Alessandro Ruta
BERLUSCONIREN AZKEN AMETSA

Milanen Italiako lehen ministro ohiaren omenezko erakusketa ireki dute

«Piano B» izeneko erakusketa abenduaren 31ra arte ikusgai egongo da Milango Enterprise hotelean. Irudien, musikaren, ahotsen bitartez eta «il cavaliere» ardatz hartuta, Italiaren historiaren tarte jakin bati errepasoa egiten dio: 1956tik 1993ra. Milano 2-ren eraikuntzaren eta telebista kate pribatuen jaiotzaren urteak izan ziren horiek.

Berlusconik, 85 urterekin, Italiako Errepublikako presidente izan nahiko luke. Abenduaren 31ra arte, Milanek bere semerik ospetsuenari erakusketa bat eskaini dio, “Piano B” deiturikoa.

«Bularrak izango balitu, albisteak aurkeztuko lituzke», «Munduko saltzailerik onena da». Bi esaldi horiek Berlusconiri erreferentzia egiten diote. Izen handiko bi kazetarik idatzi zituzten, Enzo Biagik eta Indro Montanellik, hain zuzen ere.

Denok esan dugu zerbait il cavaliere-ri buruz momenturen batean edo bestean. Berlusconi edonon dago, ezinezkoa da ia haren aipamenik ez topatzea nonbait, aurkarien obsesioa eta zaleen idoloa baita Berluska, Milanen esaten zaion bezala; Italia guztia aldatu zuen.

Milanen, bere jaioterrian, bere omenezko erakusketa bat zabaldu zuten pasa den irailean, “Piano B” izenekoa (B plana). Antolatzaileen hitzetan, izenburuak «enpresaburu orok edozein erabaki hartu behar duenean buruan duen ideia islatzen du, hau da, beti B plan bat, alternatiba bat izan behar du. Berlusconiren sen enpresariala statu quo-arentzat alternatiba izan zen».

Berlusconik ez duela besterik behar dagoeneko dena lortu duelako nabarmentzen du erakusketak. Egia esan, zerbait falta zaio, bere azken ametsa Italiako Errepublikako presidentea izatea da, hori baita herrialdeko kargurik garrantzitsuena.

«Milan, edateko modukoa»

Berlusconiren munduan ez dago lekurik porrotarentzat. Bere ospeak, bere mitoak, argiak soilik onartzen ditu. Milaneko ekintzailea Italia oso momentu ilun batean zegoenean agertu zen publikoki, 70eko hamarkadan. «Berunezko urteak» ziren. Terrorismoak gogor kolpatu zuen Italia urte horietan. Jendea beldurtuta zegoen, kalean paseatzea arriskutsu bihurtu zen: bonbak, tiroak, bahiketak… ez zen girorik. Horrez gain, inflakzioa eta autarkia.

Testuinguru beltz horretan, Berlusconi agertu zen eszenatokian, ametsez eta diruz beteta. «Berlusconi jauna, nondik atera duzu hainbeste diru?», historiarako gelditu den galdera, Giorgio Bocca kazetariak egindakoa. Erantzunik ez zuen izan. «Piano B» erakusketak ere ez dio galdera horri erantzuten, Berlusconiren munduaren «argiak», batez ere telebistari dagozkion garaikoak, besterik ez ditu goraipatzen.

Il cavalierek pantaila txikiaren erregea izaten jarraitzen du oraindik ere. Zalantzarik gabe hori izan da bere negoziorik oparoena, mundu editoriala, higiezinak eta futbola baino hobea. Ez zuen etekin bera lortu, ordea, Milano 2 eraiki zuenean, 1970 eta 1979 artean, herri guztiz berri bat Milanetik gertu, gaur egun Segrateko eremuan. Eta ez zuen arrakasta bera izan ezta ere Milan futbol taldearen presidente eta jabe zela, 1986tik 2017ra bitarte. Bi esperientzia horiek nolabait «partzialak» izan dira, jende gutxik disfrutatu zituztelako, Milano 2-ko biztanleek edo milanzaleek.

Telebistari esker, Berlusconik Italia osoa pantaila batean ikusarazi du. Eta italiarrek hori behar zuten, arestian esan bezala, hainbat urtez terrorismoarekin eta beldurrarekin bizi ostean. RAI telebista kate publikoak ezin zuen halakorik eskaini, oso grisa eta instituzionala baitzen. Kristau-demokrazia alderdia boterean zegoen, programa gutxi onartzen zituen eta nagusi izaten jarraitu ahal izateko zuhurra izan behar zuen.

Italia «a letto dopo Carosello», lotara joaten zen “Carosello” ostean. “Carosello” telebistako iragarki bakarra izan zen 1957tik 1977ra. Gauero, 20.50etik 21.00etara irauten zuen 10 minutuko bideoa. Politak ziren bideoak, kalitate onekoak eta lelo eraginkorrekin; umeak pozik joaten ziren lotara.

Kristau-demokrazia alderdiak Italia oso leku lasaia zelako irudia zabaldu nahi zuen: den-denak goiz oheratu behar ziren, hori bai iragarkiek eskaintzen zituzten produktuak ikusi eta gero. Adibidez, Susanna Tuttapanna-ren gazta edo Ava detergentea bere sinboloarekin: «Calimero» txita, «piccolo e nero» (txikia eta beltza).

