Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Interview
NORA SALBOTX
Irakaslea

«Hezkuntzaren gaineko nazio akordio baten premia nabarmena da eta gero eta sektore gehiagotan atzematen da»

Iratzar Fundazioaren eta Txalaparta argitaletxearen eskutik, Nora Salbotx irakasle eta hezkuntzan adituak euskal hezkuntzagintzaren iragana, oraina eta etorkizuna maisuki jorratzen dituen «Askatu edo moztu» liburua aurkeztu du

Euskal hezkuntzagintzaren erronka zahar eta berrien gainean hausnarketa egitera gonbidatzen gaitu Nora Salbotxek, liburu dendetara heldu berri den entseguarekin. Puri-purian dagoen auziari heltzen dio irakasle nafarrak, gai honek gurean hautsak harrotzen dituela jakitun, baina Euskal Herriak behar duen eta euskal herritarrok ezinbesteko dugun hezkuntza sistema egikaritzeko lana bukatu gabe dagoela iritzita. Erraz irakurtzen den liburua da, batere erraza ez den bide horri argia ematen diona.

Hezkuntza kontuetan gauzak errotik aldatzeko gogo bizia aipatzen duzu hitzaurrean. Gogo bizi horrek eraman zaitu liburua idaztera?

Agian bai. Batetik hori, eta bertzetik, aitortuko dizut artikuluak eta hitzaldiak ematen ditudala, baina inoiz ez dudala astirik hartu ideiak pixka bat antolatzeko. Hori hor zegoen. Gainera, Iratzarrekoek proposamena egin zidaten, eta gero hor bazebilen hezkuntza lege berri bat etor daitekeen zurrumurrua, LOMLOE onartu berri da Madrilen, Ipar Euskal Herriko gatazka horiek guztiak hor daude..., momentu aproposa zela pentsatu nuen. Izan ere, sare sozialetan eztabaida bizia ikusten dugu, elkarri gure arrangura guztiak jakinarazten dizkiogu, baina arras gutxi idazten da, entseguan batere ez, euskal hezkuntzari buruz. Bertzetik, pandemiak hausnarketa berrietara eraman gaitu, eta horiek ere ekarri nahi nituen. Hezkuntzaren bueltako eztabaida prentsan edo sareetan ikusten dugunean elementu asko falta direla uste nuen, eta ekarpena hortik egin nahi nuen.

Liburuaren hasieran nondik gatozen azaltzen duzu, eta beste hainbat ideiarekin batera iruditzen zait sentipen bat gailentzen dela: euskaldunok beti korrontearen kontra aritu behar izan dugu esparru honetan. Halaxe izan al da?

Bai, nahiko nabarmena dela uste dut. Garrantzitsua iruditu zitzaidan, labur bada ere, nondik heldu garen ezagutaraztea. Garrantzitsua iruditzen zait, aipatzen duzun ildo horretan, erakusteko herri honetan hezkuntzarekiko grina bat egon dela. Hezkuntza ez da batere aseptikoa, guztiz politikoa den eremu bat da, eta estatuek bezala herriek ere jakin izan dute hezkuntzak beren garapenean zer garrantzi duen ikusten; transmisio kulturalean, hizkuntzarenean eta balioenean.

Batetik, hori zuri-beltzean jarri nahi nuen, eta bertzetik, horrekin batera, aitortza bat egin nahi nion bide horretan gertatu den guztiari, askotan emakumeen militantziarekin eta lanarekin zerikusia izan baitu. Aitortza emakume horiei, batik bat emakumeak izan direlako; aitortza familiei; eta aitortza komunitateari orokorrean, bai hizkuntza eta kulturaren transmisioa eskolara edo irakaskuntzara ekartzeko saiakera horregatik, bai eta ere sare publikora eramateko borrokagatik. Hezkuntzari lotutako disidentzia edo kontrabotere bat izan da eta oso aitortza txikia egiten zaio.

Bertzetik, garrantzitsua iduritzen zitzaidan honi heltzea, batzuetan, gaurko eztabaidan dagoeneko helmugara heldu garela ematen duelako, eta askotan defenditu dut inondik ere ez gaudela helmugan, aunitz dugula oraindik borrokatzeko. Prozesu baten baitan kokatu nahi nuen: hemendik gatoz, borrokan ari ginen eta gaur ere borrokan ari gara. Horregatik hitz egiten dut hezkuntzagintzaz, oraindik azken helmugara heldu ez den prozesu gisa ulertzen dudalako.

Aitortza falta izan dela aipatu duzu; zeri egozten diozu?

