Ainara Lertxundi
BIAFRATIK MUNDURA

Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak 50 urte bete ditu

Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) gobernuz kanpoko erakundeak 50 urte bete ditu. 1971. urtean sortu zen arren, erakundearen sustraiak Biafrako gerran daude. 1999an Bakearen Nobel saria eman zioten. Bost hamarkada hauetan barne hausturak eta krisiak ezagutu ditu eta laguntza humanitarioaren ikur eta sinbolo ere bihurtu da.

Mugarik Gabeko Medikuak
Mugarik Gabeko Medikuak

Hogei urte inguru zuten. Burua ametsez beteta, mundua salbatzeko nahia. Frantzian 1968ko ikasle mugimendua pil-pilean zegoen. Medikuntzako karrera amaitu berri zuten mediku gazte batzuek, Biafrako gerraren gordintasunaz arduraturik, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak egindako laguntza eskaera bere egin zuten. Horien artean zegoen Bernard Kouchner, Ikasle Komunisten Batasunaren buruzagi ohia, MSFko fundatzailea, Munduko Medikuak gobernuz kanpoko erakundearen sortzailea eta Frantziako Kanpo Harremanetarako ministroa 2007 eta 2010 artean.

1967an, Biafrak, Nigeriako probintziak, aldebakarreko independentzia aldarrikatu zuen. Nigeriako Armadak Biafra setiatu zuen. Aire erasoak etengabeak ziren eta setioak gosete izugarria eragin zuen jada lehortearen ondorioz ahulduta zegoen biztanleriaren artean. Umeak goseak jota etxean hiltzen ziren, militarrek elikagaien banaketa blokeatu baitzuten.

«Biafran ikusi genuenak astindu gintuen. Zaurituak gauez iristen zitzaizkigun ospitalera, bonbardaketak gelditzen zirenean. Ebakuntzak bata bestearen atzetik egiten genituen; bizitzeko aukera zutenen eta hilko ziren zaurituen artean hautatu behar genuen. Ez dut sekula ahaztuko», esan du Kouchnerrek.

Neutraltasunaren kontra

Parisera itzuli zirenean, Nazioarteko Gurutze Gorriaren isiltasun manamendua apurtzea erabaki zuten. Biafran ikusitakoa salatzeko asmoz, 1968ko azaroan “Le Monde” egunkari frantsesean iritzi artikulu bat argitaratu zuten Kouchnerrek eta Max Recamierrek, “Biafra, bi medikuren testigantza” izenburupean. «Haurrak pilaka hiltzen ari ziren, Nigeriako Armadak janari horniketa blokeatuta zuelako. Medikuak izanik, gure betebeharra egoera hori salatzea zen», nabarmendu du 81 urteko Kouchnerrek. Nigeriako Gobernuaren kontra kritika oso gogorrak egin zituen, baita Nazioarteko Gurutze Gorriaren kontra ere. Erakundearen jarrera neutrala gaitzetsi zuen eta igbo etniako zibilen hilketa sistematikoaren konplize pasiboa izatea leporatu zion. Adierazpen horiek eta Biafrara joan aurretik hitzeman zuen konfidentzialtasuna bete ez izanak zalaparta handia eragin zuten garaian. Biafrako gatazka armatua 1970ean amaitu zen, Nigeriako Armadak miliotik gora hildako eragin zituen, horien artean, adin txikiko asko gosetearen ondorioz.

Hiru urte beranduago, 1971n, Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) gobernuz kanpoko erakundea sortu zuten, hitzetatik ekintzetara pasatzeko. Biltzar eratzailea urte horretako abenduan egin zen “Tonus” astekariaren erredakzioan. Helburua, «naturaren eta gizakiaren beraren biktima direnei laguntzeko eta horiek salbatzeko desioa zutenak batzea zen, hori gauzatzea oztopatzen zuten mugak birrinduz». Gerra Hotzean egonik ere, ekintza humanitario independente baten aldeko apustua egin zuen, interes geopolitikoetatik aldenduta.

