Ainara Lertxundi
IKUSMIRA

HABANAKO AKORDIOEN BOSGARREN URTEURRENA, ESPERANTZA ETA SAMINA

Habanako Akordioak sinatu zirenetik bost urte bete dira. Nazio Batuetako idazkari nagusiak, Antonio Guterresek, Kolonbiara bidaia egin zuen urteurren borobila ospatzeko. Bertan, FARC-EPko buruzagi ohi eta egun Comunes alderdiaren presidente den Rodrigo Londoño «Timo»-rekin bildu zen, baita Ivan Duque presidente kolonbiarrarekin ere, argazkian ikus daitekeenez. Urteurrenak irudi gehiago utzi ditu, esaterako, Juan Manuel Santos presidente ohia Timorekin gerrillari ohiek ekoitzitako garagardoa, «La Roja», edaten. Akordioa sinatuta, bakearen bideak luzea eta korapilatsua izaten jarraitzen du, eta egungo Gobernuaren konpromisoa eskasa da. Desafioak erraldoiak dira: ELNrekin bake elkarrizketa prozesuak bertan behera jarraitzen du, FARC-EPko izandako buruzagi batzuk borroka armatura itzuli dira, egunero hilketaren edo sarraskiren bat dago, uribismoak akordioak hustu besterik ez du egin... Datorren urteko hauteskundeak gai izango al dira Gobernuaren eta Kolonbiaren norabidea aldatzeko? Ainara Lertxundi