Segur aski emakumeek egin dutelako gertatu da. Irakaskuntza oso sektore feminizatua delako, zaintzari, euskarari eta emakumeei lotutakoa. Periferizatutako eremuen hiruki bat ateratzen da: emakumeena, zaintzarena, euskararena. Lorea Agirrek eta Idurre Eskisabelek ongi azaltzen dute. Hori izan daiteke arrazoi bat.

Hezkuntza sistemaren ezaugarritzeaz, alde batetik, nazio, hizkuntza eta identitate kulturala ezabatzeko nahikeria aipatzen dituzu, eta bestetik, patriarkatuan eta kapitalismoan bezatuak izateko asmoa. Hezkuntza sistema horrek ezaugarritu du?

Sorreratik, bai. Estatu nazioek irakaskuntza publikoa diseinatzen dutenean, argi dago beren nahia hori dela. Dena den, Euskal Herrian nahiko argi izan dugu gu espainolizatzeko edo frantsesteko nahia bazegoela, baina ez diogu hainbertze heldu patriarkatua sendotzeko, apuntalatzeko helburu horri, eta bistan da kapitalismoa sendotzeko eta bizirauteko eginda dagoela baita ere. Statu quo bati jarraipena emateko. Eta hori falta zaio, hain zuzen ere, gaurko eztabaidari. Termino horietan gutxi hitz egin da eta hori ekarri nahi izan dut batez ere. Bertzea oso jorratuta dago; zati hori, aldiz, ez horrenbertze.

Hizkuntzari dagokionez, argi dago euskarazko hezkuntzaren beharra ez dela duela gutxi azaldutako auzia.

Bai. 1934an Eusko Ikaskuntzak bazuen batzorde bat hori jorratzen zuena, bertzeak bertze. Euskara ez dago gure lurraren luze-zabal guztian hezkuntza sistemaren baitan bermatuta, eta hor badago aitortu nahiko nukeen beste militantzia bat, haurrak euskaldundu nahi izan dituztelako egunero ez dakit zenbat kilometro egin izan duten horiena, edo Lodosan ikastola bat muntatzeko sekulako zorpetzeak izan dituzten lagunena, adibidez.

Bertze alde batetik, ematen du hizkuntzaren ideia utilitario edo funtzional batekin konformatu garela, ingelesa, frantsesa, alemana edo beste edozein hizkuntza ikasten arituko bagina bezala, eta gertatzen da kultura transmisioa gero eta eskasagoa dela. Hor erlaxazio bat egon da. Azkenean, curriculumak heltzen zaizkigun tokitik heltzen zaizkigu, eta komunitate gisa alarma gorri bat etengabe piztuta duzu edo hori badoa lasaitzen. Duela gutxi, ama batek esan zidan alaba 4. mailan daukala D ereduan eta oraindik ez duela Euskal Herriko mapa bat ikusi. Espainiako errekak eta, bai. Eta ez naiz Geografiaz bakarrik ari, kulturgintza eta Euskal Herritik mundurako begirada hori ez dakit nahiko ahaztuta ez ote daukagun.

Euskarazko hezkuntzaren bidean bi mugarri aipatzen dituzu; ikastolen sorrera, batetik, eta bestetik Iruñeko Udal Ikastolak zabaldu zuen bidea. Zer garrantzi izan zuten?

Ikastolena, militantzia ausarta, erabat disidentea eta kontrahegemoniko baten lorpena da. Haiei zor diegu, hein handi batean, gaur hemen euskaraz solasean egotea; nik ez dakit bertzenaz euskaraz arituko nintzatekeen. Bizirautea, erresistentzia eta herri honen eskakizunari, beharrari edo grinari erantzuteko gaitasuna aitortu behar zaie. Are gehiago, gaur egun ere, bertzeak bertze, oraindik administrazioen sisteman euskara heldu ez den tokietaraino euskara eraman izana aitortu behar zaie. Bai eta gaur egun ere, pedagogiaren berrikuntzan edo ikasmaterialgintzan egiten den ezinbertzeko lana ere.

Eta 77an jazotakoa (Iruñeko Udal Ikastola) ere mugarri bat da, bertze disidentzia edo ariketa desobediente baten ondorioz sartzen delako lehenbizi euskara sare publikoan. Kasu honetan ez zen sare estatala, Iruñeko Udalekoa baitzen, baina gero hori aldatu zen. Hor guraso talde batek zera erabaki zuen: «Guk ere badugu eskubidea denen diruarekin ordaintzen den sare horretan edo ikastetxeetan euskaraz aritzeko». Iduritzen zait ondorio kuantitatiboaz gain, eta begiratu dezakegu zenbat haur euskaldundu dituen sare publikoak, kualitatiboki ere eztabaidari ideia berriak sartu zizkiola. Demokratizatuko dugu, zabalduko dugu, edozein gaitasun ekonomikoko familiak euskaraz ikasteko aukera izango du… Unibertsalizazioaren elementu berria sartzen da borrokara, hezkuntzagintzara.