«Amets batetik epopeia bat egin genuen. Apartak bezain fanfarroiak ziren gizonen talde txiki hark mundu osoan aitorpena lortuko zuen zerbait egin zuen. Horren lekuko izan nintzen», aipatu du 83 urteko Xavier Emmanuellik, erakundearen beteranoetariko batek.

«Izena gau batean topatu genuen, erretzen eta edaten geundela. Izenean ‘mediku’ hitza bai edo bai agertu behar zela esan nuen nik. Eta ondoren, ‘mugarik gabe’ kontzeptua gehitu genion, zeren mugak zeharkatzen genituen».

Hasiera zaila

Erakundearen hasierako urteak zailak izan ziren, ordea. Borondateaz haratago, ez zuten ia baliabide materialik. Horrela gogoratzen du Claude Malhuret medikuak 1975ean Kanbodiatik Jemer Gorrien erregimenetik ihesean Thailandiara iritsi ziren errefuxiatuei laguntzeko misioa. «Izugarria zen. Ez genuen deus ere. Materiala behar genuen, kanpalekua eraiki. Botikak guk lortu behar genituen, baita janaria ere. Parisera itzuli nintzenean, den-dena kontatu nuen. Hiltzailetzat hartu nituen, hain baliabide eta segurtasun eskasarekin horrelako misio batera gu bidaltzeagatik. Gehiegizkoa izan zen, baina mundu guztia astindu zuen. Ezin genuen inprobisatzen jarraitu», dio Malhuret senatari ohiak. MSFko presidentea ere izan zen. Haren gidaritzapean, erakundeak Afganistanen, Badasjhaneko eta Panshirreko bailaretan, bi kanpaina-ospitale eraiki zituen sekretupean 1979an Sobietar Batasunak herrialdea inbaditu ostean.

«Gerraren lekuko bakarrak gu ginen. Egunero, umeei anputazioak egin behar genizkien eta napalmarekin erretako nekazariak artatzen genituen. Gure lekukotasuna garrantzi handikoa izan zen eta oraindik ere afgandarrak gurekin gogoratzen dira», nabarmendu du Juliette Fournoutek, MSFren koordinatzailea izan zen Afganistanen 1989 arte. «Mediku frantsesak» esaten zieten bertan.

Behin betiko haustura

Hasierako urte horietan, tentsioa handituz joan zen zuzendaritzan. «Biafrako talde sortzailearen» eta berrien arteko talka gero eta sakonagoa zen; bi egiteko modu ipini ziren mahai gainean. 1979ko «Vietnamgo itsasontziak» haustura hori betirako sakondu zuen. Orduko presidentea zen Kouchnerrek Parisko elite intelektuala bildu zuen, tartean Raymond Aron, Michel Foucault eta Jean-Paul Sartre filosofoak. Helburua zen Vietnametik alde egiten zuten errefuxiatuak Txinako Hego Itsasoan hartzeko itsasontzi ospitale bat –“Île de Lumière”– alokatzea.

Malhuretek eta Emmanuellik espektakulu mediatiko bat antolatzea eta itsasontzi horrekin kanbodiarrak eta vietnamdarrak itsasora bultzatzea leporatu zioten Kouchnerri. Gauzak egiteko modu horrek –gobernuen jarrera modu publikoan salatzea–, onuragarria izan beharrean, haien laguntza behar zuten biztanleak arriskuan jartzen zituela argudiatzen zuten Malhuretek eta Emmanuellik.

“Île de Lumiere” Borneo eta Anambas artean kokatuta dauden Anambas irletara joan zen eta bere misioa bete zuen. Baina MSFko batzarrak Malhureten tesiaren alde bozkatu zuen. Kouchner izugarri haserretu zen. Sortu zuen gobernuz kanpoko erakundea utzi eta beste 14 medikurekin batera Munduko Medikuak (MDM) osatu zuen 1980an.

1987an Frantziako mugak gaindituko zituen eztabaida juridiko eta intelektuala piztu zuen Kouchnerrek. Beraren ustez, beste herrialde batzuetan eskua ez sartzeko printzipioa ez zen gehiago defendagarria eta nazioarteko komunitateak esku hartu beharko zuen herritarren oinarrizko giza eskubideak modu larrian urratzen baziren. Arrazoi humanitarioengatik esku-hartzeko eskubidea defendatzen zuen. «Estatuen subiranotasunaren teoria» zaharkituta zegoela eta teoria horrek «sarraskiak besterik ez zituela babesten» nabarmendu zuen. 2007an, Nicolas Sarkozy presidenteak Kanpo Harremanetarako ministro izendatu zuen.

