Nerea GOTI
ZAURGARRIEN BIRUSA

Elkarteak eta familia, sostenguaren zutabeak pandemiaren erdian

Bazterketa estrukturalari pandemia gehitzen zaionean ondorioak guztiek sentitzen dituzte baina are gogorragoak dira sektore zaurgarrienentzat. Egoeraren erradiografiak erakutsi du zerbitzu publikoak itxi edo haien arreta murriztean, gizarte ekimeneko elkarteak eta familiak izaten direla sostenguaren zutabe nagusiak.

Birusak kaleak hartu zituenean gaixotasunak aberatsen eta pobreen artean ez zuela bereizketarik egiten esan zen. Denborarekin ikusten joan da kolpea orokorra izan arren inpaktua ez dela guztientzat berdina izan, eta hor faktore eta determinatzaile ezagunak daude, pandemia aurretik ezagunak ziren batzuk barne.

Konfinamenduan hasi ginen ulertzen guztientzat gogorra zen hura kolektibo batzuentzat zer izan zitekeen. Orain, forma hartzen ari da. Testigantzek eta azterketek begien aurrean jartzen duten dokumentatutako erradiografia kezkagarri horretan agertzen den distira bakarra hirugarren sektoreak egin duen lanarena da, egoerarik gogorrenean hori izan baita askoren babes eta laguntza bakarra, familiak eta bestelako sareak heltzen ez ziren kasuetan.

Bilbon, immigrazioa eta integrazioaren inguruko jardunaldiak egin dira aste honetan Lakuako Gobernuak eta EHUk antolatuta, Ikuspegi immigrazioaren behatokiaren eta Biltzen integraziorako eta kulturen arteko bizikidetzarako zerbitzuaren parte hartzearekin. “Aniztasuna eta diskriminazio anizkoitza: hurbilketa intersekzionala” izen zuen hizpide bi egun iraun zuen foroak, eta zenbait atal jorratu ziren. Pandemiak berdinak egin gaituen izan zen galderetako bat, covid-19aren garaian izandako diskriminazioetara hurbiltzeko.

Bistakoak dira mundu mailan gaixotasunaren sortzailetzat edo kutsatzailetzat hartutako kolektiboak eta horrek sortutako bazterketa egoerak. Hor daude, besteak beste, asiarrak, musulmanak edo ijitoak, edota bere lanean kutsatzeko arrisku handiagoa zutenak, hala nola behargin soziosanitarioak eta supermerkatuetako kutxazainak. Baina unearen arabera, hainbat joan dira gehitzen “errudunen” zerrendara: etxegabeak, nerabeak...

Inpaktuen erradiografia horretan, garairik zailenetan hainbat kolektibori arreta ematen aritu direnen argazkia eskaini zuen Ikuspegik eta ehun sozialaren lana goraipatu zuen. Datu adierazgarriak eman zituen: EAEn, ia 4.000 erakundek dihardute esku hartze sozialeko lan eremuan, 158.000 boluntario eta ia 40.000 langilerekin. Egoera zaurgarrienak –etxegabeak, pobrezia arriskuan daudenak, desgaitasuna dutenak, adinekoak, haurtzaro zaurgarrikoak, indarkeria pairatzen duten emakumeak, buruko gaixotasuna dutenak...– ezagutu ondoren alarma egoeran bizitakoa testatu zuen Ikuspegik apirilean, elkarteei zuzenean galdetuta, eta egiaztatu zuen isolamenduak, lanpostuen galerak, errutinarik eta erreferenterik ezak eta aisialdi eta harreman sozialetarako espazioen mugek, besteak beste, inpaktu handiagoa izan zutela kolektibo horietan.

Ondorio nabarmenen artean, hala nola arazo psikologiko berriak edo areagotuak, gatazkak, arretarik eza, indarkeria egoerak, drogen kontsumoan gorakada eta adorerik eza nabarmendu zituzten, gizarte ekimeneko elkarteek artatutako kasuei erreparatuta.

