Oier Gorosabel - @Txikillana
Fisioterapeuta

«Kirola egiteko maskara ez da beharrezkoa...»

Noraezaren erdian gaudela, oso erraza da «dena txarto» egiten ari den aitzakia merkeari heltzea segurtasun neurririk eza eta dena libre izatea aldarrikatzeko; ez dut nik horrelako kirtenkeriarik egingo. Halere, ziurgabetasunaren erdian badira argi dauden zenbait gauza. Adibidez, «kirola egiteko maskara ez da beharrezkoa...» dioen arinkeria horri, eranskin bat falta zaio: «...segun eta non».

Pandemiak Euskal Herrian izan zuen sarrera gogor hartan, konfinamenduaren erdian, jo eta su aritu ginen prebentzio neurrietan arrazionaltasunari eusteko aldarrikatuz, histeria kolektiboko giroaren erdian. Kritiketako bat, hain zuzen ere, kirola egiteko debekuaren kontrakoa izan zen: bakarrik arituz, beste pertsonekin segurtasun distantziak mantenduta, kutsatzeko arriskua oso txikia baita. Gorabeherak gorabehera, konfinamendu neurrien arintzea etorri zenean jendeak kirolari berrekin ahal izan zion. Orokorrean ondo, esan beharko; baina, ez dakit nahita ala nahi barik, artikulu honen izenburutzat hartu dudan uste nahasgarri hori zabaldu zen, kiroldegietako hormetan itsatsitako arau bihurtzeraino. Eta ez da guztiz zuzena.

Bistan da kirol munduak bere ezaugarriengatik ez duela parranda giroak duen arrisku berbera. Baina hobe da gauzak ondo egitea txarto baino, eta ez ginateke kirolarien arteko kutsatze tasaren gorakada baten zain egon beharko babes neurriak egokiro hartzeko. Harira: kirolean gabiltzala arnas fluxua askoz ere handiagoa eta indartsuagoa denez, birusa barreiatzeko aukerak ere biderkatu egiten dira. Horregatik, kirolaria bakarrik edo segurtasun distantziak mantenduta ari bada (oinez pausu normalean dabilen pertsonen artean baino distantzia handiagoarekin, jakina), arriskua txikiagoa denez, maskara barik ibiltzea zilegi da. Baina kirolari hori herriko kaleetatik pasatu behar denean, jende artean, eta distantzia mantendu ezinda... maskara jantzi behar du!

Arazo praktikoak daude, ulertzen dut: «nik beti horrela egin izan dut» argudioak indar harrigarria du pertsonengan, eta errutinara itzuli nahiaren inertziak batzuetan gauza burugabeak egitera eramaten gaitu. Horretara, herritik hiru kilometrora dagoen urtegira korrika joatea gustatzen zaionak (edo eskualdetik 30 kilometroko bizikleta buelta egitea, berdin da), agian ohitura izango zuen, herrira itzultzean, azken esprinta herri erdiko etorbidean egiteko, gero etxe ondoko parkean deskantsatzeko, luzaketa batzuk eginez. Bai, seguru: lehen hori egingo zuen, eta normaltasunera bueltatzeko dituen gogo itzelek hori berriro egitera bultzatuko dute. Baina... noski, nola jantziko du maskara etorbidean eginiko azken esprint horretan? Hori itolarria! Eta parkean ere, arnasari buelta ematen ari dela, nola egingo ditu luzaketak maskararekin? Ezin arnasarik hartu! Eta horregatik, kirolariok (izenburuko mezu nahasgarriek lagunduta), bere hatsa, aerosolak eta mikrotantak kaleko jendearen artean barra-barra hedatzen dituzte, zezenek bezala ufaka. Oso gauza arriskutsua.

Soluzioa, baina, erraza da: azken esprinta herritik hiru kilometrora egin; hortik etxerako bidea, oinez, eta arnasa lasaituz. Eta herrian sartzen zarenerako, arnasa lasaituta izango duzu. Horrela, bakarrik bazaude, maskara barik ibili ahal izango zara; jendearekin gurutzatzean, jantzita. Kendu, jantzi, kendu, jantzi... horrela ibiliko zara. Deserosoa dela? Bai, noski, baina astronauta jantzita dabiltzan osagileak, eta, zer esanik ez, zainketa intentsiboetako unitateetan dauden pazienteak ere ez daude eroso. Hori gogoratuta, errazagoa egingo zaizu musukoa poltsikoan eramatea, beharraren arabera jantzi eta eransteko. Burua erabili! •

www.abante.eus