Hizkuntza ereduen desagerpena eta murgiltze ereduaren beharra aldarrikatzen duzu. Ezinbestekotzat jotzen duzu?

Bai, ezinbertzekoa. Gainera uste dut aspalditik datorren eztabaida dela. Kontseiluak bere garaian «ikasle euskaldun eleaniztunak» proposamena egin zuenean hortik zihoan. Gure eredua bistan dena da diglosia egoera batean sortua dela, eta bertzetik nahiko politika akonplejatuetatik sortutako zerbait dela iduritzen zait. Hain zuzen ere, Alemanian ez luketelako inondik ere ezbaian jarriko alemana bermatu behar ote den, eta Euskal Herrian gauza horiek ezbaian jartzen ditugunean espazio handia galtzen dugu, edo bertze norbaiti oparitzen diogu. Uste dut gaur egun adostasun nahikoa badela. Bertzetik, hor ikusi da batzuk aspaldi erraten genbiltzana, hizkuntza zer puntutara arte segregaziorako arrazoi gertatzen ari den herri honetan, berdin dit Nafarroako Erriberan, EAEn edo nahi duzun tokian, hizkuntza nolabait bertze aldagai bat dela batez ere migratutako pertsonekin eta klase ekonomiko baxuko ikasleekin ghettizazio prozesu horietan. Hizkuntza segregazioa iraunkortzeko erabili da, eta hor susmopean jarri beharreko politika administratibo batzuk daudela uste dut.

Fokua zabalduz, Reagan administrazioaren “A Nation at Risk” txostena neoliberalismoak hezkuntzan izan duen esku-hartzearen sortze une gisa jotzen duzu. Nola gauzatu da injerentzia hori?

Segur aski askoz atzeragotik datorren prozesu bat da, baina une batean neoliberalismoak hezkuntzan esku-hartze bat egin behar duela erabakitzen du, hortik moldatuko dituelako bere pentsaerara etorkizuneko herritarrak. Hor hasten da modu ageriko batean hezkuntza sistemak neoliberalismoaren zerbitzura jartzeko saiakera. Reagan administrazioak sustatuta hasten da, gero handik urte batzuetara badator Europara, eta arrapaladan mundu osoan barrena sekulako erreformak heltzen dira hezkuntzan. Denak oso terminologia berdintsuan: kalitatea, konpetitibitatea, enprendizajea, eta halakoak. Hori neoliberalismoaren estrategia da, gaur sukalderaino sartuta daukaguna.

Euskal hezkuntzak publikoa eta burujabea izan behar duela ondorioztatzen duzu, eta burujabetzari dagokionez aipatzen duzu zooma zabaldu behar dela gaurko erronka berriei erantzuteko. Zeintzuk dira erronka berri horiek?

Inolaz ere ez genukeela burujabetza erdaldun bat irudikatuko, baina, baita ere, XXI. mendeko Euskal Herriak euskal errepublika bat proiektatuko badu, euskal errepublika hori halabeharrez euskaldunaz gaindi soziala izan beharko du; nahi dugun terminoetan, klase kontzientzia daukana. Eta izan beharko du feminista, ez patriarkatuaren mendeko edo patriarkatuaren eskemen baitan eraikitakoa. Hortik doa ekarpena. Konbentzituta bainago hezkuntzatik ekarpena egin dakiokeela eraikuntza lan horri, naziogintza edo estatugintza horri.

Publikotasuna nola ulertzen duzu? Finantzaketaz eta kudeaketaz bakarrik hitz egiten ari gara, edo beste zerbait da?

Uste dut gaur oso sektore gutxik defendatuko dutela titularitatera murrizten den publikotasunaren ideia hori. Eta ez bakarrik hezkuntzan, hezkuntzatik harago bertze esparru askotan komunitarismoa eta publikotasuna elkarri eskutik helduta ulertzen ari dira; horizontaltasunaren zentzuan, parte-hartzearen zentzuan,…

Hori, edozein tokitara banoa, baina Euskal Herritik hitz egiten ari gara, eta Euskal Herriak bere instituzio propioak ez dauzkan bitartean gure publikotasunak beti egonen dira baldintzatuta Madrilek eta Parisek agintzen dutenarekiko. Eta publikotasun hori daukagun bitartean, herri honek dituen grinei eta beharrei hortik erantzunik aurkitzen ez dien heinean, bide alternatiboak bilatuko ditu, historikoki egin bezala: kooperatiben bitartez, auzolanean, herrigintzan, bide desberdinak erabiliz, komunitarismoarekin eta militantziarekin zerikusia daukatenak.