Arrakala digitalak eragindako arazoak ere aipatu zituzten; ordenagailurik edo Interneteko konexiorik ez izateak eta informatikan beharrezko trebetasunik ez edukitzeak zailtasunak eragiten baitzituen tramiteak online egiteko orduan eta formakuntzan.

Erabiltzaileen profila ere zabalagoa zen; ordura arte eurekin loturarik ez zuten pertsona gehiago joan ziren laguntza eske, batez ere buruko gaixotasunen arloan.

Panorama horretan, kolektibo zaurgarri horien sostenguaren zutabe nagusiak ez dira zerbitzu publikoak izan, bai ordea familiak, laguntza sare naturalak eta elkarteak, Ikuspegiko Lucia Merinok onartu zuenez. Erronka ez zen erraza izan haientzat eta arreta zerbitzu publikoak ixten ziren edo arreta murriztu zen bitartean, boluntarioen lana nagusi den sektoreak egoerara egokitzeko ahalegin erraldoia egin behar izan zuen, egoera guztietan arreta emateko.

Osasun sistemaren ahulezia

Osasun eskubideari helduta, Munduko Medikuak elkarteko Santos Arrietak martxoan esku hartzea antolatzeko egin behar izan zuten goitik beherako eraldaketa azaldu zuen, hain zuzen ere. Esan zuenez, beste herrialde batzuetan egin ohi duten emergentzia kontingente moduko bat antolatu behar izan zuten Estatuan, lehen aldiz, osasun larrialdiari eta hark sortutako askotariko egoerei erantzuteko. Martxotik abuztura 13.000 lagun inguru artatu zituztela aipatu zuen eta haien esku hartze eremuan ez badago ere elikagaien banaketa ere egin behar izan dutela azaldu zuen.

Santos Arrietak kolektibo batzuek osasun zerbitzuetan aurkitzen dituzten oztopoak nabarmendu zituen, «osasun txartela ez izatea edo bestelako oztopoak, zerbitzuetara bertaratzea baina ez inork ez artatzea, artatzea baina horren faktura ematea, norberak bere egoeragatik beldurra sentitzea...». Egoera horrek pertsona horientzako «segurtasun espazio bat» antolatzera eraman zuen, «paperik ez eskatzeko eta osasuna eskubide bat dela ulertuta».

Pasatutako guztia pasatuta, egoera horietatik ateratako irakaspenez hitz egin zuen eta aipatu zuen osasun estaldura unibertsalak apustu politiko argia behar duela. Izan ere, aurreko urteetan planteamendu ekonomizistetan oinarrituta hartu ziren erabakiek askotariko ondorioak eragin dituzte pandemia egoera honetan, eta osasun publikoaren ahultasuna agerian utzi du covid-19aren izurriteak.

Errentaren araberako osasuna

Yolanda Gonzalez Rabago EHUko OPIK Osasunaren Gizarte Baldintzatzaile eta Aldaketa Demografikoari buruzko ikerketa taldeko ikertzaileak osasunean eragiten duten determinatzaileak zehaztu zituen, eta adinak, sexuak, egoera ekonomikoak eta beste faktore batzuek pandemiaren aurretik eta pandemia baten erdian duten garrantzia nabarmendu zuen: «Euskadi ez baita oasi bat, batzuetan osasunari dagokionez hori iruditzen bazaigu ere».

«Birusak klaseen artean bereizten ez duela iruditu arren, beste edozein eritasunek bezala bereizten du. Pandemiak berdin egin gaituen ikusteko, aurretik berdinak ginen aztertu beharko dugu», planteatu zuen.

Adierazi zuenez, desparekotasunak murrizteko politika guztiek talde guztiengana zuzenduta egon behar dute, baina behartsuenetan jarri behar dute fokua, ezaguna baita baliabide ekonomikoak faktore nagusietako bat direla eta covid-19aren intzidentzia handiagoa dela gabeziak dituen populazioan, «gaitasun ezberdinak» eta gaixotasunaren aurreko «esposizio ezberdinak» dituztelako.

