Testua eta argazkiak: Xabier Bañuelos
Interview
Perito Moreno (GETTY IMAGES).
Perito Moreno (GETTY IMAGES).

Triangelu glaziarra: Islandia, Patagonia eta Zeelanda Berria

Hiru kontinentetan eta hiru ozeanok bereizita, Lurreko hiru inguruneok badute batzen dituen zerbait: glaziarrak. Majikoak, hanpurusak eta misteriotsuak, izotzezko ibai eder eta bakanek paraje sinesgaitzenetatik liluratzen gaituzte, beti ere beren ingurunearekin bat eginda.

Ikuspuntu prosaiko batetik, geodinamika kausala da; ikuspuntu poetiko batetik, berriz, geodinamika, sinpleki, apetatsua da. Glaziarrak, goi inguruneetan elurra trinkotzean sortzen diren eta jaistean, apurka, haran sakonak sortzen dituzten izotz masa horiek, kanpo eragile geodinamikoak dira, zeintzuk, kausaz edo poetikoki, inguruneari era guztietako formak ematen dizkioten. Murrizten ari diren arren, planeta osoan daude, baina badira hiru gune, elkarren artean desberdinak izanik, jakin-mina eragiten digutenak: Islandia, non negu luzeetako gatzak laztantzen dituzten; Patagonia, non mendiekin jolastuz atzaparka fiordoak sortzen dituzten; eta Zeelanda berria, non zuri eta berdeek txundituta uzten gaituzten.

Islandia

Gure triangeluaren iparraldeko erpina da. IX. mengoek Island, «izotzezko lurra», deitu zioten. Izen horrek premonizioa dirudi Ipar Atlantikoa gurutzatuta sumendien lurralde honetara iristen den bidaiariarentzat. Baina izendapena ez da guztiz zehatza. Ingolfur Arnarson eta enparauak heldu eta Reykjavik-en kokatu zirenean, Lurreko gune hau Erdi Aroko Beroaldia aroan zegoen. XIV. mendera arte iraun zuen aro horretan klima bereziki beroa eta epela zen. Neurri handi batean, horri esker abiatu ziren «iparraldeko gizonen» knarr, karve, drakkar eta snekkar-ak kontinentetik itsasoak esploratzera. Dudarik gabe, Islandian kolpetik beren jatorrizko Norvegian baino izotz masa handiagoa aurkitu zuten, baina hala ere, ziur asko orduan (eta gaur egun) Islandian izotzak lurraldearen %11 apenas estaltzen zuen.

Baina ulertzekoa da, hala ere, aitzindariok Vatnajokull-eko izotz kasko amaigabea ikustean hotza Lur osoa irensten ari zela pentsatzea. Europako glaziar zabalena da, 8.400 kilometro koadrokoa; alegia, Euskal Autonomia Erkidegoa baino handiagoa den izoztutako tarta.

4x4 autoan Smyrlabjorg-etik pista aldapatsu, harritsu eta estuan gora goazela, eskuinean Skalafellsjokull ikusiko dugu. Vatnajokull-ek itsasora bidean zituen dozenaka mihietako bat da. Gora egiten dugun heinean kontraste bortitza handitzen doa. Artikoa miazkatzen duen ozeanoaren urdin sakona, arroka bolkanikoen beltzaren parean, eta zerumugatik harago dena estali nahian dabilen zuri amaigabea. Edertasun basatia, are mehatxatzailea, baina ikuslea limurtzen duena. Beherantz begiratu, eta izotzak zulatutako bide sakona ikusten dugu eta bertan pilatutako arrokak.

Glaziarra atzera egiten ari dela adierazten duten arrastoak dira. Glaziarrak bidea egiten jarraitzen du egun, baina atzeraka. Klima aldaketaren eragina da, glaziar guztiak desagertzeko arriskuan jarri dituena. Ez dago horien zabalera progresiboa erakusten duten mapa geografikoetara jo beharrik; hemen, Islandian, nahikoa da urte batetik bestera toki berera joatea, berotze globala eta bere ondorioak egia direla ikusteko.

Gogoan dut oraindik Sjonarnipa-tik Skaftafellsjokull lehen aldiz begiztatu eta eskandinaviar mitologiako trol guztien hats hotza sentitu nuenekoa. Atzean nunatakak uzten zituen elur-jausi lasai hura Svinafellsjokull-en bila zihoan zuzen-zuzen. Gaur egun, bereizten ari dira. Iraganean batzen ari ziren. Beren oinetan zabaltzen den sandur izugarria, hots, itsasotik aldentzen duten errauts, arroka eta ur gozoko arrastoek osatua, dibortzio baten oroitzapen kezkagarria baino ez da. Eta paradoxikoa da, bitxia, gizakiaren esku arduragabeak ingurumenean duen eraginaren ondorioz paisaia ezin ederrago hauek sortzea; horren adibide, Jokulsarlon eta ezkutuago dagoen Fjallsjokull (azken honek Breitharlon-etik gertu askatzen ditu iceberg-ak).

