Urtzi URRUTIKOETXEA
MIKRONESIA, BI ERRALDOIEN ARTEAN

«Elkarketa libreko hitzarmena», Mikronesiako estatuen independentziarako tresna

Pazifikoaren erdian, Mikronesiako uharteak daude, hiru estatutan banatuta. Oso txikiak dira, eremu zabal batean sakabanatuta eta biztanle gutxirekin, baina Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren arteko lehiaren erdi-erdian daude. Washingtonek lurralde horiekin daukan akordio berezia aurten amaituko da; horregatik, hitzarmena berritzeko ahalegin diplomatikoei Beijingekiko tentsioak erantsi zaizkie.

Yapeko biztanleak. Herri askotan, gehiago dira Ameriketako Estatu Batuetan bizi direnak Mikronesian bertan daudenak baino.
Yapeko biztanleak. Herri askotan, gehiago dira Ameriketako Estatu Batuetan bizi direnak Mikronesian bertan daudenak baino. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

Hondartza txiki bat, arrezifea parean. Marea baxuegi dago urpekaritzan ezer txukunik egiteko, baina behin honaino iritsita, merezi du saiatzea. Hareatzan eraikin zabal bat dago, enbor luzez egina, banbua eta lastozko sabaia ditu. Malcolm ikusi dugu etxearen albo batean eserita atarian. Bisitariek gaua bertan emateko aukera dutela diosku, iluntzerakoan euren herrietatik gehiegi urrunduz gero. Bestela, herritarren bilgune zen “gizonen etxea”. Badira “emakumeen etxeak” ere. Batean eta bestean, neska-mutilei artisautza, arrantza edo nabigazioa irakasten diete.

Mikronesiako leku askotan daude antzekoak. Elkarrekin topo egin eta eztabaidatzeko txokoak dira, baina Pazifikoko bazter galdu honetan, Yap uhartean, kanpoko elementu bitxi bat izan ohi dute: harri zirkular erraldoiak, diru-trukean erabiliak. Hemendik ia 500 kilometrora dagoen Palau uharteko harrobietan egindako piezak dira, hegazkinik eta ontzi handirik gabeko sasoietan batetik bestera garraiatuak.

II. Mundu Gerran eraitsitako japoniar hegazkin baten hondakinaren aldamenean hasten zen pistatik iritsi gara hondartzaraino. Bidean topatu dugun nekazariari haren lurraldetik igarotzeko baimena eskatu diogu. Eman digu. Harritu gaitu zeinen ondo dakien ingelesez laborariak.

Mundutik bakartua eta guztiz bere buruaren jabe dirudien lurraldea da, eta nortasun bereziko herri, auzune eta baserriak ere elkarrengandik independente dira. Baina era berean, munduko ozeano handienaren erdian, gertuko lurraldeetatik ehunka miliatara eta Asia zein Amerika kontinenteak milaka kilometrora dituztela, luzaroan izan dira harremanetan munduko potentziekin.

Mende luzez, mikronesiar kulturatik kanpoko inor gutxi ibili zen bazterrotan: mapa askok Espainia edo Gaztelaren mende jartzen zituzten uharteak, baina Guam irlan baino ez zeukan postu txiki bat Madrilek, Mexikoren eta Filipinen arteko bidean gelditu ahal izateko. XX. mendean, baina, bestelako garrantzia hartu zuten irla txiki hauek; II. Mundu Gerran Japoniaren eta AEBetako armadaren arteko borrokaldi gogorren lekuko izan ziren. Egun, turistek honaino iristeko izan ohi dituzten bi motibo nagusietako bat da gerra hartako hondakinak bisitatzea. Beste motiboa urpekaritza da.