«Balea zuriak» (hori zen Kristau-demokraziaren ezizena), ez zuen ikusi Milanetik iraultza zaratatsu bat zetorrela: han zegoen gure Silvio, Luigiren semea. Berlusconiren aitak banku anonimo batean lan egiten zuen, baina familia guztia auzo oso apal batean bizi zen, Isolan. Egun, berriz, luxuzko barrutia da, etxeen salmenta prezioa metro karratuko 6.000 eurokoa da. II. Mundu Gerraren ostean, aldiz, lantokiz beteta zegoen, kale estuak, balkoi luze-luzeak bistan eta jende guztiak txiza egiten zuen patioak. Iraganeko xehetasunak Silvio Berlusconi «self-made man» saiatuarentzat, beharbada azken lauzpabost hamarkadetako Italiaren sinbolorik adierazgarriena. Milan grisa zen, baina laster bihurtuko zen «edangarria», likore baten iragarki famatu batean bezala. Oso erraza zen han bizitzea eta batez ere dirua irabaztea. Berlusconik egin zuen bezala.

«Drive In»

Egia esan, dirua irabazi duen bakarra Silvio izan da. Telebistari esker italiarren etxeetan sartu zen, programa benetan ikonikoak eskaintzen: telesail amerikarrak (“Dallas”, “Dynasty”, “Beautiful”), marrazki bizidunak (“Oliver eta Benji”, “Pottokiak”) edo pelikulak; eta nola ez RAI-tik «lapurtu» zituen aurkezle ospetsuak, horien artean, Mike Bongiorno, Maurizio Costanzo, Corrado Mantoni, Sandra Mondaini eta Raimondo Vianello.

Berlusconiren poltsikoa etengabe hazten joan zen. Normala, bere katean gero eta iragarki gehiago agertzen ziren, ikusleen kopurua handitu egiten zen egunetik egunera. Enpresariek ez zuten hedabide publikoetan publizitaterik jarri nahi, Berlusconiren kateetan dena askoz errazagoa baitzen. Berlusconik berak enpresariak laguntzen zituzten kanpainak egiten zituen. Dirua, poztasuna, garaipenak, hots, ongizatea. Terrorismoa jada oroimen urrun bat zen eta kolorezko pantailetan jende gaztea agertzen zen.

Garai hartako sinbolorik eraginkorrenetako bat “Drive In” programa zen, “Piano-B” erakusketak nabarmentzen duen bezala. 1983an hasi eta 1988an bukatuta, bost urtez Italiako publikoaren begirada aldatu zuen. Aktore komiko onenek pertsonaia famatuen esketx laburrak, 2 minutukoak baina eraginkorrak, egiten zituzten; iragarki deigarriak eta, batez ere, bular handiko neskak agertzen ziren. Ez zuten ezer egin behar “Fast Food neskek”, oparotasuna erakustea baizik. Haiena eta, zeresanik ez, Berlusconiren munduarena. Tarteka Silvioren semea, Piersilvio, agertzen zen esketxen batean. Saio matxistak izan arren, ikusle kopurua zeruraino igo zen. Hamarkada baten sinboloa dudarik gabe, RAIren guztiz kontrakoa.

Botoen bila

1994. urtera arte, sua emittenza Silvio –hala deitzen diote murrikaz italiarrek– ez zen politikaren munduan sartu. Urte horretan, lehen ministro izendatu zuten. Ordura arte, politikan, ezkutuan ibili zen.

Bere telebista kateak martxan jarri ahal izateko behar zituen baimenak eskuratzeko, legebiltzarkide askorekin harremanak izan zituen. Baimenik lortu ezean, legez kanpoko egoera batean egongo zen, RAIk bakarrik baitzuen programak emititzeko lizentzia. Alderdi Sozialistak il cavaliereri asko lagundu zion: Telebista etxe bat (Fininvest, gero Mediaset), hiru kate (Canale 5, Italia 1, Rete 4) eta sekulako botere mediatikoa.

Hori guztia izanda, benetan beharrezkoa zuen politikaren munduan sartzea? Zurrumurruen arabera, Silvioren aholkularien gomendioa izan omen zen: «Laster kartzelara joango zara, asmatu zerbait».

Eta zer-nolako asmakizuna atera zen txisteratik? Forza Italia alderdi politikoa, eskuinaren erreferentzia izango zena. Abiapuntua, nola ez, bideo mezu bat bere kateetatik emandakoa, 1994ko urtarrilaren 25ean: «L'Italia è il Paese che amo (Italia maite dudan herria da)».

Handik aurrera, hiru aldiz lehen ministro: 1994an, 2001n eta 2008an. Zenbait eskandalu ere bai, eta zerga iruzurragatik zigor bat. Zer gehiago nahi du orain gure Silviok? Ezin al du etxean geratu bere txakur «Dudu»-rekin edo bere seme-alabekin eta bilobekin?

Ez, azken amets bat baitu: Errepublikako presidentea izatea. Hori lortzeko otsailean ez ditu beharko milaka boto, baizik eta askoz gutxiago: gutxienez Legebiltzarraren erdiarenak.

Berlusconiren alderdiak ez ditu hainbeste diputatu eta senatari, beraz, beste talde politikoen laguntzaren bila joango da. Iraganean bezala, egia esan; hamaika makulu eman zizkiolako ezkerrak Silviori. Gaur egun ere, zurrumurruen arabera, hartu-emanak dagoeneko hasi dira.

Errepublikako presidentetzarako hauteskundeetarako ez dago ez faboritorik ez hautagairik. Boterearen joko bat da Italiako pertsonarik boteretsuena nola hautatu. Boteretsuena ofizialki, azken lauzpabost hamarkadetan il cavaliere bera izan delako, «B Planik» ez.