Gaineratu zuenez, azterketa ezberdinek berresten dute bizi baldintzek osasunean eragin zuzena dutela eta aipatu zuen ikerketa baten arabera hilabete bukaerara heltzeko zailtasun ekonomikoak dituzten etxeetan, haurren ia %25ek hezetasunak, aireztapen eskasa eta zarata arazoak pairatzen dituztela, besteak beste. Baldintza horietan pantaila aurrean egoteko denbora handitzen da, sedentarismoa...

Ondorioztatu zuen, bestalde, berdintasunean sakontzen ez duten covid-19aren kontrako neurriek desberdintasun horiek areagotzen dituztela.

 

HAUR ETA NERABE TRANSEXUALEK BEHAR DUTEN BEGIRADA

Bazterketak ez du adinaren arabera bereizten eta are zaurgarriagoak diren kolektiboetan gertatzen da; horien artean daude haur eta nerabeak. Bilbon egindako jardunaldietan bizipen horietan ardaztu zen hausnarketarako espazioetako bat, fokua haurrek eta nerabeek bizi dituzten jokabide diskriminatzaileetan jarrita. Bea Server Naizen elkarteko kideak gazte transexualen errealitatea jarri zuen mahai gainean.

Adierazi zuenez “transexual” adjektibo soil bat da, baina pertsona transexualek bizitza bat dute eta elkartean dauden haur eta nerabe transexualen artean badaude «autistak, afrikarrak, harrerakoak, ijitoak, gorrak, garapenaren nahasmendu orokortua dutenak, adoptatuak, migratuak, asiarrak, desgaitasuna dutenak, ez-lagunduak, dislexikoak, ADHN dutenak…» Askotariko errealitateen paisaia horretan, desinformazioa da bazterketaren aliatu handi bat.

Errealitate horren argazkia egiteko, azaldu zuen batzuetan haur eta nerabe horiek familien laguntza dutela baina beste batzuetan gizarte zerbitzuetatik edo ikastetxeetatik familiaren laguntzarik ez dutenen kasuak heltzen direla Naizen elkartera eta «diskriminazioa bikoitza, hirukoitza... eta anizkoitza» izan daitekeela.

Ez da errealitatearen deskribapen hutsa soilik. Serverrek nabarmendu zuenez, horrek ondorioak ditu. Egoera horietan dauden neska-mutilen artean eskola jazarpeneko kasuak zinez ugaltzen dira, ikasketak uzten dituztenen kopurua askoz handiagoa da, depresioa, nahasmenduak… suizidio arriskua hamar bider handitzen da «eta askotan horrek marjinalitatea, pobrezia, lanik eza… eragiten du, hau da, ezagutu dugun aurreko belaunaldietako pertsona transexualen egoera bera, bai eta galera arlo pertsonalean, sozialean eta potentzial humanoan ere».

Bea Serverren ustez, eskubideak bermatu eta betearazteko legedia beharrezkoa da, baina horrez gain begirada da aldatu behar dena eta «jokabide aldaketa bat behar dugu». Adierazi zuen batzuetan, protokolorik gabe, begirada on batek emaitza onak eman dituela laguntza on batekin. Bitartean, azaldu zuenez, aurreiritziek irabazten dute jokoa aitona-amonek ulertuko ez dutela pentsatzen dugunean, «eta agian ez dute ulertzen baina berdin zaie». Beste aldean, administrazioan, batzuetan gizarte zerbitzuek ez dute gaia ezagutzen, eta nerabeen artean beldurra eragiten dute gurasoen laguntzarik ez badute edo ama ondoan baldin badute baina ez aita, eta azken horrek indarkeriaz jokatzen badu. Naizen elkarteko kideak kontatu zuen bere semeak transitoari «sinetsi ziotenean» deitzen diola eta nabarmendu zuen iragate horretan laguntza ematea funtsezkoa dela, hori berresten baitute testigantzek.