso zakarreko egunak egon ziren, ontzia pila bat mugitzen zen. Erreskatea egin genuenetik, lurreratzeko baimena eman ziguten arte, sei bat egun igaro ziren. Izugarria eta hunkigarria izan zen esperientzia».

Errefuxiatuekin harremana nolakoa zen galdetuta, «oso ona» izan zela nabarmendu du. «Aita Mari txikia da. 32 metro ditu eta une batean 96 pertsona geunden bertan, tripulazioaren eta etorkinen artean. Pentsa ezazu! Nahiko ondo zeuden, zorabioak kenduta eta horrek lagundu zuen», dio.

Bortxatutako neskaren istorioa

Erreskatatzaileen artean Senegaldar bat dago. «Noraezean zegon ontzia ikusi genuenean, boluntario horrek etorkinei galdetzen zien ea haien artean senegaldarrik edo wolofera hitz egiten zuenik zegoen. Haientzat izugarria da, ez da gauza bera bat-batean hainbat gizon zuri kaskoak jantzita topatzea, edo haien hizkuntza bera hitz egiten duen eta azal kolore berdina duen herrikide bat aurkitzea. Gambiako mutiko bat zegoen eta harekin mintzatzen hasi zen eta horrek asko lasaitu zuen. Ontzira banan-banan igotzen ari ginela, norbait gazteleraz hitz egiten entzun nuen. Harengana joan nintzen zuzenean. Emeka zuen izena. Lehen bidaian, Melillako harresia saltatzea lortu zuen. Hamar urtez egon zen Mallorcan. Aita hiltzean, Nigeriara itzuli behar izan zuen. Bigarren aldian, Libiako ibilbidea egin zuen. Gauza bat da txosten edo erreportaje batean irakurtzea ibilbide horretan gertatzen diren eskubide urraketak eta beste bat, salbamendu jaka kendu berria eta oraindik bustita dagoen pertsona batengandik zuzenean entzutea. Berarekin zihoan neska Libian bortxatu zutela, bortxaketaren ondorioz haurdun gelditu zela eta umea galdu zuela kontatu zuen. Libia hitza entzun orduko negarrez hasi zen neska. Nirekin zihoan beste kazetaria eta biok ere negarrez hasi ginen. Hori guztia txopan, 80 pertsonaz inguraturik», adierazi du Juliok.

Bi urte eta erdiz grabatutako eta fotografiatutako bizipen horiek guztiak bildu ditu kide batekin martxan ipini zuen Nervio ekoiztetxeak.

«Dokumentalak ez du soilik Aita Mariren eraldaketa fisikoa erakusten, baita norbanakoena ere. Aldi berean, Europar Batasunaren migrazio politikaren salaketa bat izan nahi du. Mugetan bizi diren egoerak azaleratzea. Huts egin duten EBren politiken ondorio dira Salvini bezalako politikariak eta etorkinak inbasore gisa aurkezten dituzten ideologia ultraeskuindarrak», nabarmendu du.