Baina ez dut erraten gaurko estatuak eskaintzen, edo inposatzen, dizkigun egitura horiei guztiz uko egin diezaiegula; are gehiago, nik uste dut adibidez udalen egitura horiek eta munizipalismotik egin daitekeena interesgarria izan daitekeela, eta egitura hori baliatu beharko dugula gure estatugintza horretarako bidean.

Liburua argitaratzen den testuingurua nabarmendu duzu, Euskal Herrian hezkuntzaren inguruan dagoen eztabaida, eta liburuan aipatzen duzu inflexio puntu berrietarako garaia dela. Uste duzu une honetan gai honetan akordio zabal bat eman daitekeela?

Baldintzak badaude. Eragileak elkarri entzuteko edo gauza zehatzei buruz eztabaidatzen egoteko gai dira une honetan. Foro desberdinak sortzen ari direlako, eta hor eragile desberdinak ikusten ditugu, sektore oso desberdinak elkarrekin gauzak partekatzen, entzuten eta eztabaidatzen. Baldintza hori badago. Bertzetik, nik uste dut urteen poderioz ohartuko ginela zenbait gauza agortuta daudela, ereduena, adibidez, eta horri gehitu zaizkio erronka berriak.

Gero, nik uste dut pixkanaka-pixkanaka eragile desberdinak ohartuz joan direla, EAEren kasuan, ezin dela 1993ko gisako lege bat erreproduzitu. Lege bat ez dena bere osotasunean bete, alde batetik, eta bertzetik sekulako zauriak sortu zituena. Zer legez akordatzen gara hogeita hamar urte beranduago herri honetan horrelako eztabaida biziak sorraraziko dituena? Ba, hezkuntzari lotutako hura. Haren ondorioek sortzen dituzten eztabaidak oraindik ez ditugu gainditu. Hogeita hamar urte pasatu dira eta elkarren ondoan beharko luketenak, oraindik bukaerako geltokian ez gaudelako eta tren hori bultzatzen eta indarra ematen egon beharko ginatekeelako, batzuetan elkarri mokoka ikusten ditugu. Ez da hori erreproduzitu behar.

Bitartean, Ipar Euskal Herrian, Molac Legeak ekarritako ondorio guztiekin euskarazko irakaskuntza osoa pintzekin hartuta daukagu momentu honetan, bai sare publikokoa bai kooperatibakoa. Eta Nafarroaz zer esan; oraindik euskara toki guztietan bermatzetik oso urrun dago, eta segregazio horiek guztiek hor jarraitzen dute. Beste segregazioak ere badaudelako, aniztasun funtzionalekin edo desgaitasunekin zerikusia dutenak, generoarekin... Oraindik badira diru publikoa jaso eta generoaren arabera segregatzen duten ikastetxeak, eta onartezina da.

Euskal jendarteak badaki hezkuntzak hezkidetzailea izan beharko duela gutxienez, ez bada feminista; euskal kulturaren transmisioaren bermea izan beharko duela; badaki haurra edo ikaslea erdigunean jarri beharko duela… Halako gauzak badakizki, eskaera horiek gaurko jendartean daude, garai batean agian ez bezala. Beraz, nazio akordio baten premia nabarmena da, eta beharra gero eta sektore gehiagotan atzematen da.

Hasieran pandemiaz aipamena egin duzu, eta liburuan nabarmentzen duzu hezkuntzan izandako aldaketa askoren jatorrian pandemiak izan direla. Orain pairatzen dugun honek zer ondorio utziko du?

Bi izan daitezke: bat negatiboa eta bertzea positiboa. Pribatizazio nahikeria bat bazegoen aurretik, kapitalismo digitalaren baitan bazetorren nahi bat, eta izugarri azkartu da pandemiaren ondorioz. Bat-batean, hezitzaileok baliabiderik gabe ikusi ditugulako gure buruak, ez daukagulako sare digital publiko bat, ez daudelako irakaskuntza bideratzeko tresna horiek guztiak... hor negozio esparru berri bat ikusi du. Lehenagotik neoliberalismoaren esku-hartze bat bazetorren, orain merkatu handi bat ikusi du. Googlek, Microsoftek eta horiek sekulako esku-hartzea egin dute eta hori pribatizazio bat da, berdin zait sare publikoan, kontzertatuan, ikastolan..., hori gertatzen ari da.

Eta positiboa, zaintzaren eta elkar zaintzaren garrantzia zenbaterainokoa den ikasi dugula, eta ondorioz komunitarismoari bertze balio bat ematen zaiola. Ez dakit hazi bat erein den, loratzen hasi den edo balioan jarri den, baina, edonola ere, uste dut horrek ekarpen handia egin diezaiekeela hezkuntza formalaren eta ez-formalaren eremuei.