Edozelan ere, gutxi dira honaino datozen turistak. Iristeko hain zaila den lekuan, bertako biztanleak ere munduko herrialde handietatik urrun irudikatzen dituzu. Klanaren eta norberaren lurraldeen mugak zehatz ezagutzen dituzte, eliza protestanteekin batera ohitura animista asko bizi dira, Yapen oso ohikoa da gizon zein emakumeak bularra agerian ibiltzea, eta askok gorri koloreko hortzak dituzte, etengabe mamurtu ohi duten areka fruitu estimulagarriak eraginda. Halako hortzeria ageri du gizonen etxean erdi etzanda Malcolmek. Yaperaz egin dio lagunari, baina bideko nekazariak bezala badaki zertxobait ingelesez, Oregonen eta Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldean bizi izandako urteen ondorioz. Milaka mikronesiar bizi dira AEBetan, Washingtonekin daukaten hitzarmen bereziari esker. «Lan asko egin eta diru polita irabazten da, eta gustuko dut Amerikan bizitzea, gidatzea… baina hauxe dut nire herria. Hemengo etxea eraikitzen lagundu dit hango esperientziak», diosku areka fruitua eskutan, berriz ere ahoratzeko prest. Herri askotan, gehiago dira Ameriketako Estatu Batuetan bizi direnak Mikronesian bertan daudenak baino. Ez beti egoera onenean: Hawaiin, esaterako, Chuuk irletako gazteei leporatu izan diete behin baino gehiagotan kriminalitatea, eta bazterketa eta xenofobia salatu dute sarritan.

Pazifikoaren kontrola

Palau, Mikronesiako Estatu Federatuak eta Marshall Uharteak estatu txiki baina independenteak dira, Nazio Batuen Erakundean aulki propio eta guzti. Baina AEBekin hitzarmen berezia dute: bertako herritar guztiek AEBetan bizi eta lan egiteko eskubidea daukate, Elkarketa Libreko Akordioari esker. Washingtonek mundu osoan daukan gisa honetako akordio bakarra da, estatubatuar ez diren herritarrek automatikoki lanerako eskubidea baitaukate. Trukean AEBek erdiesten dutena ere garrantzitsua da. Uharteek laguntza ekonomiko garrantzitsua jasotzen dute urtero, eta AEBek zerbitzu sorta bat eskaintzen die uharteei: eguraldiaren iragarpena, hondamendien kudeaketa, aire-zirkulazioaren kontrola edo posta banaketa, esaterako. Era berean, ia lur-azalerarik ez baina itsas-eremu erraldoia daukan herrialdearen defentsa AEBetako armadaren esku geratzen da. Marshall uharteetako Kwajalein-eko base militarrean, esaterako, misil balistikoen entrenamendu gunea dauka Washingtonek.

Gerra Hotzean eskualdeak izan zuen garrantziaren ostean, aldi batez zalantza ere izan zen antzeko akordiorik berrituko ote zen etorkizunean. Txinaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko lehiak, ordea, inoiz baino garrantzitsuago bihurtu du Pazifikoaren kontrola. Joe Bidenek argi dauka 2023an eta 2024an ahituko diren akordioak berritu behar dituela Palaurekin, Mikronesiarekin eta Marshall Uharteekin, eta horretarako 650 mila milioi dolar aurreikusi ditu hiru herrialdeentzat 20 urteko epean.

II. Mundu Gerraren amaieran, Pazifikoko itsas-eremu zabal bateko uharteak AEBen agindupean utzi zituen Nazio Batuen Erakundeak, eta Washingtonek Pazifikoko Uharteen Babespeko Lurraldea (Trust Territory of the Pacific Islands) eratu zuen. Oso hizkuntza eta kultura ezberdinetako 100 mila lagun ziren doi-doi, milioika kilometro karratuko eremuan.

AEBek base militarrak eta beren herri-ereduak eraman zituzten gune garrantzitsuenetara, errepideetan hasi eta elikaduraraino, baita entsegu nuklearrak ere: 1958ra arte dozenaka leherketa nuklear egin zituzten Marshall Uharteetako Bikini atoloian, esaterako. 50 eta 60ko hamarkadetako deskolonizazio-garaian, Washingtonek bere kontrolpean mantendu zituen irlak, harik eta 1979an gobernu autonomoak eratu ziren arte. Palauk ez zuen Mikronesiako Federazioan sartu nahi izan, eta besteek baino beranduago lortu zuen independentzia.

Marshall eta Mikronesian 1991n sartu ziren NBEn, eta 1994an Palau, besteak beste, Washingtonen aurrean jarrera antinuklear argia izan zuelako, arma nuklearrik gabeko herrialde izendatzeko. Aurretik, 80ko hamarkadan, Akordio Libreak adostu eta bozkatu zituzten hiru herrialdeetako herritarrek. 2003an beste 20 urterako berritu zituzten hitzarmenok. Aurten beteko direnez 20 urteok, berritzeko negoziazioetan buru-belarri dihardute.