Patagonia

Patagonia irudikatzean atzean Andeak dituen belarrezko itsasoa ikusten dugu. Gautxo menderaezin eta bakartiaren irudia da, eta tehueltxearena, lautadetako indio sutsuarena. Baina Patagonia hori baino gehiago da. Andeak mendilerroa gurutzatu eta Pazifikotik Atlantikoraino iristen da, Txileren hegoaldeko erdian eta Argentinan barrena. Patagonia ordoki amaigabeak dira, bai; baina baita zerua laztantzen duten mendiak ere. Andeak ez dira markoa, Andeak Patagonia bera dira. Eta mendi horien artean, izotza sortzen da.

Patagoniako izotz zelaiek Groenlandian eta Antartidan baino ez dute parekorik. Bi bloketan zatitutako izotz kontinentalak dira, bata iparraldean eta bestea hegoaldean. Guztira 21.000 kilometro koadroko eremua hartzen dute, Euskal Herri osoa baino handiagoa. Hegoaldeko zatia, zehazki, mota honetako munduko hirugarren eremu zabalena da. Latinoamerikako paisaia harrigarrienetakoak daude bertako goialde nabarren eta zurigune izoztuen artean.

Nabigatzen dugun bitartean kristalezko urdinek aztoratzen gaituzte. Tul umel moduko batez eginiko urdinak dira, denboraren sakontasunetik sortuak; añilak, aguamarinak, acianoak eta opalo ezin sinetsizkoak; delikatuak, irrealak eta hauskorrak dira. Gure inguruan flotatzen dute, izotz-pusketatik askatuz eta eguzkitan distira egiten duten zuritasunekin uztartuz. Patxadatsu, begi-bazterraz begiratzen diote Upsala erraldoiari, Argentinar Lakuko ur likidoekin noiz fundituko zain dauden bitartean. Iparralderago, Txilen, San Quintin eta San Rafael glaziarrak geratu dira, itxura menderakaitzeko bi pieza eder; bigarren hori itsasoaren mailara iristen den ekuatoretik gertuen dago.

Argentinara, Magallanes penintsulara, itzuliko gara, glaziar ezagunena denaren aurrealdea begiztatzeko, hots, Perito Morenorena. Egundoko ikuskizuna da labanaz ebakia dirudien bere aurrealdea lakua buxatzen eta kolapsatzen ikustea. Ez da egia atzera egiten ari den bakarra dela; badira gehiago munduan zehar; ez oso urrun, adibidez, bere lehengusu ederrak, Spegazzinik, berotegi efektuaren handitzeari desafio egiten dio. Horrek bezala, berdin Txileko Pio XII.ak, Hego Amerikako handienak. Ez da Balmaceda izoztuaren kasua, zintzilik, dilindan, uretara iritsi ezinda, nahiz eta antzina egiten zuen bidea garbi-garbi izan. Txilera itzuli gara. Balmacedaren ostean, Serranora eta bere urmaelera ailegatu gara, Paineko Dorreetara heldu aurretik. Urrunean Tyndal handia dakusagu. Baina Grey eta bere hiru aurrealdeetara, Dickson eta El Frances-eraino jarraitzen dugu, Paine Granderen gainean zintzilik dagoena.

Zeelanda Berria

Guretzako munduaren beste aldea dena gutxienik herrialde harrigarria da. Glaziarrak aurkituko ditugu espero ez genuen tokian, latitude horretan eta itsasotik hain hurbil. Uholde jelatu horien garapena ez da prozesu homogeneoa, aurreratze eta atzeratzeak gertatzen dira denbora tarte desberdinetan, azkenean emaitza atzeratzea edo aurreratzea izan. Zeelanda Berriko Hegoaldeko Uharteko glaziarrak dira horren adibide ona.

Bai Franz Joseph bai Fox, enblematikoenak, urteetan lotsati agertu ondoren 1984 eta 2009 artean izugarri hazten hasi ziren. Ordutik, azkar eta etengabe egin du atzera, batez ere lehenak. Eta hori bera gertatu da Hegoaldeko Alpeetan dauden dozenaka glaziarrekin; horien artean, Ruapehu, Iparraldeko Uhartean.

Baina bere horretan eusten diete xarma eta harritzeko gaitasunari. Gondwanako podokarpazeoz beteriko baso euritsuen artean aurrera egiten duten glaziarrak; goi mendietako kea izeneko loroek Aoraki-n, Cook mendi inguruan, hegaka goitik begiratzen dituzten glaziarrak; Tasman-a bezalako glaziar luzeak, Mueller-ek bezain morrena gris eta lokaztu nabarmenak dituztenak, edo Hooker bezala haran garaietan daudenak. Helikopteroz, beren zirkuen estalki leunean jartzera gonbidatzen gaituzte; oinez, bidezidor atseginetatik izotz itsaslabarretarantz gidatzen gaituzte.