«Kouchnerrek beharrezko lotsagabekeria zuen, norbait garrantzitsua izan nahi zuen. Erakundearen hasierako urteetan baliagarria izan zen, hedabideen printzipea baitzen. Baina haren gidaritzapean, MSF hitzontzikeria hutsa zen», esan du Emmanuellik.

Rony Brauman maoista ideologiako mediku gazte bat zen garai horretan. «Haiek, zaharrak, lekuetara joaten ziren alarma pizteko, besteek jarrai zitzaten. Guk, orduko gazte belaunaldiaren parte ginenok, ekintza serio bat bilatzen genuen, baliabideekin eta emaitzekin», azaldu du.

MSFk profesionalizazio etapa berria hasi zuen. «Nahi genuen hedapena lortzeko dirua behar genuen. Ameriketako Estatu Batuetara joan nintzen fundraising-ren oinarriak ikastera. Frantzian hori egiten genuen lehenengoak ginenez, dirua guztia eraman genuen», gogoratu du Malhuretek.

Etiopiatik kanporatuta

1985ean MSFk Etiopian zituen elikagaien banaketa zentroak «tranpa» bihurtu ziren. «Agintariak gure guneak erabiltzen hasi ziren errefuxiatuak identifikatzeko eta indarrez herrialdearen hegoaldera eramateko eta, horrela, matxinoen eremuak despopulatzeko. Horren aurrean, zer egin behar genuen? Ozen mintzatu edo isilik gelditu?», galdetzen du Rony Braumanek.

Komunikabideen aurrean salatu zuten gertatzen ari zena eta Etiopiako Gobernuak MSF herrialdetik kanporatu zuen. «Laguntza humanitarioa erregimenaren tresna bat bilakatu zen eta guk ez genuen horren konplize izan nahi», dio.

1991n gobernuz kanpoko erakundeak Golkoko Lehen Gerraren gaineko kezka aditzera eman zuen. Kouchner Frantziako Atzerri ministroa zen eta inbasioaren alde agertu zen «esku-hartze humanitarioaren» printzipioa argudiatuz. MSFk arlo militarra eta humanitarioa nahastea arriskutsua zela ohartarazi zuen. Jarrera bera hartu zuen urtebete beranduago Somalian, gosetearen eta gerra zibilaren testuinguruan. Nazio Batuen gidaritzapean, AEBetako soldaduak eta kasko urdinak Muqdishon sartu ziren elikagaien banaketa bermatzeko aitzakiarekin. Kouchnerrek arroz poltsa bat sorbaldan zeramala parte hartu zuen.

Braumanek operazio hori «tranpa» hutsa zela eta «laguntza humanitarioaren izenean pertsonak hiltzen ari zirela» salatu zuen.

Bakearen Nobel saria

1999. urtean MSFk Bakearen Nobel saria jaso zuen. James Orbinskik jaso zuen Oslon. «Ez gaude ziur hitzek bizitzak salbatzen dituzten edo ez, baina isiltasunak hiltzen du», adierazi zuen hitza hartu zuenean.

Egun, 61.000 pertsonak baino gehiagok lan egiten dute erakundean, horietatik 41.000 inguru ehun bat proiektutan ari dira 75 bat herrialdetan.

Ekainaren 24an kolpe gogorra jaso zuen gobernuz kanpoko erakundeak. Hiru kide hil zituzten gerran dagoen Etiopiako Tigrayn: Maria Hernandez, Tedros Gebremariam eta Yohannes Halefom Reda.

Hilketak ikertzea eta langile humanitarioen lana errespetatzea exijitu du erakundeak. Hirurek MSFko langile bezala identifikatzen zituzten arropak jantzita zeramaten eta erakundearen auto batean zihoazen. Abi Adin, Adigrates eta Axumen, Tigrayko erdialdean eta ekialdean, zituen misioak eten egin ditu.