Tentsio diplomatikoak

Palau eta Marshall Uharteak dira munduan Taiwan aitortzen duten 17 herrialdeetako bi. Lehenaren kasuan, garesti ordaindu du Taipeirekiko leialtasuna: turisten erdiak baino gehiago txinatarrak zirela, Beijingek turismorako debekua ezarri zuen eta kolpe ekonomiko garrantzitsua etorri zen 2018an. Txinak apustu ekonomiko eta diplomatiko handia egin du Ozeanian, eta lorpen garrantzitsuak izan ditu, Kiribati edo Salomon Uharteetan esaterako: Taiwanekiko harremanak eten eta Txinarengana hurbildu dira. Kaledonia Berriko independentzia erreferendumean ere Frantziaren aldeko argumentu unionistetako bat izan da Kanaky independentea Txinaren eraginpean geratuko zela.

Washington ere ez dago geldirik. Salomon Uharteetan enbaxada ireki berri du; 2019an Taiwanekiko harremanak eten eta Beijingekin lotura hasi zuenetik, tentsioak eta istilu larriak izan dira artxipelagoan. Salomon Uharteetako Malaita irlak independentziarako aukera aipatu du, Txinarekiko loturei aurre egiteko (aurtengo otsailean Malaitako presidente Taiwan-zalea kanporatu zuten). Mikronesiako Federazioan, bestalde, Txinari leporatu diote Chuuk-en -federazioko lau estatuetako populatuena- proposamen independentista bultzatzea. Chuukeko gobernuak behin baino gehiagotan deitu du erreferenduma, baina ez du behin ere burutu. Besteak beste, Mikronesian AEBek duten enbaxadoreak mehatxu argia egin zielako: Washingtonek Palau, Mikronesia eta Marshallekin daukan akordioa hiru horiekin baino ez da, eta ez dute herrialde berririk onartuko. AEBetan bizi diren chuuktarren egoeraz kezkatuta, bertan behera geratu da galdeketa, baina enbaxadorearen mehatxuaren ifrentzua ere begien bistakoa da: onartuko ote luke Washingtonek besterik gabe Chuuk independentea Txinarengana bihurtzea ala ez ote luke akordioren bat bilatuko, interes hutsez eta pragmatismoz balitz ere?

Oraingoz agerian geratu da Elkarketa Libreko Akordioa ez zela deskolonizazioa eta Gerra Hotzari lotutako hitzarmen puntuala zela. Washingtonek berebiziko interesa dauka akordioa berritzeko. Are gehiago, Palau eta Marshall Uharteek ez bezala, Mikronesiako Federazioak badauzka Beijingekin harreman diplomatikoak, eta negoziazioetan karta garrantzitsua zaio hori. Izan ere, Marshall Uharteetan misilen kokagunea daukate AEBek eta Palau oso gertu dago Asiatik, Taiwan eta Filipinetatik bereziki, «baina Mikronesiako Estatu Federatuetan ez da inoiz AEBen presentzia militarrik izan. Txinarekin gaur egungo lehia geopolitikoan lotura diplomatikoak izatea abantaila handiagoa ematen diete», dio Giff Johnson Marshall Uharteetako kazetariak. Bai Palauk, bai Marshall Uharteek urtarrilean sinatu zuten Kalifornian elkar ulertzeko memoranduma AEBekin; akordio berriaren zirriborroa, alegia. Mikronesiak hilabete geroago onartu zuen negoziazio-markoa: orain arteko 80 milioi dolarren ordez, aurrerantzean urtero 140 milioi dolar jasotzea adostu dute.

Presidente kargua uztear den David Panuelok herritarrei zerbitzuak hobetzeko balio duela esan du. Parlamentura bidalitako gutunean, presidenteak argi eta garbi Txinarekiko harremanak etetearen alde egiten du: otsailean Taiwango Atzerri ministroarekin batzartu zela aitortu du. «Taiwanek dio Txinak abian dituen proiektu guztiak hartuko dituela», eta horretarako 50 milioi dolar emateko prest dagoela dio Panuelok. Laguntza «Txinatik aldentzeko beharrezko segurtasunarekin letorke, gure subiranotasuna higatzeko eta gure baloreak kaltetzeko gaitasun handia erakutsi baitu, herrialdeko goi-kargudunak bere helburuetarako erabiliz».

Pazifikoko eszenatoki geopolitiko berrian, ustekabeko karta diplomatikoaren jabe dira bertako herri txikiak, munduko bi erraldoien artean negoziatzeko.